Wikipedia, Entziklopedia askea

Karl Marx

👶
Jaiotza
1818ko maiatzaren 5a
Treveris
💀
Heriotza
1883ko martxoaren 14a
Londres
🔨
Lanbidea
ekonomialari
📷
Argazkiak
ikusi
Karl Marxen erretratua.

Marx sozialismo modernoaren (edo marxismoaren) aitatzat jotzen da. Haren idazlanik ezagunena Manifestu Komunista da. Lan horrek kapitalismoaren gizarte-sistema desagertzea eta gizarte berri, aske eta berdintasunezkoa sortzea aldarrikatzen zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karl Marx 1818ko maiatzaren 5ean jaio zen Treveris hirian, gaur egungo Alemanian. Bere gaztaroan literaturari buruzko interesa agertu zuen, baina unibertsitatean zuzenbidea ikasi zuen. Erlijioarekiko, Historiarekiko eta filosofiarekiko interesa garatu ondoren, Berlingo Humboldt Unibertsitatean matrikulatu zen eta Jenako Unibertsitatean Greziako filosofiako doktoretza jaso zuen 1841ean. Unibertsitatean egon zen bitartean, bere ikuspuntu sozialistarengatik eta erradikalismo politikoarengatik ezaguna izan zen.

Graduatu ondoren, lanean hasi zen kazetari, editore eta teorialari sozialista gisa. 1842an, Koloniako (Alemania) egunkari erradikal baten editore izan zen. Bertan, Friedrich Engels izeneko gazte sozialista ezagutu zuen, eta harekin batera hainbat ideia garatu zituen.

Gobernuaren zentsuraren ondorioz, Marxek Alemaniatik ihes egin eta Europan zehar bidaiatu behar izan zuen 1840ko hamarkadan. Garai hartan, Europako ia herrialde guztietako sistema politikoen aurkako artikuluak idatzi zituen eta Industria Iraultza bitartean Europan errotutako sistema kapitalista ere kritikatu zuen. 1848aren hasieran, Marxek eta Engelsek Manifestu Komunista izeneko testu batean landu zituzten gai horiek.

Manifestua idatzi eta hilabete batzuetara, masen iraultza lehertu zen Europan. Marx Koloniara itzuli zen, eta han langile iraultzaileen talde bateko kide aktibo bihurtu zen. 1849an, ordea, Marxek luzaroan espero izandako iraultza zapaldua izan zen eta Koloniatik berriro ihes egin behar izan zuen. Azkenik, Londresera joan zen bizitzera.

Bere bizitzako azken hiru hamarkadak Britaniar Museoaren liburutegian ikasten eman zituen, bai eta bere lanik garrantzitsuena idazten ere, Kapitala, lau liburuz osatuta dagoena. Marx politikoki aktibo egon zen bere azken urteetan eta Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata eta beste erakunde sozialista batzuk sortzen lagundu zuen. 1883ko martxoaren 14an hil zen, Londresen.

Ideiak eta eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxen ideia politikoek eragin handia izan dute mundu modernoan. Manifestu Komunistan, Marxek munduko langileek ordena kapitalista suntsituko zuen iraultza bat zuzenduko zutela aldarrikatu zuen. Iraultza gertatu ondoren, klaserik gabeko gizarte komunista sortuko zen. XX. mendean, bere burua komunistatzat zuten gobernu eta erregimen askok esan zuten beren gobernua Marxen lehen idazki horietan oinarrituta zegoela. Erregimen horietako lehena eta ezagunena Sobietar Batasuna izan zen.