Copyright

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
copyright "©" ikurra lan bat egile eskubideetara atxikitzen dela adierazteko erabiltzen da.

Copyrighta edo egile eskubideak egileei lan bat egiteagatik, izan literarioa, artistikoa, edo zientifikoa, argitaraturik egon edo ez, legediak eskaintzen dien arau eta baldintza multzo bat da. Lan hau publikaturik egon edo lan berria bada eskubide berberetara atxikitzen dela ziurtatzen dio legeak egileari.

Lan bat jabetza publikora atxikitzen da berekiko dauden eskubide patrimonialak desagertzen direnean. Egilearen heriotza gertatzen denetik aurrera suertatzen da hau orokorrean. Hala nola, europar zuzenbidean, egilearen heriotza gertatu eta 70 urteetara. Hau gertatu eta gero, eskubide moralak errespetatuaz lan hau modu aske batean erabili daiteke.

Copyrightak kopiak egiteko eskubidea eta kopien gaineko kontrolaren eskubidea ematen dio horren jabe denari. Horrela, sorkuntzako lanak egiten dituztenek beren obrak babesteko eta haien jabegoa dutela adierazteko sorturiko legezko formula da. Hasieran liburuen gaineko eskubideak hartzen zituen bere baitan soilik, baina gaur egun aldizkari, egunkari, mapa, antzerki, film, telebistako saio, ordenagailuetarako programa, argazki, koadro eta abarren kasuan ere erabiltzen da, hau da, jabego intelektual edo artistiko oro babesten ditu.

Jabego honen arabera, inork copyright eskubidez babesturiko zerbait (gauzaki bat) erosten badu, gauzakia izango da eroslearena, baina ezingo du haren kopiarik egin ez saldu, legez kanpokoa baita, eta eskubide hori editorearen, idazlearen, egilearen edo copyrighta duenaren eskubidea baita. Copyrightez babesturiko kopiarik egin nahi izanez gero, baimena eskatu behar zaio eskubidearen jabeari, eta kuota bat ordaindu behar izaten da. Dena dela, eta sistema hori nahiko garbia den arren, sorkuntzaren zenbait alorretarako oso zaila da jabego eskubidea babestea, adibidez, musikaren kasuan; behin musika bat argitaratuta askotan gertatu ohi da ezer ordaindu gabe, baimenik eskatu gabe, berriro jotzea musika hori, nahiz eta legez royalty izeneko eskubidea ordaindu behar zaion jabeari, eta antzera gertatzen da, besteak beste, antzerkian ere. Bestalde, eta copyrightak sorkuntzazko lan gehienak babeste dituen arren, ezin babestu dira lan artistiko eta intelektual guzti-guztiak ere; horrelako kasu bereziak dira, esaterako, ideiak, izenak eta izenburuak.

Ideien kasuan, ezin da haien gaineko jabego eskubiderik ezarri, baldin eta ez badira liburu, marrazki edo musika lan ukigarri bihurtzen; izenak ere ezin dira babestu baldin eta ez badira leku jakin batzuk adierazteko, eta izenburuak, azkenik, behin eta berriro errepika daitezke, nahiz eta izenburu horrek adierazten dituen gertaerak, musika eta abar desberdinak izan.

Copyright eskubidea XX. mendeaz gero hasi zen erabiltzen batez ere. Aurretik sorturiko oso lan gutxi daude babestuak eta horrela ondare publikoa osatzen dute antzinako liburu, musika eta abarrek.

Jabego eskubidea urratzeko bi modu nagusi dade, batetik plagioa eta bestetik pirateria delakoa. Plagioa beste egile baten obra norberarena balitz bezala argitaratzean datza, eta oro har, banakoek egindako lege urratzea izaten da (abeslariek, idazleek, etab.). Pirateriari dagokionez, berriz, gizabanako baten ekintza izan daiteke, baina taldeek (enpresek, konpainiek&) egiten dute batez ere, eta egilearen baimenik gabe copyrightaz babesturiko materiala argitaratzean datza. Aurreramendu teknologikoekin aski erraza da, gaur egun, pirateria, edonork bikoiztu baititzake programak, bideoak, telebistako saioak, etab. Legediari dagokionez, herrialde bakoitzak ditu egile eta artisten jabego eskubideak babesteko bere lege bereziak. Lehenengo legeak Britainia Handian eman ziren, 1710ean. Dena dela, badira nazioarteko zenbait hitzarmen, adibidez, Bernako Hitzarmena, 1886koa, Buenos Aireskoa edo Panamerikarra, 1910ekoa, eta, batez ere, Genevakoa edo Copyrightaren Hitzarmen Unibertsala deritzona, 1952an sinatua. Hitzarmen horretan herrialdeek batzuek besteen ondare intelektual eta artistikoa babesten dituzten copyright legeak ezagutzeko konpromisoa hartu zuten, herrialde batek babesten duen ondarea beste batzuetan ere babestearren. 1952. urteko hitzarmenean ondare babestuek eskubideen jabearen eta argitalpen urtearen alboan © zeinua jarri behar dela adostu zuten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Copyright Aldatu lotura Wikidatan


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]