8-13 urtekoentzako bertsioa ikusteko, klikatu hemen.

Lurrazal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Lurraren egitura. 1: lurrazala.
Lurrazal motak mantuaren gainean.

Lurrazala Lurraren geruzarik azalekoena da. Bi mota ezberdin daude: lurrazal kontinentala eta lurrazal ozeanikoa. Ez du lodiera konstantea: hondo ozeanikoetan 7 km eta kontinenteetako gune menditsuetan 70 km izatera heldu daiteke. Geruza honetan, elementu ohikoenak silizioa eta oxigenoa dira. Lurrazal ozeanikoare konposizio kimikoa nahiko homogeneoa du, kontinentala berriz mota askotako harriz osatua dago. Lurrazala prozesu igneoen ondorioz sortu da. Lurrazal kontinentala gehien bat granodioritaz osatuta dago eta lurrazal ozeanikoa gehien bat basaltoz.[1]

Lurrazal ozeanikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lurrazal ozeaniko»

Lurrazal ozeanikoak lurraren azaleraren %75 betetzen du. Ozeanoaren hondoa eratzen du eta 10 kilometroko lodiera du. Basaltoz osatuta dago, arroka bolkaniko beltz eta dentso bat da. Batzuetan, olibino kristal berdeak ere izaten ditu. Lurrazal ozeanikoa sedimentu geruza batek estaltzen du eta kontinenteetatik hurbil lodiera handia izan dezake geruza horrek. Baina ozeanoaren erdiko aldean litekeena da oso gutxi egotea edo sedimenturik ez izatea. Lurrazal kontinentala baino meheagoa da eta hiru mailetan ezberdindu daiteke. Beheko maila mantuaren goian kokatzen dena da, hirugarren maila deiturikoa, hauen arteko muga Mohorovicic diskontinuitateak ematen du. Geruza hau gabroz, arroka plutoniko basikoz, osatuta dago. Honen gainean basaltoz osaturiko bigarren maila kokatzen da, gabroen konposizio bereko arroka bolkaniko basikoa. Maila honen beheko aldea lodiera handiko dikeez osatutako gunea da, goiko aldea aldiz, basaltozko kuxin labaz osatuta dago. Laben eta itsasoko uren arteko kontaktuaren eraginez sortutako solidifikazio azkarreko egiturak dira kuxin labak. Basaltoen gainean lehenengo maila dago, sedimentuz osatua, ozeano erdiko gunea sedimentu pelagikoz osatua hauek kostalderantz joan ahala terrigenoagoak bihurtzen direlarik. Hawaii eta Islandia basaltoaren pilaketaren adibideak dira.

Ozeanoen hondoaren hedaduraren teoriaren arabera, dortsalak litosferako hausturak dira eta hortik mantuko materiala ateratzen da. Ateratako materiala laba basaltikozko koladak dira. Solidotzerakoan, lurrazal ozeanikoa eratzen du labak eta orduan, bi alboetarantz bultza egiten du. Horren ondorioz, ozeanoa zabaltzea behartzen du eta kontinenteak beraien artean urruntzea ere.

Lurrazal ozeanikoaren banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

3 geruzatan banatzen da:

1.Geruza: sedimentu eta arroka bolkanikoz osatuta dago. 5-6 kilometroko sakoneran aurkitzen da eta 1-2 kilometrotako lodiera du. Geruza honetan uhin sismikoen abiadura 1,5 km/s - 4,5 km/s artekoa da.

2.Geruza: Arroka mafikoz edo mafiko-bolkanikoz osatuta dago. 1-2 kilometrotako lodiera du eta uhin sismikoen abiadura 4,5 km/s - 6,5 km/s -koa da. Dikez eta kuxin labez osatuta dago geruza hau. Lehenengoak garrantzitsuak dira, zeren eta beraiei esker dortsalen posizioa ezagutzen laguntzen digute zenbait kasutan.Ehundura ofitikoa dute, hau da,Augitako kristal handiak zeintzuk gordetzen dituzte total edo partzialki Plagioklasako kristal luzeak; piroxenoz eta plagioklasaz osatuta. Kuxin labak, berriz, oso konpaktatuak daude baina Chert noduluak izan ditzake eta diabasa eta karbonatoak ere.

3.Geruza: Arroka ultramafikoez osatuta dago, Gabroz eta Peridotitaz, adibidez. 1-5 kilometrotako lodiera du eta uhin sismikoen abiadura 6,5-8 km/s-koa da. Gabroak isotropo geruza bat sortzen dute. Bertan aurkitzen dira metatutako gabroak kamara magmatikoaren baldintzak ezagutzen uzten digute. Ehundura olibinoekin (kristalizazio sekuentzia eta magmatismo mota jakin dezakegu.)

Gabro hauen azpitik eta Mohorovicic diskontinuitatetik banatuta pilatutako peridotitak aurkitzen dira.

Lurrazal kontinentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lurrazal kontinental»

Lurrazal kontinentala ozeanikoa baino heterogeneoagoa da, jatorri ezberdineko arrokez osatutakoa delako. Honetan arroka igneo azido eta erdiazidoak (granitoak adibidez) nagusi dira. Orogenoetan eskualde metamorfismoz sortutako arroka metamorfikoz osatutako gune zabalak baita ere aurkitu daitezke, hauek sedimentu ezberdinez estalita egoten dira, ezkutuetan izan ezik. Orokorrean silizio eta katioi arinagoez osatuta dago, horregatik lurrazal ozeanikoa baino dentsitate baxuagoa du.

