Wilsonen zikloa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Wilsonen zikloa adierazten duen irudia. Bertan, superkontinenteen garaiak eta kontinente txikiagoenak ikus daitezke, era grafikoan.

Wilsonen zikloa edo ziklo superkontinentala John Tuzo Wilson geologoak proposatutako teoria bat da, gaur egun onartua, laurehun eta bostehun milioi urte bitartean Lur planetan urgaineratuta dauden lur-masa guztiak batu egiten direla babesten duena, hala, superkontinente bat eratuz.[1]

Egun badakigu gure planetaren lurrazal esferikoa higitzen diharduten plaka tektonikoek osatzen dutela eta beraz, goiz ala berandu elkarren aurka talka egiten dutela, batzuetan subdukzio prozesuak eraginez. Talka hauen ondorioz, azkenean kontinente guztiak elkartu egiten dira, superkontinente bat osatuz (Wegenerrek eratu zen azkenari Pangea deitu zion). Ziklo hau behin baino gehiagotan errepikatu da Lurraren historian, superkontinenteek ez baitute betirako irauten baturik, azkenean, planetaren barne-beroak gandor termikoak sortzen baititu, lur masa erraldoiak zatitzearen erantzuleak.[1]

Hau hala izanik, esan dezakegu urgaineratuta dauden lur-masak zatitu eta batu egiten direla, alabaina, ozeano azpiko lurrak sortu eta suntsitu egiten dira.

Zikloaren etapak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wilsonen zikloak lau etapa dituela esan dezakegu, etengabe errepikatzen direnak, baina oso mantso. Jarraian azaldurik daude etapa bakoitzean gertatzen diren prozesu geologiko edo aldaketak.[1]

  1. Zikloaren hasieran superkontinente bat dugula eman dezakegu. Superkontinentea hausten hasiko da, sarritan, kanpo-nukleoa eta mantuaren artean dagoen D´´ geruzatik, konbekzio korronteen eraginez, mantuan gora igotzen hasten diren material urtu kiskaliengatik. Kiskalitako material hauek gandor termikoak osatzen dituzte, azkenean lurrazaleraino iristen direnak, puntu beroak sortuz. Puntu bero hauen azpian pilatzen den magmak nekez lortzen du irtetea (kontinente-plaka oso sendoa da), horregatik, gehiena lurpean pilatzen da, lurrazala presionatuz. Bestalde, gandor termikoak igortzen duen beroak lurrazala dilatatzen du, hala, honek dentsitatea galtzea eraginez. Presioak eta dentsitate galerak, lurrazalean sabeldurak sortzea eragiten du, ehunka metrokoak batzuetan, hauen ondorioz, lurrazalean distentsioa gertatzen da, hausturaren aurrekaria.
  2. Haustura-eremu honi rift izena ere jartzen zaio eta bertan, adibidez, inguruko sumendien ondorioz, magma basaltikoa sar daiteke. Magma basaltikoa dugu lurrazal ozeanikoaren osagai nagusia, beraz, litosfera ozeanikoa eratzen da rift horietan. Hortaz, ozeano jaioberri bat sortzen da superkontinentearen barnean, laster honen banaketa eragingo duena.
  3. Ozeano berriak superkontinentearen banaketa eragingo du eta zabaltzen hasiko da, superkontinentea eratzen zuten plakak gero gehiago bananduz. Halako batean, litosfera ozeanikoa hautsi egingo da kontinentetik hurbil, subdukzio-eremu bat sorraraziz. Dortsal ozeanikotik irteten den magma basaltikoak, ozeanoaren zabaltzeaz arduratzen denak, ezingo du subdukzioan azpiratzen den material kantitatea berdindu, beraz, litosfera ozeanikoa murrizten joango da.
  4. Litosfera ozeanikoaren murrizte honek banandutako bi kontinenteak poliki-poliki elkartuko ditu, ozeanoaren hondoa txikituz eta honen azalera murriztuz. Goiz ala berandu, bi kontinenteek berriz talka egingo dute, superkontinente berri bat eratuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Biologia eta Geologia Zubia 41. orrialdea ISBN 9788491082231.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]