Edukira joan

Urrelilien Iraultza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Urrelilien Iraultza
1917-1923ko iraultzak
Hungariar soldadu urrelilidunak
Data1918ko urriaren 8 - 31
LekuaHungaria Budapest
EmaitzaIraultzaileen garaipena
Austria-Hungariako Inperioaren desagerpena
Lehenengo Mundu Gerraren amaiera Hungarian
Gudulariak
Hungaria Hungariako Kontseilu Nazionala Austria-Hungariako Inperioa Austria-Hungariako Inperioa
Buruzagiak
Hungaria Mihály Károlyi Austria-Hungariako Inperioa Karlos I.a
Austria-Hungariako Inperioa János Hadik

Urrelilien edo Krisantemoen Iraultza (hungarieraz: Őszirózsás forradalom) Lehen Mundu Gerraren amaieraren testuinguruan gertatutako iraultza izan zen, Mihály Károlyi kondeak zuzendurik. Iraultzaren ondorioz Lehen Hungariar Errepublika osatu zen, denbora motz batez iraun zuena.[1][2]

Urrelilien Iraultza (fase ezberdinekin) 1918ko urriaren 28tik 31ra iraun zuen eta Mihály Károlyiren pazifisten garaipenarekin amaitu zuen. Iraultza hainbat herrikoi matxinaden ostean eman zen eta Austria-Hungariako Inperioaren zatikatzea ofizialtu zuen. "Urrelili Iraultza" izena urrelili loreatik eratorri da, matxino askok (soldadu-ohiak gehienak) lorea iraultzaren sinbolo gisa hartu baitzuten.[3]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918ko erdirako jada argi zegoen Erdialdeko Inperioek gerra galduko zutela. Udaberriko alemaniar ofentsiba (Kaiserschlacht-a), potentziala izan bazuen ere, uztailerako jada porrotean amaitu zen. Mendebaldeko frontean Aliatuek pixkanaka-pixkanaka lurrak berreskuratzen ari ziren eta Alemaniak gero eta tropa gutxiago zituen hauei aurre egiteko, gero eta Estatubatuar tropa gehiago iristen ari ziren bitartean. Beste fronteetan ere gainbehera gero eta argiagoa egin zen. Piaveko Bigarren ofentsibaren porrotaten ondorioz Austria-Hungariarrek Italiako frontean atzera-egite nahasian zeuden. Are larriago, irailaren erdialdean Aliatuek bulgariarrek zuzendutako Mazedoniar Frontea apurtu zuten eta irailaren 29an Bulgaria errenditu zen. Hegoaldeko hegala guztiz hutsik, Austriako armadaren egoera jasanezina bihurtu zen.

Honela, Austria-Hungariako agintaritza nagusiak bazekien gerra osteko bake itunetan inperioa zuzenean desegiten ez bazuten ere, lur asko galduko zituztela. Aliatuek Errumaniari eta Italiari lurralde-kontzesio handiak agindu zizkieten gerran sartzeko, eta hauek haien zatia hartzeko irrikan zeuden. Hala ere, iritzi desberdinak izan ziren Austria-Hungariako etorkizuneko banaketari buruz (1918ko urtarrilean Woodrow Wilsonen Hamalau Puntuek herrien "garapen autonomoa" baino ez zuten eskatu). Bitartean, Ententeko botereen artean, Italiak babestutako txekiarrek eta hegoaldeko eslaviarrek gero eta eskaera handiagoak zuten. Aparteko bake ituna negoziatzeko saioen porrotaren ondoren, Enteko buruzagien arteko planek gero eta gehiago lagundu zuten austrohungariar monarkia desegiten.[4] 1918ko udarako, Ententeak Txekoslovakiako Kontseilu Nazionala aitortu zuen Txekoslovakia independente baten etorkizuneko gobernutzat. Beraz, austriar-hungariar bake-proposamenak, Hamalau Puntuetan oinarrituak, baztertu egin ziren.[4]

Bere inperioa salbatzeko azken ahaleginean, Karlos enperadoreak, urriaren 16an, Kontseilu Nazionalen eraketa legitimatu zuen eta Völkermanifest-a argitaratu zuen, austria-hungariar inperioaren zati Austriarraren federalizazioa aldarrikatuz. Horrek, ordea, gainbehera bizkortu besterik ez zuen egin: urriaren amaierarako kontseilu nazional gehienek sezesioa iragarria zuten, baita austriar alemaniarrek ere.

Hungarian, urriaren 17an, Sándor Wekerleren Hirugarren Gobernuak 1867ko Konpromisoa apurtu zuen, Austriarekin batasun pertsonala soilik mantenduz. Egun berean, István Tisza lehen ministro ohiak gerra "galdua" deklaratu zuen Parlamentuaren aurrean. Aurre egin ezinik, Wekerlek dimisioa eman zuen urriaren 23an.

