Gares
|
Gares |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Puente la Reina / Gares | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Iruñeko merindadea Izarbeibar |
||
| Alkatea | Fidel Arakama Azona (Agrupación Puentesina) |
||
| Herritarra | garestar | ||
| Koordenatuak | 42°40′20″N 1°48′55″W / 42.67222°N 1.81528°WKoordenatuak: 42°40′20″N 1°48′55″W / 42.67222°N 1.81528°W | ||
| Eremua | 39,7 km2 | ||
| Garaiera | 344 m | ||
| Distantzia | 24 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31100 |
||
| Biztanleria | 2.841 bizt (2009) | ||
| Dentsitatea | 71,56 bizt/km² | ||
| http://www.puentelareina-gares.es/ | |||
Gares[1] (gaztelaniaz Puente la Reina) Nafarroako udalerria da, 2.841 biztanlekoa, 2009ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera. Izarbeibarrean kokaturik, 39.7 km2ko azalera du eta batez beste, 344 metroko garaiera, nahiz eta Ekoien izeneko gailurra 923 metrora ere iritsi. Robo ibaia Argara isurtzen da Garesen.Herriak Mañeru, Artazu eta Girgilao ditu muga mendebaldean, Mendigorria hegoaldean, Obanos eta Legarda ekialdean eta Belaskoain, Arraiza eta Erreniega mendia iparraldean.
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta kokapena
Perdoneko mendizerraren hegoaldean kokatzen da Izarbeibarrean Iruñeko merindadean. Klima mediterraneoko gunea da, urteko batezbesteko prezipitazioak 593mm ingurukoak dira. Urteko tenperaturak leunak izaten dira, batez beste, 11 °C eta 14 °C.
Robo ibaiak harana zeharkatzen du Arga ibaira heldu arte Garesko udalerriaren mugetan. Horrez gain, Salado eta Nekeas ibaiak aipagarri dira.
[aldatu] Klima eta landaredia
Iparraldetik hegoaldera, luzera handiko udalerria izanik, klima nahiko desberdina da udalerriaren gunearen arabera. Horrela, hegoaldean, mediterraniar klima kontinentala nagusitzen den bitartean, iparraldean klima mediterraniar azpimediterraniarra dago. Batez-besteko tenperatura 10 gradukoa da iparraldean eta 13 gradukoa hegoaldean. Prezipitazioak ere nahiko aldakorrak dira 500mm batez beste hegoaldean (urteroko egun euritsuak 75 dira), eta 1.000mm iparraldean (urteroko egun euritsuak 100 dira). Udalerriko gunerik menditsuenetan 1.000mm baino gehiago jausten dira urtero.
Gares gehienean aurki zitekeen jatorrizko landaredia ia erabat galdu da nekazaritzaren eraginaren ondorioz. Oraindik ere, arte eta haritzak aurki daitezkeen arren (13 hektarea baino ez XX. mendearen amaieran), udalerriaren gehieneak sastraka eta mota desberdineko zuhaixkak dira nagusi. Birlandaturiko basoen azalera nahiko handia da, 767 hektarea, eta birlandaketa batez ere, Austriatik ekarritako lariziar (Pinus nigra) eta pinu beltzekin burutu zen.
[aldatu] Estazio meteorologikoa
Garesen, itsasoaren mailatik 348 metrora, Nafarroako gobernuak 1928an jarritako estazio meteorologikoa dago.[2]
[aldatu] Banaketa administratiboa
[aldatu] Auzoak
Santiago, La Población, San Pedro, Zubiurrutia, Aloa, Zabalzagain, Nekeas eta Fuente de la Grana.
[aldatu] Jaurerriak
- Sarriako jaurerria Gendulaingo konteen eskumeneko jabetza izan zen, eta jaurerriak legez bertan behera geratzean, etxalde pribatu bihurtu zen. Etxaldean, jauregi bat, hiru etxe, eta inguruko lau herrixka txiki zeuden, Errota, Sotes, Aos eta Ekoien. Izarbeibarreko udalerria XIX. mendearen erdialdean desagertzean Sarria, Garesko udalerriaren menpe geratu zen. Felix Duarte Goñik erosi zuen etxaldea, eta honen oinordekoak Nafarroako Aurrezki Kutxari saldu zioten Sarriako upategia 1980ko hamarkadaren hasieran.
