Alban Berg
Alban Berg (Viena, Austria, 1885 - 1935) austriar musikagilea izan zen.
Bere lehenengo lanetan Schumann, Brahms eta Wagnerren eragina nabaria da, baina gerokoetan teknika tonala, atonala eta dodekafonismoa baliatu zituen. Berg musika espresionismoaren egile nabarmenetakoa da.
Biografia [aldatu]
Schönbergen ikasle izan zen (1904-1910). Lehen lanetan Pianorako sonata (1908), Lau melodia (1909) tonalitatea erabili bazuen ere, laster Hari kuartetoa (1909) teknika atonalaz baliatzen hasi zen.
Lehen Mundu Gerran postu bat izan zuen administrazioan eta, era horretara, musika-lanetan jardun ahal izan zuen.
Büchnerren Woyzeck lan dramatikoak opera bat sortzeko gogoa eragin zion: Wozzeck (1919). Bergen opera hau garrantzi handikoa da XX. mendeko musika dramatikoaren eremuan.
Besteak beste, azken urteetan (1927-1935) beste opera bat ondu zuen: Lulu (1928-1935). Ardoa (1927) izenburua daraman kantata Baudelaireren poemen gainean egina da.
Azkenik, Aingeru baten oroitzapenetan (1935) biolin-kontzertuan, tonalitatera eta erromantizismora itzuli zen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.