Alexander Patch

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alexander McCarrell Patch
Alexander McCarrell Patch
Alexander M. Patch jenerala.
Datu pertsonalak
Izen osoa Alexander McCarrell Patch
Ezizena Sandy
Jaio 1889ko azaroaren 23an
Ameriketako Estatu Batuak Fort Huachuca, Arizona (AEB)
Hil 1945eko azaroaren 21ean
Ameriketako Estatu Batuak Fort Sam Houston, Texas (AEB)
Maila militarrak:
Brigadier jenerala Brigadier jenerala 1941ko abuztuaren 4a
Maior jenerala Maior jenerala 1942ko martxoaren 10a
Teniente jenerala Teniente jenerala 1944ko uztailaren 19a
Jenerala Jenerala 1954ko abuztuaren 19a

Alexander McCarrell “Sandy” Patch (1889ko azaroaren 23- 1945eko azaroaren 21) jenerala, Estatu Batuetako armadaren ofiziala izan zen. Bigarren Mundu Gerrako zerbitzuek ospe handia ekarri zioten. Guadalcanalgo kanpainan marineak agindu zituen eta AEBetako 7. armada-gorputza Frantziako hegoaldeko inbasioan (Operation Dragon).

Karreraren hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patch Fort Huachucan jaio zen; Arizonako postu militar bat. Bertan, bere aitak soldadu-talde bat agintzen zuen. Ez zitzaion inoiz armadan baino beste leku batean karrera egitea bururatu eta 1909an, West Pointen onartu zuten. Aitak egindako ibilbideari jarraitu nahi zion eta zalditerian sartu, baina zaharkituta zegoela konturatu zenean, 1913an infanterian sartu zen. Lehen Mundu Gerran, Patch infanteriako ofiziala izan zen eta Armadaren metraileta eskolan irakasle ere egon zen. Fronteko zerbitzuetan lortutako ospea George C. Marshallen belarrietara heldu zen, artean hura John Pershing jeneralaren estatu nagusiko ofiziala. Ameriketako Estatu Batuak Bigarren Mundu Gerran sartu baino lehen tropak prestatzen ari zirenean, Marshall Armadako Estatu Nagusiburua izendatu zuten eta horrek Patch brigadier-jenerala izendatu eta Fort Braggera bidali zuen, soldadu berrien entrenamendua ikuskatzeko.


Bigarren Mundu Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1942an, Patch bidali zuten Ozeano Barera, Kaledonia Berriko defentsa indartzeko eta antolatzeko. Unitate antiz hartu zuen bere ardurapean eta, haiekin guztiekin, Americal Dibisioa eratu zuen (izen hori Patchek berak ipini zion, dibisioko gudari batek proposatu eta gero). Unitateak Guadalcanalgo kanpainan ekin zion borrokari estreinako aldiz. Uhartera, 1942ko urrian, bidali zuten Marineen 1. Dibisioa ordezkatzera, malariak jota eta akituta baitzegoen. Abenduan, XIV. armada-gorputzaren agintea eman zioten, eta Guadalcanalgo kanpainaren ardura osoa hartu zuen. Patchek berak gidatu zituen bere tropak Austen Mendiko, Galloping Horseko eta Sea Horseko eraso arriskutsuetan. Muino horiek oso gotortuta eta japoniarrez beterik zeuden, baina, bere agindupean, 1943ko otsailean, japoniarrak Guadalcanaletik egotzi zituzten.

Guadalcanalgo Patchen errendimenduak txundiduta, Marshall jeneralak Europara bidali zuen. Bertan, 7. armada-gorputzaren agintean Mark Clark jenerala ordezkatu zuen. Patchen agintepean, 7. armada-gorputza Frantziaren hegoaldean lehorreratu zen, 1944ko abuztuaren 15ean. Irailaren 9an, Dijonen aldirietan, Normandiatik ekialdera jotzen ari zen, Pattonen 3. gorputz-armadarekin elkartu zen. Patchek ezbehar pertsonal handia izan zuen, Alexander M. Patch III.a kapitainia akzioan hil zutenean, 1944ko urriaren 22an, AEBetako 79. infanteria dibisioaren konpainia baten komandante aritzen ari zelarik.

Patchek 7. gorputz-armadaren buruzagitzari eutsi zion gudaren amaierara arte; harekin batera Alemanian sartu zen, eta Siegfried Lerroa gurutzatuta, Alemaniaren hegoalderantz jo zuen.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945ko abuztuan Patch Ameriketako Estatu Batuetara itzuli zen 4. armadaren buruzagitza hartzeko, baina berehala ospitaleratu zuten biriketako arazoengatik. Abenduaren 21ean hil zen pneumonia jota Brooke General Ospitalean, Fort Sam Houstonen, Texas. West Pointeko Hilerrian lurperatuta dago.

Patch brigadier jeneral mailara igo zuten 1941ko abuztuaren 4an; 1942ko martxoaren 10ean maior jeneral mailara; 1944ko uztailaren 19an teniente jeneral mailara eta 1954ko abuztuaren 19an hilondoko 83-508 legean jeneral mailara.