Karlos enperadorea (Wekerleren dimisioaren garaian Godojosen egon zena, baina Vienara itzuli behar izan zuena egoeraren okertzearen ondorioz) Mihály Károlyi lehen ministro izendatzeko prest zegoen, egoera egonkortzeko. Iritziz aldatu zuen Hungariako politikari ospetsuen aholkuei jarraituz, hala nola Gyula Andrássy (orduan Atzerri ministro izendatu berria). Ondorioz, inperioaren hungariar zatia urriaren 30era arte geratu zen lehen ministrorik gabe. Bien bitartean, Austriako Josef August artxidukea homo regius izendatu zuten, Hungariako gobernadore.

Ententeak urriaren 24an hasi zuen Italiako Fronteko azken erasoa, austriar armada jada desegiten ari zen bitartean. Hungariar soldadu askok armak bota eta Hungariara azkar ihes egin zuten, egoera are gehiago konplikatuz.

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918ko urriaren 23an, Wekerlek dimisioa eman zuen gauean, Hungariako Kontseilu Nazionala sortu zen oposizioko indarren aldetik, horien artean nabarmenena Mihály Károlyi eta bere Independentziaren eta (18)48ko alderdia. Harekin Oszkár Jásziren Alderdi Erradikala eta Hungariako Alderdi Sozialdemokrata ere batu ziren. Astoria hotelean kokatu zuten egoitza, Pest erdialdean. Bi egun geroago, Imre Csernyák tenienteak Soldaduen Kontseilua sortu zuen. Bi egun geroago, urriaren 27an, Kontseilu Nazionalak Indar Armatuen Batzordeko Károlyi buru izendatu zuen.

Ordurako, protestak hasiak ziren Budapesteko kaleetan Austriatik at zegoen Kontseilu Nazional baten alde, eta Károlyi lehen ministro gisa eskatzen zuten. 1918ko urriaren 28an jendetza (Istvan Friedrich politikaria tartean) Budako gaztelura joaten saiatu zen. Kateen Zubia zeharkatzen ari zirela atzeman eta tiro egin zien poliziak. "Katearen zubiko bataila" honek 3 hildako eta 50 zauritu baino gehiago utzi zituen, eta jendetza sutu besterik ez zuen egin. Geza Lukatxitx, Budapesteko agintari militarra, ordena mantentzeko agindua jaso zuen. Nahiz eta Kontseilu Nazionalaren kontra gogor jarri, bere indarrek berehala desertatu zuten, iraultza geldiarazteko indarrik gabe utziz.

Iraultza bera Urriaren 30ean piztu zen, enperadoreak János Hadik lehen ministro izendatu zuenean. Gizella térren (egungo Vörösmarty plaza) kokatutako soldaduek Kontseilu Nazionalari leialtasuna zin egin zioten. Ohikoa zen arrosa txanoen gainetik kendu zuten, urrelili batez ordezkatuz. Urreliliek berehala ikur iraultzaile bihurtu ziren. Egunean zehar, Soldaduen Kontseiluak hiriko puntu estrategikoak hartu zituen eta preso politikoak askatu zituen. Bereziki, Béla Szántóren ekimenez, ekialdeko tren-geltokitik zetozen bi konpainia militarren garraioa blokeatu zuten, hauek iraultzara jo eta trena bera arpilatu zutelarik. Sindikatuek Budapestetik eta Budapestera joateko bideak itxi zituzten. Telefonia lekuak, posta eta bankuak hartu zituzten. Lukatxix bera atxilotu zuten ere. Une hartan, Kontseilu Nazionalak, liskar bortitzak saihestu nahirik, kontrola galdu zuen. Haien kideek Astoria hotelean eman zuten gaua, kanpoan gertatzen ari zenaren ezagutzarik gabe.[5]

1918ko urriaren 31ko goizean, János Hadik enperadoreari deitu eta bere dimisioa jakinarazi zion. Hamazazpi ordu eskas zeramatzan lehen ministro, Hungariako historiako agintaldirik laburrena. Enperadorea errukitu egin zen, Károlyi lehen ministro izendatu zuen, eta Kontseilu Nazionaleko alderdiekin gobernua osatzeko eskatu zion. Károlyik bere kabinetea bildu zuen egun hartan. Iraultzak ez zuen Hungariaren egoera juridikoa aldatu, gobernu berriak erregeari zin egitera behartuta baitzegoen. Hala ere, iritzi publiko erradikalizatuaren beldurrez, Károlyik hurrengo egunean, azaroaren 1ean, bere zina arintzeko eskatu zuen. Jarraian gobernuak Hungariako Kontseilu Nazionalari zin egin zion.[3]

István Tisza, lehen ministro ohia, jendetza iraultzailearen haserrearen jomuga bihurtu zen, gerraren errua berari egotziz. Urriaren 31ko arratsaldean hil zuten soldaduek, hiriaren parkearen ondoko bere etxean.

