Zetak
| Zetak | |
|---|---|
| Datuak | |
| Jatorria | Arbizu, Nafarroa Garaia Euskal Herria |
| Musika mota | Musika Elektronikoa |
| Instrumentuak | Ahotsa
Perkusioa Bateria Sintetizadorea |
| Sortze urtea (eta desegitearena, desegin bada) | 2019 - |
| Produkzioa | |
| Diskoetxea(k) | Panda Artist
Oso Polita Badator |
| Taldekideak | |
| Pello Reparaz Leire Colomo Iban Larreburu Gorka Pastor | |
| Informazio gehigarria | |
| https://www.zetak.org/ | |
Zetak Pello Reparaz nafar musikariak 2019an sorturiko euskal musika pop-elektronikoko taldea da. Hain zuzen, Vendetta (2007-2018) musika taldea desegin ondoren sortu zuen musika talde hau.[1][2][3]
Taldeak arrakasta itzela lortu zuen Donostian eta Bilbon 2022ko udan: Donostiako Aste Nagusian 13.500 lagun bildu zituzten Sagueseko Tomas Alba plazan.[4][5] Bilboko Aste Nagusian konpartsen gunean aritu ziren Areatzan.[6]
Errepidean izenekoa izan zen Zetak taldeak kaleratu zuen lehenbiziko kanta. 2019ko ekainean egin zuen, eta gertaera horren bosgarren urteurrena ospatzeko-edo[7] Mitoaroa izenburuko ikuskizuna taularatu zuen 2025eko urtarrilaren 3an eta 4an Iruñeko Nafarroa Arena aretoan. Bi ikuskizunetara, denera, 30.000 pertsona bildu ziren.[8] Gainera, urtarrilaren 4ko kontzertua zuzenean eman zuen ETB 2 telebista kateak, eta horren bidez beste milaka batzuek ikusi eta entzun zuten (275.000 ikus-entzulek, EITBk adierazi zuenez).[9] Bigarren kontzertu horren bukaeran, Zetakek iragarri zuen Mitoaroa ikuskizuna hirugarrenez Donostian emanen zutela, 2025eko irailaren 6an, Illunbe aretoan, Aaztiyen diskoaren biraren hondarreko kontzertu gisa.[10]
Taldekideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pello Reparaz, abeslaria.
- Leire Colmo, perkusioa.
- Iban Larreburu, bateria.
- Gorka Pastor, sintetizadorea.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauek dira Zetak taldeak plazaratutako diskoak:[11]
Zetak (2019)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zetak argitaratutako lehenengo diskoa da.[12] 10 abesti ditu, eta 2019ko abenduaren 5ean argitaratu zuten. Errepidean abestia bezala (hau ere dago sartuta diskoan) milioi bat bisita baino gehiago izan ditu diskoak.
- Errepidean: Taldearen lehenengo lana izan zen, eta abesti honekin hasiera eman zitzaion Zetak taldeari. 2019ko ekainaren 10ean kaleratu zen, eta arrakasta handia izan zuen, milioi bat bisita baino gehiago izan ditu YouTuben eta Spotify-n.[13]
Zeinen ederra izango den (2020)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zetak taldearen bigarren diskoa, kantu hauek barruan dituena:[14]
- Zeinen ederra izango den: 2020ko apirilaren 24an argitaratu zen, Covid-19 birusagatik bizi izan genuen pandemia gertatzen zen bitartean argitaratu zen. Abesti honen bideoklipa egiteko, Zetak taldeak bere jarraitzaileei bizitzako unerik zoriontsuenetako bideoak eta argazkiak eskatu zien, eta bideoklipa osatu zuen jarraitzaileen argazki eta bideo horiekin. Abestiak arrakasta handia lortu zuen jarraitzaileengan eta euskaldun guztiengan, ia lau milioi bisita izan baititu gero.[15]
- Hegan: Abesti hau Zetakek Gaztea irratiarekin egindako kolaborazio bat izan zen, 2020ko uztailaren 3an argitaratua. 1.600.000 bisita baino gehiago lortu ditu atera zenetik.[16]
- Hitzeman: 2020ko azaroaren 16an argitaratutako abestia da. Zetak taldeak Oques Grasses katalan taldearekin batera sortu zuen, eta bi hizkuntzetan dago; katalanez eta euskaraz.[17]
- Akelarretan: 2020ko abenduaren 3an argitaratutako abestia da. Abesti honetan ez du Pello Reparazek abesten. Ia 900.000 bista ditu gaur egun.
