Domingo Urbón de Alcántara

Wikipedia, Entziklopedia askea
Domingo Urbón de Alcántara
Bizitza
JaiotzaGuaza de Campos1811ko abuztuaren 4a
Herrialdea Espainia
HeriotzaPalentzia, 1851 (39/40 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmilitarra

Domingo Urbón de Alcántara edo Domingo Hurbon de Alcántara (Guaza de Campos, Palentziako probintzia, 1811ko abuztuaren 4a-Palentzia, 1851), abenturaria, militar espainiarra izan zen. Liberalak utzita karlisten aldera pasa zen Lehen Karlistaldian eta Euskal Herrian zehar borrokatu zuen. Indian ere I. Gerra Anglo-sikhen parte hartu zuen.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizon honen biografiak benetako eleberria ematen du. Lorenzon Urbon eta María Alcántararen semea Valladolideko Ingeniarien errejimenduan sartu zen eta I. Karlistadan tropa liberalekin hainbat ekintzatan parte hartu zuen. Nafarroa Garaiko Garesen zegoela eta, 1836ko irailaren 28an, Arga ibaia zeharkatu zuen eta Basilio García jeneralaren tropa karlistetan sartu zen. Honek Gesaltzara, Gipuzkoara, bidali zuen batailoi berriarekin Bilboko setioan parte hartzeko. 1837an, Urbiztondo jeneralaren Gaztelako dibisiora pasa zen eta Sarsfield jeneralaren aurka Biaizpeko gudan parte hartu zuen. Gudu horren ondoren, 1837ko martxoaren 16an, bere dibisio guztiarekin Oriamendiko guduan parte hartu zuen, kondekoratua eta mailaz igota. Handik gutxira Huescan zauritua izan zen eta, horregatik, kondekoratua izan zen. Behin osasuna berreskuratuta, bere dibisioarekin batera, Cabrera jeneralaren tropekin bat egin zuten Aragoin.

1838ko hasieran, Morellako blokeoan parte hartu ondoren, teniente izendatu zuten, eta kapitain uda hartan bertan, Cabrera jeneralaren eskutik. 1840an, erbesteratu baino lehentxeago, teniente koronel izendatu zuten. Urte horretan bertan, Espainiatik errefuxiatu gisa atera zen, eta Frantzian giltzapetu zuten. Suitzan, Italian, Grezian, Turkian, Persian eta Omanen hainbat gorabehera izan zituen, eta bi aldiz espetxeratu zuten militar gisa lan baten bila Indiara iritsi aurretik.

Sikh gortean kontratatu zuten Sher Singh Marajaren zerbitzura. 1843an Marajaren eta boterearen kupularen hilketaren ondoren, egungo Pakistanen dagoen Lahoreko gazteluaren aurkako erasoaren buru izan zen, Duleep Singh printze beltza bere bahitzaileengandik pertsonalki erreskatatuz,[2] eta, ondorioz, Lahoreko Erresumako Zulatzaileen Lehen Jeneral izendatu zuten.

I. Gerra Anglo-sikhean aktiboki parte hartu zuen Sobraongo guduaren porroteraino. Punjab britainiar protektoratu bihurtu zuen bake-itunak gortean jarraitzen zuten europar apurrak kanporatzea eskatzen zuen, eta, beraz, 1846an Espainiara abiatu behar izan zen iheska.[3] Espainian egin zituen azken urteak, berriz ere, armadako kapitain gisa, eta Medina de Rioseco eta Palentzian bizi izan zen, 1851n hil zen arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]