Wikipedia, Entziklopedia askea

Martin Luther King

Eduki-taula

👶
Jaiotza
1929ko urtarrilaren 15a
Atlanta
💀
Heriotza
1968ko apirilaren 4a
Memphis
🔨
Lanbidea
eskubide zibilen aldeko ekintzaile
📷
Argazkiak
ikusi
Martin Luther Kingen erretratua.

Martin Luther King eskubide zibilen aldeko mugimendu baten buru izan zen Estatu Batuetan XX. mendean. Protesta baketsuaren bidez eta indarkeriarik gabe Estatu Batuetako afro-amerikarrentzako eskubide-berdintasuna lortzen saiatu zen. 1964an Bakearen Nobel Saria eman zioten.

King Atlanta hirian (Georgia estatuan), jaio zen 1929ko urtarrilaren 15ean. Hiru urtez ikasi zuen Pennsylvaniako apaiz-eskola batean. Bertan bereganatu zuen protesta baketsuaren ideia. 1955ean, Bostongo Unibertsitatean doktoregoa lortu zuen. Bostonen zegoela, Coretta Scott ezagutu zuen, 1953an ezkondu ziren eta lau seme-alaba izan zituzten.

1954. urtean, Montgomery hiriko (Alabama) eliza baptista bateko apaiz bihurtu zen. 1955an Rosa Parks izeneko emakume afro-amerikar batek uko egin zion Montgomeryko autobus batean gizon zuri bati eserlekua uzteari. Segregazio-legea hausteagatik atxilotu zuten; horrelako legeak beltzak eta zuriak banatuta mantentzeko zeuden. Atxiloketarengatik protesta egiteko, Kingek afro-amerikarrak hiriko autobusetan ez bidaiatzera bultzatu zituen. Boikota arrakastatsua izan zen eta 1956an Estatu Batuetako Gorte Gorenak arraza-bereizketa debekatu zuen garraiobide publikoetan.

1959an Indiara joan zen. Bertan Mahatma Gandhiren jarraitzaileekin elkartu zen. Gandhik protesta baketsuak erabili zituen Indiaren independentzia eskatzeko. Bidaia hark are gehiago indartu zuen Kingek zeukan indarkeria ezaren aldeko jarrera.

Kingek Hegoaldeko Kristau Lidergoaren Konferentzia izeneko talde bat antolatu zuen 1957an. Taldeak arraza-segregazioaren aurkako protesta baketsu asko antolatu zituen. 1963an Birminghameko (Alabama) manifestazio batera batu zen. Poliziak manifestariei eraso eta King atxilotu egin zuten.

1963ko abuztuan, Kingek eta eskubide zibilen aldeko beste ekintzaile batzuek 250.000 pertsona inguru batu zituzten «Washingtonerako martxa» izeneko protestan. Bertan Kingek «Amets bat dut» hitzaldi ezaguna egin zuen.

Kingek lanari esker, Estatu Batuetan Eskubide Zibilen Legea onartu zen 1964an. Lege horrek hainbat segregazio mota debekatu zituen. 1965ean, Kingek afro-amerikarren boto-eskubidearen aldeko martxa batean parte hartu zuen Selma hirian (Alabama). Laster onartu zen 1965eko Boto-eskubideen Legea.

1966an beste arazo batzuei ekin zien. Iparraldeko hirietako arrazakeriaren aurka agertu zen, baita Vietnamgo gerraren aurka ere. Washington hirirako Pobreen Martxa antolatu zuen.

1968an Memphis hirira (Tennessee) joan zen, greban zeuden hiriko langileei laguntzera. Bertan, apirilaren 4an, James Earl Ray izeneko gizon zuri batek tiro egin eta hil zuen. Kingek 39 urte besterik ez zuen.

King hil eta gero, haren ospeak handitzen jarraitu zuen. 1986az geroztik, Estatu Batuetan, urtarrileko hirugarren astelehenean, haren omenezko jai-eguna ospatzen dute.