- Zer geratuko da azkenean
- Sutondoko kantuak. Aitonari egindako abestia.
Singleak (2022-2023)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Itzulera (2022): Bi urtez egoera berezi batean egon ondoan, 2022koa bai itzuleraren urtea izan zen. Senpereko lakuko jaiaren leloaren barruan Itzuli ziren Zetak Herri Urrats-en abestiarekin batera. Zetak taldearen eta Erramun Martikorenaren arteko elkarlanean ateratako abestia da Itzulera.[18][19] Erabateko estilo-aldaketa izandakoa. Bideoklipa Pellok zuzendu zuen, Iratxe Reparazekin batera, txalaparta eta Kukai dantza taldeko Oskara koreografia ere integratu zutela.[20]
- Zoriontasuna (2022): Bomba Estéreorekin batera atera zuen Zoriontasuna abestia Zetakek 2022-23 kurtsoaren hasieran.[21]
- Pa amb Oli I Sal (2023): Maiatzaren erdialdean iritsi zen Suu katalanarekin atera zuten 2023 lehen kantua. Argitaratu zen lehen egunean, ia 9.000 pertsonek ikusi eta entzun zuten Pa amb Oli I Sal.[22][23]
Aaztiyen (2023)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zetakek irail erdialdean jakinarazi zuen disko berria argitaratuko zutela. Izenburua, Aaztiyen, Ergoieneko euskaran emana da; euskara batuan «arestian» litzateke. Abenduaren 6an argitaratu zen disko honetan 12 abesti sartu zituzten. Hiru abesti aurreratu zituzten: lehena Zu izan zen, gero Aralarko Dama etorri zen, eta azkenik Deskontrola. Abenduaren 6an argitaratu ziren beste 9ak. 2024ko otsailean, disko onenaren Gaztea saria eraman zuen.[24]
- Zu (2023): 2023ko urriaren 19an ZETAKek abesti hau atera zuen, Aaztiyen disko berriko aurrerapen singlea baita. [25][26]
- Aralarko Dama (2023): Aaztiyen diskoko bigarren singela da. 2023ko azaroaren 9an ateratakoa. 24 ordutan justu 18.000 pertsonak ikusi zuten.
- Deskontrola (2023): Aaztiyen diskoko azken aurrerapen singlea, 2023ko azaroaren 28an kaleratutakoa. Lehen 24 orduan 12.000 pertsonak ikusia.
Ondorengoa da abesti guztien zerrenda:
- Intro
- Deskontrola
- Begi beltz
- Zu
- Entre carn i os (Zetak, Marala)
- Interlude
- Aralarko Dama
- Eguzkiloreak (Zetak, Neomak)
- Aaztiyen
- Anguleele (ZETAK, Fillas de Cassandra)
- Non sartu zara
- Outro
2024ko abenduan, Aaztiyen diskoan ez dagoen baina biran ateratako abesti berri bat argitaratu zuen ZETAKek: Hileta kantu nafarra. Maixux Zugarramurdi goizuetarraren partaidetzarekin abesten du Pellok. Abestia heriotzari mintzo zaio, aspaldi gabe hilak ziren Pelloren aitona Robustiano Escala eta Maixuxen senar Jose Antonio Ansa omenduta.[27] Abesti horretarako kidetzat Maixux Zugarramurdi aukeratuz, Pellok, gainera, omenaldia egin zien bere garaian jendaurrean merezi bezainbesteko agerpenik izan ez zuten emakumeei.[28]
Mitoaroa ikuskizun saila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2025ean eta 2026an Euskal Herriko hiru hiriburutan eman zuen eta ematekoa den kontzertu sorta bat da. Lehen kontzertua Iruñean eman zuen 2025eko hasieran; bigarrena Donostian eman zuen, urte bereko irailean; eta hirugarrena Bilbon emanen du 2026ko ekainean. Kontzertu guztietan taldearen kantuak, dantza eta antzerkiarekin uztartu zituzten. Euskal Herriko mitologiaren eta erlijio kristauaren pertsonaiak eta kontuak biltzen zituen kontakizun batean harilkatuta.