- Iriberriko jaurerria Izarbeibarko herrietako bat izan zen XIX. mende erdialdeko erreforma administratiboa burutu zen arte. 1407an Carlos III.a erregeak Muruzabalgo konderrira batu zuen Iriberri. XVI. mendearen hasieratik herri hustua izan zen arren, XIX. mendearen hasieran etxebizitza bat bazen herrian. Doneztebe omentzen zuen eliza bat izan zen herrian.
[aldatu] Historia
Udalerriari izena emango zion Arga ibaiaren gaineko zubiaren ondoan, eta erromesek Santiago Compostelakoara egiten zuten Donejakue Bidean, bazen XII. mendearen amaieran, "biztanle libreek" osatutako herrixka bat. Alfontso I.a erregeak, herriaren mugak zehaztu eta Lizarrako forua eman zien 1122an. Iratxe eta Leireko monasterioak hainbat jabetza izan zituzten Garesen Erdi Aro osoan zehar. Erregeak "hiribildu on" izendatu ostean, jarlekua izan zuen Nafarroako gorteetan. Katalina eta Juan III.a erregeek, urteroko azoka eta asteroko merkatua antolatzeko eskubidea eman zioten herriari 1498an.
1416an udalerriaren mugak handitu ziren, Zubiurrutia eta Gomaziaingo guneak anexionatuz, eta 1846an udalerrien erreforma administratiboa burutzearekin batera, Ekoien, Sarria, Sotes eta Hiriberriko guneak Garesi batuz. 1498an erregeek emandako urteroko azoka uztailaren 29tik abuztuaren 12ra antolatzen hasi ziren arren, 1709an Erriberrin bilduriko gorteek, uztailaren 14tik uztailaren 31era aldatzea erabaki zuten. XVII. mendearen amaieran, herriaren inguruko lurretako laborerik garrantzitsuena mahastiak ziren. Industria xumea izan arren, pattarra eta oihalak ekoizten zituzten lantegi bana zeuden.
Nafarroako udalerri gehienek bezala, XVIII. mende eta XIX. mendeetako gerrak jasan behar izan zituen, eta Independentzia Gerra ta Karlistaden kasuan, gudetako batzuk, udalerriaren mugetan gertatu ziren. XIX. mende, azokaren ospatze data aldatu zen berriro ere, irailaren 26tik irailaren 30era antolatuz. XX. mendearen hasieran, bi eskola publiko, eta beste bi ikastetxe pribatu zeuden Garesen. Horrez gain, uruna ekoizten zuten bi errota, zazpi txokolate lantegi, abarketak egiten zituzten bi tailer, bi olio-prentsa, Goardia Zibilaren koartela, eta udal ospitalea zeuden. 1891ean herritako gazteenen hezkuntza hobetzeko asmoarekin Juan de Mena y Goldaratz fundazioa sortu zen.
[aldatu] Ospitaleak
Bi ospitalea izan ziren XV. mendetik aurrera Garesen. Zaharrena, Tenplarioena izan zen (ondoren Jerusalengo Ospitalarien ordenaren jabetzakoa izango zena). Ospitalea X. mende eta XI. mendeen artean sortu zen, eta jatorriz Donejakue Bideko erromesak hartzen zituela uste da. 1448an, Juan II.aren erregealdian, beste ospitale bat eraikitzeko agindua eman zen, tenplarien ospitalea zegoen toki berdinean.
Gurutzearen Ospitalea, Vianako printzeak 1448ko otsailaren 6an idatzitako dokumentu bati esker eman zen ezagutzera. Vianako printzeak berak, ospitalea eraikitzeko lurrak eskaini zituen Sorakoitz izeneko lekuan. Ospitaleak garrantzia handia izan zuen XV. mendetik XVI. mendera, baina, azkenik, erabilera ezagatik, eraikina abandonatu eta bertan behera geratu zen.
Udaleko Ospitalea, 1556an jarri zuten martxan, eta gaixoak sendatzeaz emakume bat arduratzen zen. 1857an eraikin zaharra beste zeregin batzueterako erabili zen, etxerik ez zuten pertsonentzako aterpe bihurtu zen, eta udal ospitalea beste eraikin batera eraman zuten.
