Zankaluze

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zankaluze
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaRecurvirostridae
GeneroaHimantopus
Espeziea Himantopus himantopus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa21,8 g (pisua jaiotzean)
160 g (helduen pisua)
Kumaldiaren tamaina0
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora25 egun
Udan buruaren eta lepoaren atzealdea belztu egiten zaizkio.

Zankaluzea (Himantopus himantopus) recurvirostridae familiako hegazti zangaluzea da[1]. Eurasian eta Afrikan bizi da eta uda aldean izaten da Euskal Herrian.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erraz ezagutzen den hegazti limikola da, hanka gorri oso luzeak baititu (hortik izena) eta moko beltza ere luzea eta zorrotza. Hegaztia bera zuria da eta bizkarra eta hegoak beltzak ditu. Zikoinaren antza duenez hainbat hizkuntzatan "zikoina txiki" esaten zaio, gazteleraz adibidez "Cigüeñuela" da[2]. Neguan burua zuria izaten du eta udan pileoa belztu egiten zaio. 33-36 cm-ko luzera du eta 67-83 cm-ko hego-zabalera[3]. 145-289 gramo artean pisatzen du[4].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakonera txikiko hezegunetan aurkitzen da, delta, estuario, zingira, gatzaga eta ibai ertzetan. Gizakiak landutako eremutan ere ohikoa da, arroz-soro, piszifaktoria eta araztegietan adibidez[2].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ornogabeetaz elikatzen da, intsektu urtarrak bereziki, dipteroen larbak eta koleoptero urtarrak[4]. Uretan edo hostoetan pausa daitezen itxaroten du eta ondoren mokoaren mugimendu azkar batzekin harrapatzen ditu[2].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apirila eta abuztaren artean izaten du ugaltzeko sasoia eta kolonia handiak eratzen ditu orduan. Talde izaera honi esker denek hartzen dute parte lurraldearen eta arrautzen defentsan. Zankaluze bikoteak uraren ertzean zulo bat egiten du, landare hondarrekin estali eta bertan lau arrautza jartzen ditu emeak. Arrautza marroiak izaten dira eta orban ilun ugari edukitzen dituzte. 22-25 egun txitatzen pasa ondoren jaiotzen diren txitak beren kabuz elikatzeko gai dira berehala. beste 28-35 egun behar izaten dituzte erabat garatzeko. Gauetan eta eguraldi txarra dagoenean irakasten diete gurasoek hegan egiten[2].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean[5]. Charadrius himantopus izena eman zion [6] baina 1760. urtean Mathurin Jacques Brisson zoologo frantsesak genero propioa sortu zion. Nahiz eta adituen ustez 5-7 azpiespezie izan,[7] hona hemen onarturiko taxoiak:

  • Himantopus himantopus himantopus edo H. himantopus (Linnaeus, 1758)
  • Himantopus himantopus mexicanus, Himantopus mexicanus mexicanus edo H. mexicanus (P.L.S.Müller, 1776)
  • Himantopus himantopus melanurus, Himantopus mexicanus melanurus edo H. melanurus (Vieillot, 1817)
  • Himantopus himantopus leucocephalus edo H. leucocephalus (Gould, 1837)
  • Himantopus himantopus knudseni, Himantopus mexicanus knudseni edo H. knudseni (Stejneger, 1887)

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hayman, Peter; Marchant, John & Prater, Tony. (1986). Shorebirds: an identification guide to the waders of the world. Boston: Houghton Mifflin ISBN 0-395-60237-8..
  2. a b c d «Cigüeñuela común» SEO/BirdLife.
  3. Svensson, Lars. (2009). Birds of Europe. Princeton University Press, 134 or. ISBN 0691143927..
  4. a b «Cigüeñuela común - Himantopus himantopus» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-02).
  5. «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-02).
  6. Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2019-12-02).
  7. BirdLife International (BLI) [2008f]: White-headed Stilt Species Factsheet