Antonio Maria Bucareli Urtsua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antonio Maria Bucareli Urtsua


Kubako Gobernadorea



Espainia Berriko erregeorde

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAntonio María de Bucarelli y Ursúa
JaiotzaSevilla1717ko urtarrilaren 21a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMexiko Hiria1779ko apirilaren 9a (62 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, idazlea eta militarra
Graduajeneral

Antonio Maria Bucareli Urtsua (Sevilla, 1717ko urtarrilaren 21Mexiko Hiria, Espainia Berria, 1779ko apirilaren 9a), Vallehermosoko markesa eta Jerenako kondea, euskal jatorriko espainiar militarra eta kolonia administraria izan zen. 1771-1779 bitartean Espainia Berriko erregeordea izan zen[1]. Espainia Berriak izan zuen gobernari hoberenetakotzat hartzen da[2].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sevillan jaio zen, 1717an, aita Luis de Bucareli y Henestrosa, Vallehermosoko markesa, eta ama Ana Urtsua, Gerenako kondesa, zirela. Azken hau, abizenak adierazten duen moduan, euskal jatorrikoa zen, Pedro Urtsua Arizmendiren iloba, hain zuzen ere[3]

15 urte zituela armadan sartu zen, kadete gisa. Urtebete baino lehen lotinantorde maila zeukan. Italiako zenbait kanpainatan parte hartu ostean, 1740an kapitain eta 1744an koronel izendatu zuten. Ondoren, Milanerria, Piemonte eta Lombardian borrokatu zen, eta Nizako ebakuazioan (1745-1746) esku hartu zuen. Gerra amaitu zelarik, zalditeria eta dragoi erregimentuen ikuskari nagusi izendatu zuten, eta 1748an Logis mariskal (ostatulekuen arduradun)[4].

1766-1771 bitartean Kubako gobernadorea izan zen. Urte horietan Morro, Atarés eta San Carlos de la Cabañako gotorlekuak bukatu ziren. Bucarelik administrari arduratsua eta oso zentzuzkoa zela erakutsi zuen[4].

1771ean Espainia Berriko erregeorde izendatu zuten. Bere agintaldian, finantzak onbideratzeko helburuz, politika ekonomiko zorrotza ezarri zuen. Meatze-auzitegia sortu eta sektore honentzako ordenantza berriak idatzi zituen. Bestalde, erregeorderriko babes sistema hobetzen saiatu zen[5], San Juan de Ulúa (Veracruz) eta Peroteko gotorlekuak eraikiz.

Kaliforniako misio frantziskotarrak lagundu zituen. Bera agintean egon zen urteetan San Antonio de Padua (1771) San Gabriel (1771), San Luis Obispo de Tolosa (1772), San Francisco (1776), San Juan Capsitrano (1776) eta Santa Clara de Asís (1777) sortu ziren[4]. Horrezaz gain, Tubacetik Montereyrainoko bidaia arrakastaz egina zuen Juan Bautista Anzak, 1776an San Frantziskoko badiaraino iritsi eta izen bereko hiria sortu zuen[5].

Errusiarrak Ipar Amerikan egiten ari ziren aurrerabideak kezkaturik, Ipar Pazifikoko itsasaldea esploratzeko erabakia hartu zuen. Juan Pérez (1774) eta Bruno Hezeta (1775) buru zuten bi espedizio antolatu zituen; hauek iparralderantz abiatu eta Ipar Amerikako mendebaldeko itsasbazterra aztertu zuten, errusiarren arrastorik ere topatu gabe[5]. 1779n, berriz, Ignacio Arteaga eta Juan Francisco de la Bodega y Cuadrak Alaskako itsasertza esploratu zuten[4].

Bucareli Mexiko Hirian hil zen, 1779ko apirilaren 9an, pleuresiak jota[4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Antonio María Bucareli y Ursua Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskomedia.org
  2. Antonio María de Bucareli y Ursúa Bicentenario.gob.mx
  3. Asun GARIKANO (2013): Kaliforniakoak (1533-1848). Pamiela argitaletxea. ISBN 8476818084. ISBN 978-8476818084
  4. a b c d e Salvador BERNABÉU ALBERT: Bucareli y Ursúa, Antonio María de (1717-1779) Mcnbiografias.com
  5. a b c Antonio María Bucareli y Ursúa Biografiasyvidas.com
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antonio Maria Bucareli Urtsua Aldatu lotura Wikidatan