Mitoaroa I (2025eko urtarrila)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2024ko maiatzean, ZETAKen bosgarren urteurrena ospatuko zutela iragarri zuten publikoki 2025ko urtarrilaren 3 eta 4ean Iruñeako Nafarroa Arenan, Mitoaroa izenarekin, guztira 30.000 ikus-entzule batuz. Ikuskizun itzela izan zen, ez baitzen kontzertu bat izan. Ia bi ordu eta erdi iraun zuen eta Nafarroako inauterietako hainbat pertsonaia batu zituen Mitoaroan. Beste artista batzuen partaidetza ere egon zen, Neomak, Marala, Vendetta eta Erramun Martikorenarekin momentu oso hunkigarriak esate baterako.[29][30]
Mitoaroa bukatu bezalaxe iragarri zuen Aaztiyen Bira Amaierako kontzertua. 2025eko irailaren 5, 6 eta 7an ospatuko zela esanez, Donostiako Illunbe esparruan. Gaineratu zuten Euskal Herri osoko pertsonaia mitologiko asko izango zirela bertan.[31]
Mitoaroa II (2025eko iraila)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mitoaroa II aurrekoaren «prekuela bat» izan zen: lehena 2025ean hasten zen, eta oraingo hau, berriz, XV. mendean girotuta dago. Joaldunak, pertsonaia mitologikoak, dantzariak, sua, jendartean nahastutako aktoreak, joaldunak, abeslariak... Muntaketa itzela izan zen, eta, logistikoki, erronka erraldoia. 250 langile aritu ziren antolakuntza lanetan.[32]
Aurikularren bidez jarraitu zuten kontzertu osoa ikus-entzuleek. Jakina da kaskoak erabili izan zirela beste ekitaldi batzuetan, baina sekula ez zen hainbesteko jendetzarekin egin. Esperientzia guztiz berritzailea izan zen. 360 graduko eszenatoki berezia ere izan zen: gainean zeuzkan lau pantailekin —gora eta behera ibili ziren kontzertuaren zati askotan— perspektiba osoa ikusten zuten ikusle guztiek.[32]
Reparazek eta beste partaide batzuk mikrofonoa eta kamarak alboan zituztela libre mugitzen ziren oholtzatik, harmailatik eta eraikin osotik,eta horrela dena ikusi eta entzuten zen lau pantaila erraldoien bidez. Esaterako, hasieran Aitziber Garmendia ikusle artean ibiltzen zen arlekinez jantzita, kamera aurretik zuela emanaldiaren aurkezpenak egiten, eta handik gutxira hartza eta Reparaz Illunbeko sabaira igo ziren.[32]
Martikorenari urtarrilean egin bezala, Pantxoa eta Peiori omenaldia eta aitortza egin zizkien Reparazek.
Honako kantu hauek txertatu ziren saioan: Errepidean (hasieran), Eguzkiloreak (lurretik altxa zenean), Kaliza hau (inkisidorea edo apaiza zirudien pertsonaiari kantatu zion), Zu (kanpora irten zen berriz ere kantaria), Hitzeman (euskaraz lehenengo eta katalanez ondoren), theremina zirudien gailu bat jo zuen Gorka Pastorrek), Sagarra, Akelarretan (tronboia jo zuen Reparazek eta Kukai dantza taldekoak taularatu ziren, Hegan (90eko bi bala), Suziri bi (Iban Larreburuk atabala jotzen eta gero Reparazek adarra), Non sartu zara?, Pater Noster, Anguleele (laute zirraragarriak eta Fillas de Cassandra bikoteak lagunduta), Zertan ari gara?, Begi beltz, Zeinen ederra izango den, Lepoan hartu ta segi aurrera (Pantxoa eta Peiorekin), Deskontrola (indar handiko pieza elektronikoa), Aralarko dama (emanaldiko hainbat tartetan entzun ahal izan zen, lehenik zatika, eta gero osorik kontzertuaren azken aurreko piezan), eta Hileta Kantu Nafarra (inkisizioarekin batera).[32]
Ikuskizunaren barruan parte hartu zutenen artean honako hauek egon ziren: Aitziber Garmendia (arlekinez jantzita emanaldiaren aurkezpenean), Josean Bengoetxea (inkisidorea edo apaiza zirudien pertsonaia), Gorka Pastor (theremina zirudien gailu bat jotzen), XXX (aita santua), Yune Nogueiras, Kukai dantza taldea, Iban Larreburuk (atabala jotzen), XXX (laute-jolea), Fillas de Cassandra, Maixux Zugarramurdi (lamia), Ignatius Farray (espainiar umorista), Antton Telleria, Pantxoa eta Peio...[32]
Reparaz harmailetan mugitu zen bitartean ikuskizuna ikusten zeuden hainbat lagun ospetsu agurtu zituen, besteak beste hauek: Pirritx, Marimotots, Porrotx, Kepa Junkera, Izaro...
