Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Umeak irakurtzen.

Literatura-generoak literatura-testuak sailkatzeko erabiltzen diren kategoria edo multzoak dira; sailkapen hori testuen egituran nahiz edukian oinarrituta dago. Gaur egun ezagutzen diren ia literatura-genero guztiak antzinako Grezian sortu ziren eta handik, latinezko literaturara igaro eta literatura modernoetara gero.  

Nolabait, literatura-generoek aditzera ematen digute nola irakurri behar den obra bat, horiengandik zer espero behar den, horren ezaugarri garrantzitsuenak zeintzuk izango diren... Adibidez, literatura-lan narratibo bat irakurtzen dugunean, idazlearen irudimenak sortutako historia bat espero dugu. Aldiz, saiakera literario batean, idazleak gai erreal bati buruzko ikuspuntu propioa ematea espero dugu, eta ez asmatutako ikuspuntu bat.

Zeintzuk dira literatura-generoak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora igaro ahala, literatura-generoak aldatzen joan dira; izan ere, genero horiek une jakin batean egiten den literaturari erantzuten baitiote. Gaur egun, lau genero handi bereizten ditugu:

  • Genero narratiboa: fikziozko kontakizun asmatuak dira eta narratzaile jakin batek kontatzen ditu. Genero honen barruan aurkitzen dira eleberria eta ipuina.
  • Genero poetikoa: lengoaiaren erritmo eta estetikaren bidez, sentimendu subjektiboak adieraztea bilatzen duten testuak dira. Bertsoetan eta errima erabilita idatzi daitezke, baina prosan idatzitako testu poetikoak ere badaude. Poemak, erromantzeak, koplak, haikuak... daude genero honen barruan.
  • Genero dramatikoa: testu hauen helburua antzoki batean antzeztea izaten da. Pertsonaia bat edo batzuk dituzten fikziozko historiak dira eta ez dute narratzailerik izaten. Genero honetan tragedia, komedia eta tragikomedia aurki ditzakegu.
  • Saiakera: genero honetan, idazleak modu libre, subjektibo eta didaktiko batean gai bati buruz jarduten du. Beste modu batean esanda, autoreak hausnarketa bat eskaintzen digu eta gai horri buruzko bere iritzia adierazten du. Horretarako bere pentsamenduak eta konklusioak azaltzen ditu.

Literatura generoen aurrekariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letrei buruzko lan artistikoak sailkatzeko lehen saiakera Aristoteles filosofo greziarrak egin zuen bere Poetika lanean, K.a. IV. mendean. Sailkapen horretan, gaur egunean ezagutzen ditugun generoen aurrekariak diren honako hauek azaltzen ziren:

  • Lirika: gaurko poesiaren baliokidea, nahiz eta kantutik ere oso gertu egon. Genero honetan, autoreak bertsoak konposatzen zituen lengoaia propio baten bidez gai jakin bati buruz zituen sentimendu, subjektibitate eta emozioak adierazteko. Antzinako Grezian eta Erroman mota horretako poesia audientzia txiki baten aurrean lira izeneko instrumentu musikal batez errezitatzen zenez, literatura-genero horri Lirika izena jarri zioten.
  • Epika: narratibaren antzekoa da, baina zibilizazio jakin baten iraganeko kontakizun legendario edo gertakari mitikoak kontatzen zituen (adibidez, Homeroren Iliadaren kasuan, Troiako Gerra). Poesia epikoan kultura horietako heroien balentriak kantatzen ziren eta historia horiek iragan legendario batean gertatu eta ahoz aho transmititu ohi ziren. Hori dela eta, ahozko poesia bat zen eta horrek bertsoak osatzeko modua ere zehazten zuen. Garai haietan, epika rapsodek kantatzen zuten.
  • Drama: gaur egungo antzerkiaren parekidea. Elkarrizketa forman idatzitako antzezlanak ziren eta pertsonaiek narratzaile gabe hitz egiten zuten. Drametan, egileak mota desberdinetako gatazkak planteatzen zituen eta prosaz nahiz bertsoz idatzita egon ahal ziren. Antzezlan gehienek jatorri erlijiosoko mito eta kontakizunak jorratzen zituzten.