Esan behar dago lurrazal kontinentalaren lodiera handiagoaren arrazoia dentsitatean dagoela. Bere dentsitatea mantuko dentsitatea baino baxuagoa denez, bertan barneratzea ez da erraza izaten, horregatik honen lodiera historia geologikoan zehar handituz joan da.

Azkenaldian garatzen ari diren esplorazio-teknika berriek-uhin sismikoen neurketak esate baterako- apur bat lagundu dute jakiten gure Lur zahar honen barnealdea nolakoa den, batez ere lurrazala eta mantua; nukleoa, aldiz, oraindik misteriotsu samarra da.

Hala ere, nukleoaren ezaugarrien ezagutzari dagokienez, guztia ez da iluna, argiak ere badaude. Izan ere, fenomeno batzuk -adibidez Lurraren eremu magnetikoa- nukleoaren formaren, tamainaren eta konposizioaren araberakoak dira. Lurraren masa eta bolumena jakinda, nukleoaren batez besteko dentsitatea kalkulatu ahal izan da; gutxi gorabehera metro kubikoko 5.500 kilogramo. Hala ere, kontuan hartu behar da zenbat eta barrurago materia konprimituago dagoela, horregatik, gaur egun adituek diotenez, nukleoaren dentsitatea metro kubikoko 12.000 kilogramo ingurukoa izan daiteke. Beraz, hortik pentsa daiteke nolako ezaugarriak izan ditzakeen.

Datu horiekin -eta beste zenbait informaziorekin- teoria edo ereduak garatzea badago, baina ezer gutxi gehiago, Lurraren barnealdera iritsi eta bertako ezaugarria zeintzuk diren jakiteko modurik ez baitago. Dauden teoria eta eredu onartuenen arabera, Lurreko nukleoak 3.500 kilometroko erradioa izango luke eta tenperatura 6.000 gradu Kelvin-etik gorakoa izango litzateke. Han dagoen materia nikelez eta burdinaz osatutako aleazioa izango litzateke, metal biak dentsitate handikoak baitira. Aleazio horren kanpoaldeko 2.270 kilometroetan materia likidoa izango litzateke; barrualdeko 1.200etan, berriz, solidoa.

Nukleoaren gainean mantua dago, Lurreko erradioaren ondorengo 2.900 kilometroetan. Mantuaren tenperatura -barrualdean ala kanpoaldean hartuta- 3.800 eta 1.300 gradu Kelvin-en artekoa izango litzateke. Mantua burdinaz eta magnesioz egindako arrokek osatuko lukete, silizioarekin eta oxigenoaren laguntzarekin. Arroka solidoa da, baina presioaren eraginez mugitu egin daiteke eta azalera egoera likidoan irten.

Azkenik, lurrazala. Lurrazalak, 8 eta 70 kilometro arteko sakonera du -ozeanoetan edo kontinenteetan neurtzen den, aldatzen da-. Materia solidoa da hemen, eta gehienbat barrualdetik azalerantz datorren labak osatutako arrokak daude. Arroka horiei basalto deitzen zaie, eta burdinaz, aluminioz, eta magnesio-silikatoz osatuta daude. Granitozko arrokak ere badira -potasio, sodio eta aluminio-silikatoa-, hain zuzen ere kontinenteak osatzen dituztenak. Mantuaren dentsitatea arroka-mota biena baino handiagoa denez, Lurrazala mantuaren gainean etengabe flotatzen dago.

Gaiari ikuspuntu orokor batetik begiratuz gero, argi ikusten da dentsitate handiko elementuak Lurraren erdialdetik gertuago daudela; dentsitate txikikoak, ordea, azaletik gertuago. Horrek badu garrantzia, horrela jakin baitaiteke nukleoa burdinaz aberatsa dela, eta mantua eta lurrazala silikatoz. Lurra eratu zenean, planetako nebulosaren konposatu kimikoak kondentsatzen hasi ziren. Ondorioz sortu zen esfera erraldoian oraindik konposatu guztien nahasketa uniformea zuen, baina grabitatea nabarmentzen hasi eta planeta uzkurtzen hasi zirenean, barnealdeko tenperaturak gora egin zuen. Elementu kimiko batzuen erradioaktibitateak ere horretan izan zuen eraginik. Orduan urtu zen materia, dentsitate handiena zuten materialak barnealderantz joan ziren eta gainerakoak haien gainean flotatzen geratu ziren. Lurra gorputz independientea zen.

Nukleoa metalikoa denez, Lurrak eremu magnetiko indartsua du. Burdina eroale bikaina denez eta ia likidoa denez, naturako dinamo bihurtu da. Nukleoaren zatirik likidoenean konbekzio-korronteak sortzen dira, materiala igotzen denean hoztu egiten delako eta jaistean berotu. Konbekzio-korronte horiek dira poliki-poliki aurreratuz eta oso modu antolatua, eremu magnetikoak sortzen dituztenak. Planetaren errotazio-mugimenduak horretan ere laguntzen du.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lurrazal Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   J., Tarbuck, Edward (2005), Ciencias de la tierra una introducción a la geología física (8a ed. argitaraldia), Pearson Educación, ISBN 8420544000, https://www.worldcat.org/oclc/63530910 .