Atari:Mikrobiologia/Definizioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mikrobiologia

Mikrobiologia da mikrobio edo mikroorganismoak aztertzen dituen biologiaren adarra, hauek eukariotok izan (onddoak eta protistoak) edo prokariotoak (bakterioak). Birusak ere mikrobiologiaren ikergai dira. Medikuntzan, aplikazio nagusia gaixotasun kutsakorren arloan dauka.

Mikrobiologoek funtsezko ekarpenak egin dizkiete biologia eta medikuntzari, biokimika, genetika eta biologia zelularraren arloetan batez ere. Izan ere, bakterioak oso erabiliak izan dira ikerketa zientifikoetan, laborategiko jarduerarentzat egokiak eta baliagarriak diren ezaugarri bereziak dituztelako:

  • oso txikiak direnez hazkuntza erraza eta merkea dute
  • oso azkar ugaltzen dira, haien sortze-denbora urria baita (Escherichia coli bakterioa, esaterako, 20 minuturo erdibitzen da)
  • prokarioto guztiak erdibiditze prozesuaren bitartez ugaltzen direnez, ondorengo guztiak genetikoki berdinak dira
  • izoztuta gorde daitezke luzaro.

Mikroorganismoen (gehienbat bakterio eta birusen) dibertsitatea aztertzeaz gain, mikrobiologiak aplikazio praktiko ugari garatzen lagundu du. Mikrobioak ezagutu aurretik gizakiak bazekien prozesu mikrobiarrak erabiltzen bere onerako: ardoa eta beste edari alkoholiko batzuen ekoizpena, gaztarena, mamia edo jogurtena, ogiarena...aspalditik dira ezagunak, euren oinarri teorikoa (hartzidurarena) ezezaguna izan arren. Louis Pasteurrek mikrobiologiaren oinarri teorikoak finkatuko ditu XIX. mendearen erdialdean, eta hortik abiatuta beste zientzialari batzuek (R. Koch, Martinus Beijerinck...) arlo zientifiko berria osatuko dute XIX. mendearen bukaeran. Mikrobiologiaren oinarri teoriko horretatik aplikazio praktiko asko garatu dira azken urteotan: nekazaritza arloan (bio-intsektizidak), elikagaien eremuan (edari alkoholiko, esneki eta landare-hartzituen ekoizpena...), medikuntzan (txertoen ekoizpena, antibiotikoen sintesia...),farmazia industrian (bitaminak eta beste molekula organikoak lortzeko), ingeniaritza genetikoan, industria petrokimikoan (metanoaren ekoizpena, biodigestore anaerobioetan), industria ekologikoan (hondakin organikoak degradatzeko, ur zikinak arazteko...), meatzaritzan (mikrobiar meatzaritza), etab.


...gehiago irakurtzeko sakatu hemen