Wikipedia, Entziklopedia askea

Uren banalerroa

Euskal Herriko uren banalerroa.

Uren banalerroa aldamenean dauden bi ibai-arroren arteko muga da; batzuetan, mapetan, irudizko lerro bat balitz bezala irudikatzen da, mendien mailarik garaienak lotuz. Banalerro horren bi aldeetako bakoitzari isurialde deitzen zaio, haien alderantz isurtzen baita lurrera erortzen den euri-ura; hau da, euri-ura bi ibai-arroetako baterantz eta hango ibaietarantz isurtzen da, eta horregatik esaten da ura banatu egiten duela irudizko lerro horrek.

Euskal Herriko uren banalerroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian bi ibai-arro eta bi isurialde ditugu: Atlantikoko isurialdea eta Mediterraneoko isurialdea. Horrek esan nahi du euskal ibaietako batzuk Atlantikoan itsasoratzen direla eta beste batzuk, berriz, Mediterraneoan. Beraz, bi ibai-arro egonda, Euskal Herrian uren banalerro bat dugu; banalerro horrek bi eremu handitan zatitzen du euskal lurraldea:

  • Iparraldeko edo Atlantikoko isurialdea: Iparraldeko hiru probintziak, Gipuzkoa eta Bizkaia osoa eta Arabako zati txiki bat hartzen ditu.
  • Hegoaldeko edo Mediterraneoko isurialdea: Arabako zatirik handiena eta ia Nafarroa osoa hartzen ditu.

Euskal Herriko uren banalerroa markatzen dutenak honako hauek dira: Gorobel mendilerroa, Gorbeia, Anboto, Elgeako mendilerroa, Aizkorri, Etzegarate, Aralar, Azpirozko mendatea, Uitzi mendatea, Belate, Saioa mendilerroa, Okoroko mendilerroa, Ibañeta eta Pirinioetako mendiak.