Dzhojar Dudaiev
Dzhojar Dudaiev (Pervomaiskoe, Txetxenia, 1944 - 1996) txetxeniar militarra izan zen; errusiar gobernuaren aurkako txetxeniar iraultzaren burua.
Biografia [aldatu]
Haurra zela, Kazakhstango sobietar errepublikara deportatu zuten familia, eta hamahiru urte igaro zituen han. Tamboveko Aireko Armadako Ingeniaritzako Goi Eskolan, eta 1974tik aurrera, Yuri Gagarin Akademian egin zituen ikasketak.
Hegazkin-dibisio bateko buru izan zen Tartu inguruan (Estonia), eta pixkanaka gora egin zuen, brigadako jeneral-gradua lortu arte. Hogeita hamasei urterekin, jeneral-gradua lortzen lehenengo txetxeniarra izan zen. Estoniar hizkuntza ikasi zuen, eta bertako mugimendu nazionalistarekiko begirunez, ez zituen sobietar agintarien aginduak, parlamentua eta telebista ixtea, bete.
1990ean bere dibisioa Estonia uztera behartu zuten, eta Groznira itzuli zen, Txetxeniako hiriburura. Txetxeniar Herriaren Kongresu Nazionaleko oposizioko organizazio nazionalistaren batzorde eragilearen zuzendari izendatu zuten. 1991n Txetxeniako aginpidea eskuratu zuen, Txetxen-Ingush Errepublika Autonomoko sobietar agintaria kargutik kenduta. Lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi eta hilabetera, Txetxeniako Errepublikaren burujabetasuna aldarrikatu zuen.
1994ko abenduan Errusiako gudarostea Txetxenian sartu zen, errepublika hari Errusiako Federakundearen barruan eusteko asmoz, eta errusiar eta txetxeniar gudarosteen arteko gudua hasi zen. Dudaiev bere kuartel nagusian hil zen, Txetxenia hegoaldeko basoetan, errusiar gudarostearen eraso batean, 1996ko apirilean.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.