Bereauko zubia

Koordenatuak: 43°15′20″N 1°40′52″W / 43.255561°N 1.681036°W / 43.255561; -1.681036
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bereauko zubia
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaLesaka eta Etxalar
Koordenatuak43°15′20″N 1°40′52″W / 43.255561°N 1.681036°W / 43.255561; -1.681036
Map
Gurutzatzen duBidasoa

Bereauko zubia Erdi Aroko arku-zubia da, Bidasoa ibaia Lesaka eta Etxalar artean zeharkatzen duena. 2022-2023 bitartean, Nafarroako Gobernuak zaharberritu eta lehengoratu zuen.[1][2]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bidasoren gainean dago, Bereau izeneko alderdian, Lesakako eta Etxalarko udal dermioen artean, eta Lesakako herrigunetik 2 kilometro ekialdera. Ezkerreko aldea Bidasoko bide berdearekin lotzen da, eta eskuinekoa NA-1210 errepideko 43,700 kilometro-puntuarekin.[3]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kareharri grisez egindako zubi ederra da; 75 metro luzera du, eta soslaia apur bat konkortua. Zirkuluerdi formako lau arkuren bitartez zeharkatzen du Bidasoa; eskuinekoak 15 metroko argia dauka, eta 14 metrokoa beste hirurek. Arkuen gezia 7 metro ingurukoa da uretaraino.[4]

Arku-uztaiak 0,50 metrokoak dira, aski estuak, baina garai bereko beste zubi batzuen antzekoak. Pilareak eta eskuineko ertzeko bularra arrokaren gainean eraikirik daude; ezkerreko ertzeko zubi-bularraren bermea ere arrokaren gainean izan liteke, baina legarrak estalirik dago.[4]

XX. mendean zubiaren egitura desitxuratua gelditu zen, trafiko handiari egokitzeko Nafarroako Diputazioak egin zituen obren ondorioz. Garai hartan, galtzada zabaldu egin zuten hormigoi armatuarekin harrizko egituraren gainean.[2]

2022-2023 urteetan, zaharberritze lanak egin ziren, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundeak sustaturik. Tinpanoen eta hegalen gainaldean mugitutako edo hondatutako hainbat ilara desmuntatu zituzten, eta hegalak, petrilak eta zubi-bularren goiko aldeak berreraiki. Hargintza lan guztiak kareharri grisarekin egin ziren, kare hidrauliko naturaleko morteroarekin harturik. Galtzadan kareharrizko zoladura berria eman zitzaion. Ezkerraldean, Bide Berdearen aldetik, harmailak eta arrapala dituen sarbide berri bat eraiki zuten.[2]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bereauko olaren hondakinak Onin errekaren ertzean.

Erdi Arotik aitzina, Bidasoko errege-bidea garrantzi handikoa izan zen burdinaren merkataritzarako. Bide horretan barrena eramaten zen Gipuzkoako portuetara Nafarroako Erresumako oletan ekoitzitako burdina, eta baita nekazaritza-produktuak ere. 1376an, Karlos II.a Nafarroakoak Burdinaren botiga delakoa ezarri zuen, burdinaren produkzioa eta salerosketa monopolizatzeko. Lesakan errege-biltegi bat sortu zuten, eta bertara bideratzen zen Bortzirietako, Doneztebe aldeko eta Anizlarreako burdinolen ekoizpena.[5]

Horiek horrela, oso litekeena da zubi bat eraiki izana XIV. mendearen erdialdean, Bidasoko errege-bideko bi adarrak lotzeko. Ez dakigu noiz jaso zuten, baina 1430eko agiri batean aipatzen da Lesakako herriak haritz eta lizar zura atera behar zuela Bereauko bi zubiak konpontzeko.[oh 1][oh 2] Harrezkero, konponketa ugari daude dokumentaturik. Aipagarria da 1538koa, Pedro Jorajuria maisu harginak egindakoa; beraz, orduko zubia harrizkoa zen.[4]

Konbentzioaren Gerrak (1793-1795) kalte handiak eragin zituen komunikabideetan. Lesakan Bereauko zubiaren zati bat suntsitu zuten, frantses tropen aurrerabidea oztopatzeko. XIX. mendeko lehen hamarkadetan, Lesakako herriak eskatu zion Nafarroako Diputazioari zubia harriz konpontzeko. Azkenik, Juan Jose Etxarte Tomasenekobordari esleitu zitzaizkion konponketa lanak.[4]

Bereauko zubia 2022an, zaharberritze lanak hasi baino lehen.

1906an birmoldatu eta zabaldu egin zuten, eta 1956an hormigoiz handitu eta indartu, Lesakako Laminaciones-eko ibilgailuen trafikoa har zezan. 1977an, zubi berria eraiki zenean, trafikora itxi eta errepide saretik atera zen.[1]

1988an, Agrupación de Transportes del Bidasoa SCL enpresak eraisteko eskaera izapidetu zuen Lesakako Udalean. Nafarroako Gobernuko Bide Zerbitzuak eskaera horren aldeko txostena egin zuen, erranez zubia zerbitzutik kanpo zegoela (orduko ez baitzen errepide-sarekoa) eta, beraz, ez zuela inolako erabilgarritasunik.

Zorionez, Ekonomia eta Ogasun Saileko Idazkaritza Teknikoak eskaera hori helarazi zion Vianako Printzea Erakundeari. Erakunde horrek eraispenaren aurkako txostena eman zuen 1988ko uztailean, eta adierazi zuen Bidasoa ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubi onenetako bat zela, eta zerbitzutik kanpo egoteak ez zuela balio arkitektoniko eta historikoa galtzea ekartzen. Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txosten hari esker, kontserbatu ahal izan zen.[2]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zabalza Seguín, Ana, Piedra, hierro y papel. Trayectoria histórica de la villa de Lesaka:
    “Anno a natibitate domini XJ, quatrocientos trenta, XIII dia de genero, fue bedado la bustaliza de Nobia como tajan de la huna part Lanchat e de la otra con esquina clamada Bagasudun, para que sea goardado como bustaliza para los dos puentes de Bereau, ni ninguno non sea ossado fazer ni tajar robre ni fresno alguno con mandamiento del concejo ni sin mandamiento sino para los dichos puentes.
  2. Bereauko beste zubiak Onin erreka gurutzatzen du Bereauko olaren ondoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Erdi Aroko Bereauko zubia moldatzen hasiak dira Lesaka eta Etxalar artean. Ttipi-Ttapa, 2022ko uztailak 19, CC BY-SA 3.0 ES, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-3).
  2. a b c d Bereauko Erdi Aroko zubia zaharberritzeko lanak amaitu dituzte. Ttipi-Ttapa, 2023ko abenduak 27, CC BY-SA 3.0 ES, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-3).
  3. Finalizadas las obras de restauración del puente medieval de Bereau sobre el río Bidasoa. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-3).
  4. a b c d Se inician las obras de restauración del puente Bereau en el río Bidasoa con una inversión de 646.000 euros. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-3).
  5. Lizarraga, Malen. Nafarroako burdingintza eta toki-izenak. Txinpartak, 49. zenbakia, legazpi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-3).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]