[aldatu] Demografia
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 2.283 | 2.287 | 2.114 | 2.055 | 1.965 | 1.888 | 1.733 | 1.908 | 2.017 | 1.951 | 2.124 | 2.412 | 2.630 |
2008ko erroldaren arabera, 324 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %12,17a (Nafarroako batez bestekoaren gainetik).
[aldatu] Ekonomia
Garesko udalerriaren ipar-ekialdean, Erreniega mendizerran, Nafarroako gobernuak eraikitako "Hiriberri" izeneko parke eolikoa dago. Parkeak duen instalaturiko potentzia 19,80 megawattekoa da. Parkearen jabea Acciona da gaur egun.
[aldatu] Ondarea
- Santiago Eliza: XII. mendeko eraikina, eliza barruan Santiago apostoluaren egurrezko irudi erromaniko bat dago, "Beltza" izenaz ezagutua, duen kolore beltza dela eta. Horrez gain, Arrosarioko Ama Birjinaren irudi bat eta San Bartolomeren harrizko beste irudi bat.
- Gurutzearen eliza: Eliza barruan jatorri germaniarreko Y formako jainko gotiko bat dago.
- San Pedro eliza: Elizaren barruan Puyko Ama Birjina dago. Dorrea Santos Angel Otxandategi arkitekto neoklasikoak egin zuen.
- Arga ibaiaren gaineko zubia: Zubi honek herriaren gaztelaniazko izenaren jatorria omen da. Bere bidetik Donejakue bidea doa Galiziarako bidean. Santxo Nagusia erregearen emaztearen aginduz eraiki omen zen XI. mendean. Zubiak 110 metroko luzera eta 4 metroko zabalera dauka, erdi puntuko sei arku eta bost euskarriren gainean eutsitako zubia da.
- Erdi Aroko horma: Oraindik ere herria inguratzen duen erdi aroko horma mantentzen da.
[aldatu] Bestelakoak
- Loturaren Etxea, estilo italiarrekoa, zubiaren ondoan dago.
- Jabeagoaren Jauregia, Kale Nagusian dagoen estilo italiareko jauregia da. Konptoen Kameraren Nafarroako erregearen ondarea defendatzen zuen fiskalaren bizitoki izandakoa.
- Isabel infantaren gotorlekuaren arrastoak, XIX. mendean ejerzito liberalak Arnotegi baselizaren ondoan eraikitako gotorlekua.
- Granako errege jauregiaren arrastoak, Evreux familiaren erregeen jauregi izandakoa.
[aldatu] Politika
[aldatu] Udal hauteskundeak
2007an Garesko alkate kargurako Agrupación Electoral Puentesina (AEP) taldeko Feliciano Vélez Medrano aukeratu zuten. Udaleko hamaika zinegotzietatik lau lortu zituen eta Eusko Abertzale Ekintzaren botoei esker lortu zuen alkatetza. Baliogabeko botoak 11 izan ziren (emandako guztien %0,66) eta 34 boto zuri izan ziren (botoen %2,04). Abstentzioa %16,86koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Agrupación Electoral Ximenez de Rada (AEXR) | 605 | 4 |
| Agrupación Electoral Puentesina (AEP) | 552 | 4 |
| Eusko Abertzale Ekintza (EAE) | 390 | 3 |
| Agrupación Electoral Arrieta (AEA) | 85 | 0 |
2011ko udal hauteskundeetan ere Agrupación Electoral Puentesina (AEP) taldeko kide bat, Fidel Arakama Azona, hautatu zuten alkate, nahiz eta zerrenda bozkatuena ez izan. Ximénez de Rada eskuindarrak irabazi zuen botoen kopuruari begiratuz gero, baina Bilduren zinegotziek Puentesinaren aldeko botoa eman zutenez hark eskuratu zuen alkatetza. Bi taldeen arteko ituna egin zuten[3].