Donostiako saioa bukatzean Mitoaroa ikusgarriak hirugarren aldia ere izango zuela iragarri zuen Zetak taldeak, 2026ko ekainaren 20an ere eskainiko zutela Bilboko San Mames estadioan.[33]
Mitoaroa III (2026ko ekaina)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irailaren 10ean, Zetak taldeak Mitoaroa III-rako aurresalmenta ireki zuen, bere aurreko edozein kontzertutan egon den ororentzat. Goizeko hamarretan ireki zen salmenta eta 3 ordutan 40.000 sarrerak agortu ziren. Egoera ikusita, ekainaren 19rako ere beste emanaldi bat iragarri zuten, eta sarrera hauek hurrengo egunean (irailak 11) saltzen jarri ziren salmenta orokorrarekin batera. Eta egun horretako gauean, Zetakek Eitb-ri jakinarazi zionez 30.000 sarrera saldu zituen dagoeneko ekainaren 19rako. Hau da 80.000 sarreretatik 70.000 salduak.
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- MIN sarietan Euskarazko Album Onenaren saria jaso zuen, Zeinen ederra izango den diskoarekin (2021).
- Gaztea sariak 2024: artista onenaren saria eta disko onenaren saria jaso zituen.[24]
- Zetakek euskarazko abesti onenaren saria irabazi zuen Espainiako Musika Akademiaren sarietan.(2024)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Otamendi, Koldo. (2019-11-21). MUSIKAZUZENEAN TB #86: Zetak + Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek. Hamaika telebista, 18:44 segunduan or. (kontsulta data: 2022-09-04).
- ↑ «Zetak» www.badok.eus (kontsulta data: 2022-09-04).
- ↑ «Zetak, Pello Reparazen metamorfosia» El Correo 2019-12-12 (kontsulta data: 2020-01-05).
- ↑ «Donostiako Aste Nagusia 2022: Zetak» www.kulturklik.euskadi.eus 2022-06-10 (kontsulta data: 2022-09-04).
- ↑ Urkizu, Urtzi. «Donostiako Aste Nagusiko ekitaldietan 1.100.000 herritarrek parte hartu dute» Berria (kontsulta data: 2022-09-04).
- ↑ «https://twitter.com/mikel_ro_/status/1563811764323717121» Twitter (kontsulta data: 2022-09-04).
- ↑ «Zetak taldeak 'Mitoaroa' ikuskizunarekin ospatuko du bere bosgarren urtemuga, 2025eko urtarrilaren 4an, Nafarroa Arenan» Berria 2024-05-29 (kontsulta data: 2025-01-05).
- ↑ «Ongi etorri Mitoarora» Berria 2025-01-04 (kontsulta data: 2025-01-05).
- ↑ «Donostiako Ilunben amaituko du Zetakek 'Mitoaroa' ikuskizuna irailaren 6an» EITB 2025-01-05 (kontsulta data: 2025-01-05).
- ↑ SL, TAI GABE DIGITALA. (2025-01-05). ««Mitoaroa» ez da bukatu: Zetakek Donostiako Ilunbera eramango du ikuskizuna irailaren 6an» naiz: (kontsulta data: 2025-01-05).
