Andrea Camilleri

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Andrea Camilleri (Porto Empedocle, 1925eko irailaren 6a), idazle, gidoilari eta zine eta antzerki zuzendari italiarra.

Andrea Camilleri.

Oso gaztea zelarik poesia eta kontakizun batzuk argitaratu zituen arren, hainbat urtez telebista, antzerki eta zine munduan aritu izan da batez ere zuzendari lanetan; adinean aurreratu samarra zegoela ekin zion berriro idazteari eta ospe eta arrakasta handia lortu du, bereziki Montalbano komisarioari buruzko serieko eleberriekin.

1948an Erromara joan zen, zuzendaritza ikastaroa egitera Arte Dramatiko Eskola Nazionalean. 1953tik aurrera antzerki zuzendaritzari ekin zion eta 1958tik 1988ra RAIn egin zuen lan batez ere, telebista eta irratirako gidoigintzan eta zuzendaritzan. Halaber, eskolak ematen ibili zen Arte Dramatiko Akademia Nazionalean bertan eta Zinematografia Zentro Esperimentalean. Lan esperientzia honek eragin nabaria izan du Camilleriren literaturgintzan, haren eleberrietako narrazio-egoeren eta elkarrizketen antzerki-kutsu handiak eta literatura-materialak lantzeko trebeziak erakusten duten bezala.

Andrea Camilleri 2010ean.

Maila handiko artisautzarako dohain horiek dira, italiera eta siziliera nahasiz erabiltzen duen hizkerarekin batera, haren literaturgintzaren arrakastaren oinarria; haren lanak, gainera, ez dira inola ere konpromisorik gabeak, ironiaz argitzen baititu Siziliaren iragan urrun eta hurbileko historiako hainbat gertakari.

1978an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Il corso delle cose -berez hamar urte lehenago idatzia-, baina arrakasta gutxitxorekin; bi urte geroago, 1980an, ordea, bere lehen literatura saria irabazi zuen Siziliako Gela hirian, Garzanti argitaletxeak plazaratutako Un filo di fumo liburuarekin; XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasiera bitartean eta Siziliako Vigata hiri asmatuan girotuta idatzi dituen liburu ugarietako lehena izan zen. Hamabi urteko etenaldi baten ondoren, 1992an berriz ekin zion idazteari eta La stagione della caccia argitaratu zuen Sellerio Editore argitaldariarekin. Orduan hasi zen Camilleri idazlea arrakasta edukitzen, eta gaur egun haren liburuak hainbat aldiz berrargitaratzen dira, 60.000 aletik gora saltzen dituelarik batez beste; dena den, kritikari guztiak ez datoz bat haren liburuak epaitzean, errepikakorrak direla uste duenik ez baita falta.

1994an La forma dell'acqua argitaratu zuen, Montalbano komisarioaren lehen polizia eleberria, eta orduantxe iritsi zitzaion arrakastarik handiena; 1995etik 2003ra Camilleri fenomenoa handituz joan zen, batez ere 1998tik aurrera, RAI Montalbanori buruzko telesail ospetsu bat ekoizten hasi zenean, Luca Zingaretti aktorea izanik protagonista nagusia.

Euskaraz, 2011n kaleratu da lehen aldiz haren liburu bat, Gauaren usaina (L'odore della notte), Josu Zabaletak itzuli eta Ereinek argitaratua.


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andrea Camilleri Aldatu lotura Wikidatan