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Agrupación Electoral Ximenez de Rada (AEXR) | 581 | 4 |
| Agrupación Electoral Puentesina (AEP) | 478 | 4 |
| Bildu | 391 | 3 |
| PP | 55 | 0 |
[aldatu] Udaletxea
Antzinako udaletxea 1927 eta 1929 urteen artean eraiki zen eta Emilio Arrieta kalean zegoen. Fatxada nagusia, Foruen Plazara ematen zuen, bertan herriko jaietan hainbat ekitaldi antolatzen zirelarik. Eraikin berria, 1987ko maiatzean zabaldu zen, plaza berdinean, beheko solairu eta honen gainean eraikitako beste bi solairu dituen eraikina. Udaletxe berria, zaharberrituriko eraikin zahar batean kokatu zen. Lanek 41 milioi pezetako aurrekontua izan zuten eta horietatik 31 milioi Nafarroako gobernuak ordaindu zituen.
Antzinako udaletxearen eraikina, udalaren menpeko hainbat zerbitzu eskaintzeko erabiltzen da, ekitaldi desberdinetarako aretoa, liburutegia, jubilatuen etxea eta abar. Udala alkatea eta zortzi zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Julian de Mena Plaza, z/g
[aldatu] Garesko alkateen zerrenda[4]
| Urteak | Alkatea | Alderdia |
|---|---|---|
| 1979 - 1987 | Feliciano Vélez Medrano | Agrupación Puentesina |
| 1987 - 1991 | Antonio Martínez Lautre | Agrupación Ximenez de Rada |
| 1991 - 1995 | Xabier Velez | Herri Batasuna |
| 1995 - 1995 | Ignacio Izurtzu Aldai | |
| 1995 - 1997 | Mari Carmen Etaio Idoate | Agrupación Puentesina |
| 1997 - 1999 | Xabier Velez | Herri Batasuna |
| 1999 - 2003 | Eva Erro Otsoa | Agrupación Ximenez de Rada |
| 2003 - 2007 | Eva Erro Otsoa | Agrupación Ximenez de Rada |
| 2007 - 2011 | Feliciano Vélez Medrano | Agrupación Puentesina |
| 2007 - 2011 | Fidel Arakama Azona | Agrupación Puentesina |
[aldatu] Azpiegitura eta garraioak
La Estellesa autobus konpainiak Aguilar Kodes eta Iruñea bitarteko autobus linea ustiatzen du. Lineak bi zerbitzu dauzka Aguilar Kodesko norantzan eta lau zerbitzu kontrako norabidean. Linearen ibilbidea honakoa da:
- Aguilar Kodes - Cabredo - Marañon - Genevilla - Zuñiga - Antzin - Murieta - Lizarra - Villatuerta - Zirauki - Mañeru - Gares - Obanos - Legarda - Zizur Nagusia eta Iruñea
[aldatu] Jai eta ospakizunak
Done Jakue du patroia, eta, beraz, festak uztailaren 25ean hasten dira. Donejakue bideko gune garrantzitsua da Gares. Izan ere, bertan Frantziako bideak zein Jakakoak bat egiten dute Compostelaraheldu arte. Done Jakueren eliza, hiriko monumenturik ederrenetakoa da, zubi erromanikoarekin batera.
Feriak Irailaren azken asteburuan antolatzen dira. Maiatzaren 1ean eta iraileko bigarren igandean, Gomantzinako San Martin erromeria egiten da.
[aldatu] Garestar ezagunak
- Rodrigo Jiménez de Rada (???-1247), Toledoko apezpikua Garesen jaio zela uste da.
- Martin Vicente de Bernedo (1562-1619), elizgizona, teologo eta misionaria.
- Emilio Arrieta (1823-1894), konpositorea.
- Leire Martínez (1979- ), La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Nafarroako Udal Izendegia (155. araua)
- ↑ Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
- ↑ Akordioa Garesko Auzalan webgunean.
- ↑ Garesko alkateen zerrenda Garesko Auzalan webgunean.
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Garesko udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Garesi buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren webgunean.
- (Gaztelaniaz) Garesko auzolan webgunea.
- (Euskaraz) Garesko Zubia Dantza Taldearen webgunea.
- (Euskaraz) Tenplarien Lurra Argia.com webguneko artikulua.
- Rodrigo Ximenez de Rada kalearen ikuspegia Google Street View-n.
| Izarbeibarko herriak | ||
|---|---|---|
|
Adios • Añorbe • Biurrun • Eneritz • Gares • Legarda • Muruzabal • Obanos • Olkotz • Tirapu • Ukar • Uterga |
||