Malta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
465.292
🔎
Azalera
316 km²
🏙️
Hiriburua
Valletta
📷
Argazkiak
ikusi
Maltaren kokapena.

Malta Mediterraneoan dagoen uharte bat eta Europako herrialde bat da. 416.000 biztanle inguru zituen 2011ko erroldako datuen arabera, eta Valleta da hiriburua. Europar Batasuneko kide da.

Ingelesa eta Maltera dira hizkuntza ofizialak. Maltera arabieratik datorren hizkuntza da, baina italierazko eta sizilierazko hitz asko ditu eta alfabeto latinoa erabiltzen du.

Maltako bandera.

Turismoa da herrialde honetako ekonomiaren jarduera nagusia. Itsasontzien konponketak eta beste zerbitzu batzuek ere garrantzia dute. Nekazariek barazkiak eta fruituak hazten dituzte batez ere.

Geografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxi gorabehera, Mediterraneoaren erdialdean dago, Siziliatik hegoaldera, 93 kilometrora. Herrialdeak bost uharte ditu, Malta, Gozo, Comino, Kemmunett (Comminotto) eta Filfla, eta haietatik handiena da Malta. Filfla izenekoan ez da inor bizi. Uharte lauak eta harkaiztsuak dira.

Maltak uda lehorrak eta negu hotz eta euritsuak ditu. Ibairik ez dago eta lurralde lehorretara ohitutako landareak bakarrik aurki daitezke bertan: pikuondoak, olibondoak, algarroboak eta pinuak, batez ere.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maltako uharteak duela 5.000 urte baino gehiago hasi ziren biztanleak edukitzen. Garai historikoetan, Kartagoko biztanleek inbaditu zituzten K.a. 500. urte inguruan; geroago, erromatarrek okupatu zituzten K.a. 218. urtetik aurrera.

Beste hainbat herrik inbaditu zituzten uharte hauek geroago: bandaloek, arabiarrek, normandiarrek eta aragoiarrek, adibidez; geroago, Jerusalemgo San Juan Ordenaren (gero Maltako Ordena deitu zenaren) zaldunen esku geratu zen herrialde hau. Ordena honek hainbat jauregi eta gotorleku eraiki zituzten bertan. XIX. mendean, 1814tik aurrera, Erresuma Batuaren kontrolpean geratu zen 1964ra arte (horregatik ingelesa da hizkuntza ofiziala oraindik). Urte hartan, independentzia lortu zuen; eta 2004an Europar Batasunean sartu zen.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]