- ↑ «Zetak» www.badok.eus (kontsulta data: 2020-01-05).
- ↑ «Zetak» www.badok.eus (kontsulta data: 2022-08-18).
- ↑ Zetak. (2019). ZETAK - Errepidean. Youtube (kontsulta data: 2022-08-18).
- ↑ ZETAK - Zeinen Ederra Izango Den (FULL ALBUM). (kontsulta data: 2022-08-18).
- ↑ ZETAK - Zeinen Ederra Izango Den. (kontsulta data: 2022-08-18).
- ↑ ZETAK - Hegan [ 90eko bi bala | Gaztea . ] Youtube (kontsulta data: 2022-08-18).
- ↑ (Katalanez) ZETAK, Oques Grasses - Hitzeman. Youtube - Zetak (kontsulta data: 2022-08-18).
- ↑ «Logoa eta leloa» Herri Urrats (kontsulta data: 2022-08-18).
- ↑ Itzulera( ZETAK-Erramun Martikorena) Herri Urrats 2022 | Txantxangorria-Euskal karaokeak. 2022-04-08 (kontsulta data: 2022-09-04).
- ↑ ZETAK, Erramun Martikorena - Itzulera (Herri Urrats 2022). (kontsulta data: 2022-08-18).
- ↑ ZETAK & Bomba Estéreo - Zoriontasuna (La vida es de verdad). (kontsulta data: 2023-06-18).
- ↑ «ZETAK, Suu: Pa amb Oli I Sal» EITB 2023-05-19 (kontsulta data: 2023-06-18).
- ↑ Pa amb Oli I Sal. (kontsulta data: 2023-06-18).
- ↑ a b «ZETAK, ETS, IZARO, Tatta eta Malakias, Gaztea Sarietan garaile» EITB 2024-02-29 (kontsulta data: 2024-03-01).
- ↑ «ZETAK: ZU» EITB 2023-10-20 (kontsulta data: 2023-10-21).
- ↑ ZETAK - ZU. (kontsulta data: 2023-10-21).
- ↑ ZETAK. (2024-12-12). ZETAK - HILETA KANTU NAFARRA. (kontsulta data: 2025-08-25).
- ↑ «Maixux Zugarramurdi: "Abesti hau opari bat izan da niretzat"» euskalerriairratia.eus 2024-12-16 (kontsulta data: 2025-10-30).
- ↑ Manterola, Jagoba. (2025-01-04). «Mitoaroa» Berria (kontsulta data: 2025-09-07).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Crónica de "Mitoaroa" (concierto de Zetak en Navarra Arena, 04/05/2025)» Patxi Irurzun 2025-01-07 (kontsulta data: 2025-09-07).
- ↑ «ZETAK ZETAK ZETAK ZETAK ZETAK ZETAK» ZETAK (kontsulta data: 2025-08-25).
- ↑ a b c d e Ansa, Urko. (2025-09-06). «'Mitoaroa', show magiko bat Illunben» Berria (kontsulta data: 2025-09-07).
- ↑ Ubeda, Garbiñe. (2025-09-07). «Zetak-en hurrengo erronka: San Mames, 2026ko ekainean» Berria (kontsulta data: 2025-09-07).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zetak taldearen webgune ofiziala.
- «Zetak», Badok.eus.
- «Zetak», Spotify.
- «Zetak» kanala, Youtube.
- Zetak taldearen kontua, Twitter.
- Zetak taldearen kontzertua, Tolosan, 2021ean. 40 argazki, CC-BY-SA lizentziarekin. Plazara, Kultura (2021-07-16).
- Itzulera. - ZETAK, Erramun Martikorena (Herri Urrats 2022). Youtube. (Noiz kontsultatua: 2022-08-18.)
- Itzulera (Zetak eta Erramun Martikorena), Herri Urrats, 2022. Txantxangorria.eus.
- Itzulera abestiaren hitzak. Genius.com.
- «AAZTIYEN - YouTube» Youtube (kontsulta data: 2023-12-10).
- Vendettaren webgunea.
- Vendettaren twitter kontua.