Budapesteko iraultza nahiko odolgabea izan zen arren, indarkeria eta arpilatze olde batek herrialdea zeharkatu zuen, soldadu itzuliek hondamena eragin baitzuten ordena zaharreko ordezkarien aurka. Tokiko administrazioa eta jendarmeria erori zen, tokiko kontseilu nazionalek eta berez eratutako entitate paramilitarrek ordezkatuta, tokiko interesak babesteko. Gobernuak Guardia Nazionala (Nemzetcérség) bezala formalizatu eta arautu nahi izan zituen. Magyarrak ez ziren eremuetan istiluak izaera etnikoa hartu zuten. Istiluek azaro eta abenduan zehar iraun zuten, eta leku askotan tropa txekiarren, errumaniarren, serbiarren edo frantsesen etorrerak bakarrik berrezarri zuen ordena.[6]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean Károlyiren gobernuak independentzia aldarrikatu ez bazuen ere, Habsburgotarren gainbehera Austrian prozesua azkartu zuen. Azaroaren 13an, Austriako tronurako antzeko aldarrikapen bat egin ondoren, Karlosek Hungariari estatu berriaren forma zehazteko ahalmena eta Hungariako arazoetatik erretiratzen zela aitortu zuen (zuzenean uko egin ez bazuen ere, aurrerago arazoak sortuko zuena). Honek bide legala ireki zuen "Hungariako Herri Errepublika" bezala 1918ko azaroaren 16an independentzia osoa aldarrikatzeko. Károlyi, lehen ministroa zena, behin-behineko estatuburu ere izango zen. Egun hartan bi parlamentu-etxeak desegin ziren, eta Hungariako Kontseilu Nazionala batu zen, iraultzaren garaian herrialde osoan sortu ziren tokiko kontseiluak ordezkatzen zituena. Kontseilu Nazional hau behin-behineko legegintzaldi bat izango zen Károlyiren erregealdi osoan, azkenean ez baitzen hauteskunde librerik egingo.[3]

Gerra amaituta ere, Hungariako Honved-Errege armadak 1.400.000 soldadu baino gehiago zituen oraindik Mihály Károlyi Hungariako lehen ministro izendatu zutenean.[7][8] Károlyik amore eman zuen Woodrow Wilson AEBetako presidentearen bakezaletasunaren eskariaren aurrean, hungariar armadaren desarmea totala aginduz. Béla Linder Károlyiren gobernuko gerra-ministroaren zuzendaritzapean gertatu zen hori. Hungariako armadaren desarmeak Errumaniako armada txikiarentzat, armada frantziar-serbiarrarentzat eta Txekoslovakia sortu berriko indar armatuentzat zuzenean ahalbidetu zuen Hungariaren okupazioa. Károlyiren kabinete bakezalearen agintaldian lur hungariar ohien %75a galdu zuten (325 411 km2), ia erresistentziarik gabe.

1919ko martxoan putsch komunista batek Hungariako Sobietar Errepublika ezarri zuen, aurreko egoerarekin amaituz. Sobietar Hungaria berehala erori zen barne-nahigabearen eta Errumaniako inbasio baten ondorioz, eta, Herri Errepublikaren berpizkunde labur baten ondoren, monarkia berrezarri zen, orain herrialde independente gisa (baino erregeordetza baten menpe).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Cornelius, Deborah S.. (2011). Hungary in World War II: caught in the cauldron. (1st ed. argitaraldia) Fordham University Press ISBN 978-0-8232-3343-4. PMC 630467886. (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
  2. (Ingelesez) et alii, Rudnytsky. (2000). Ferenczi's Turn in Psychoanalysis. NYU Press, 43 or..
  3. a b c József, Breit. (1929). Hungarian Revolutionary Movements of 1918-19 and the History of the Red War, Vol. I : Main Events of the Károlyi Era. , 115-116 or..
  4. a b Ormos, Mária. (1998). Magyarország a két világháború korában (1914 - 1945). Csokonai Kiadó ISBN 978-963-260-115-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
  5. Gratz, Gusztáv. (1992). A forradalmak kora: Magyarország története, 1918-1920. Akadémiai Kiadó ISBN 978-963-05-6270-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
  6. (Hungarieraz) «„Most már nincsen csendőr, nincsen tehát rend sem” – fosztogatás és erőszakhullám az első világháború után» telex 2024-02-11 (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
  7. (Ingelesez) Kitchen, Martin. (2014). Europe Between the Wars. Routledge ISBN 9781317867531..
  8. Romsics, Ignác. (2002). The dismantling of historic Hungary: the Peace Treaty of Trianon, 1920. East European Monographs ; Distributed by Columbia University Press ISBN 978-0-88033-505-8. (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]