Louis Pasteur
Louis Pasteur (Dole, Jura, 1822 abenduaren 27 - Saint-Cloud, Hauts-de-Seine, 1895 irailaren 28) zientzialari frantziarra zen, mikrobiologian aitzindaria.
Hasieran, kimika lantzen hasi zen, argiaren polarizazioaren inguruan. Gero, germenen teoria eraikitzen lan egin zuen. Frogatu zuen mikroorganismoek hartzidura laktiko eta alkoholikoan daukaten funtzioa. Hortik, pasteurizazio eta esterilizazio teknikak garatu zituen. 1885ean, amorruaren aurkako txertoa lortu zuen.
Bere izena daraman institutua fundatu zuen 1887an. 1895eko irailaren 28an hil zen Saint-Clouden, Paristik gertu. Urte hartan bertan, mikrobiologiaren sari handiena lortu zuen, Leeuwenhoek domina.
Eduki-taula |
Biografia [aldatu]
Kimikan eta fisikan doktoretza egin zuen eta 1854an Lille-ko zientzia fakultateko dekano izendatu zuten. 1857an Parisko École Normaleko zientzia ikasketen administrari eta zuzendari izendatu zuten, eta 1888an Pasteur Institutuko zuzendari. Kargu horretan iraun zuen hil zen arte. Bizitza guztia ikerkuntzan eman zuen; haren aurkikundeek iraultza handia sortu zuten zientziako alor askotan, hala nola medikuntzan, albaitaritzan, kirurgian eta obstetrizian, eta hari esker kimika eta hartziduren industria bide berriak urratzen hasi ziren. Lau ekarpen nagusi egin zizkion, batez ere, zientziari: 1) Hartzidurak bakterioak sortuak direla, eta gaitz kutsakorren eragileak mikroorganismoak direla frogatu zuen. 2) Jenner-ek nafarreriaren gazuraren gainean egindako lanak aurreratu zituen, gazur immunizatzaileen kontzeptua eta antigorputz-antigeno erlazioa aurkitu baitzuen. Bera izan zen amorruaren eta antraxaren aurkako txertoak lehen aldizcaria erabili zituena. 3) Ardoa, esnea eta beste elikagai batzuk gal ez zitezen gai horiek berotzea proposatu zuen, horrela mikroorganismo pozoitsuak, eta batez ere tuberkulosiaren baziloa, hil edo indargabetzeko. 4) Ardoaren hondakinetan agertzen den azido tartarikoaren tasun optikoak aurkitu zituen. Aurkikunde honek molekula batzuek duten isomeria optikoa aztertzeko bidea eman zuen.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Frantsesez)Pasteur Institutuaren webgunea
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.