Wikipedia, Entziklopedia askea

Metamorfosi (biologia)

Tximeletaren metamorfosia.

Metamorfosia animalia batzuen gorputzean gertatzen den aldaketa handi bat da. Bizitza hasieratik helduarora bitartean gertatzen da. Gehienbat intsektuei gertatzen zaie, adibidez tximeletei eta sorgin-orratzei, baina igelei ere gertatzen zaie. 

Animalia guztiek jasaten dituzte aldaketa handiak gorputzaren forman enbrioiak direnean eta jaio aurretik garatzen ari direnean. Baina metamorfosia gertatzen zaien animaliak jaio ondoren aldatzen dira. Espezieen fisionomian aldaketa hori gertatzen zaienean sarritan habitata eta portaera ere aldatzen dituzte.

Metamorfosia bizitzen duten animaliak hiru etapatatik pasatzen dira jaio ondoren: lehen etapan, arrautzatik jaiotzen den animalia larba bat izango da, ez du helduaroan izango duen formaren antzik izango, eta gai da inguruan daukanaz elikatzeko. Bigarren etapan, lehen etapako larba hori babesten duen estaldura baten barruan sartuko da, ez da mugitzen eta ez du jaten; estaldura horri pupa deitzen zaio. Pupa horren barruan intsektuaren gorputz osoa eraldatu egiten da, eta helduaroan izango duen forma hartzen hasten da. Azkenik, intsektua pupatik ateratzen da, jada heldutan izango duen gorputzarekin.

Adibide batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tximeletak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tximeleta bat krisalidatik irteten.

Tximeletak arrautzatik ateratzen direnean larbak izaten dira; beldar deitzen zaie, eta landareak jaten dituzte. Beldarrek buruan bi antena eta hamabi begi izaten dituzte. Ahoan geroago pupa egiteko behar duen zeta sortzen lagunduko dioten guruin batzuk dauzka.

Espezie bakoitzak denbora-tarte ezberdina igarotzen du lehen etapan, tenperaturaren arabera. Tximeleten bigarren etapako estaldura edo kuskuari krisalida deitzen zaio. Krisalida geldirik egoten da, haren barruan aldaketak gertatzen dira eta ehunak berrantolatzen dira: zeta-guruinak listu-guruin bihurtzen dira, ahoa tronpa bihurtzen da, zangoak ateratzen zaizkie eta askoz gehiago.

Krisalida-egoerak gutxi gorabehera hiru aste irauten ditu. Tximeleta jada ateratzeko prest dagoenean krisalidaren azala findu egiten da. Azkenean tximeletak krisalida puskatu egiten du eta atera egiten da. Ordu bat edo bi geroago hegoak gogortu egiten dira eta hegan egiteko gai izaten da.

Igelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igelaren metamorfosiko hiru etapak.

Igelak anfibioak dira, hau da, uretan edo lurrean bizi dira. Baina metamorfosiaren lehenengo bi etapetan uretan bizitzen dira. Igelek arrautzak uretan uzten dituzte, eta handik ateratzen diren zapaburuek (larba) arrainen antza izaten dute. Brankia edo zakatzak dituzte, eta horregatik uretan arnasa hartzeko gai izaten dira, igeri ere egiten dute. Zapaburuak handituz joaten dira metamorfosia iritsi arte.

Metamorfosian zapaburuei brankiak erortzen zaizkie eta azalaren egitura aldatu egiten zaie, larruazal arnasketa ahalbidetzeko. Buztana erortzen zaie, organo eta gorputz-adar berri batzuk sortzen zaizkie, zangoak esaterako (lehenik atzekoak eta gero aurrekoak). Garezurra, kartilagoz egina zegoena, hezur bihurtzen da. Metamorfosia amaitzen denean igelak igerian edo lurrean egon daitezke, baina betiere toki heze batean.