Tartu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Tartu

Tartu
Tartuko bandera

Tartuko armarria

Estatua EstoniaEstonia
Konderria Tartu
Alkatea Urmas Kruuse
Koordenatuak

58°23′N 26°43′E / 58.383°N 26.717°E / 58.383; 26.717Koordenatuak: 58°23′N 26°43′E / 58.383°N 26.717°E / 58.383; 26.717

Tartu non dagoen adierazten duen Estonia-ko/-go/-eko mapa
Tartu
Eremua 38,8 km²
Garaiera 57.2 m
Biztanleria 102.817 bizt. (2009)
Dentsitatea 2.649,92 bizt./km²
Sorrera V. mendea (gotorleku bat)
http://www.tartu.ee

Tartu Estoniako bigarren hiririk handiena da. Tallinn, Estoniako hiriburu eta finantza-gune nagusiaren aurrean, Tartu, hiri kultural eta intelektual gisakoa da. Batez ere, bertan dagoelako Estoniako unibertsitaterik zaharrena, Tartuko Unibertsitatea. Estoniako hego-ekialdean dago Tartu, Tallinnetik 186 kilometrora. Emajõgi ibaiak, Estoniako lakurik handienak lotzeaz gain, Tartu zeharkatzen du. Hiriak aireportua ere badu.

Hiriaren izen historikoak Tarbatu (V. mendean eraikitako Estoniako gotorleku bat), Juriev (Errusieraz: Юрьев) edota Dorpat izan dira (XIII. mendea).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tartuko Unibertsitatearen eraikin nagusia.

Hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkeologia aztarnei erreparatuta, gotorleku bat zegoen Tartun, V. mendearen inguruan. VII. mende inguruan, bertako herritarrek egurrezko gotorleku bat eraiki zuten Toome Hill-en ekialdean (Toomemägi).

Inguruetako lehendabiziko grabatua kronistek egin zute 1030an. Yaroslav I.a Jakintsuak, Kieveko printzeak, hiria eraso eta Yuryev izeneko gotorlekua eraiki zuen bertan. Kieveko agintariek zergak bildu zituzten Estoniako antzinako Ugaunia konderritik, 1061ra arte. Une hartan, kronisten arabera, antzinako estoniar tribu batek (Chud) su eman zion Yuryev gotorlekuari, desegin zen arte. Errusiarrek Tartu hartu zuten 1133tik 1176/1177ra arte. XII. mendean, Errusiar herrixkarik handiena zen Tartu, Chud tribune lurretan.

Alemaniarrak Tartun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko gurutzaden garaian, XIII. mendearen hasieran, Turbatu gotorlekua Livoniako Ordenak hartu zuen, eta Estoniarrek behin eta berriz saiakerak egin zituzten berau berriro hartzeko. 1224an berriz, Alemaniarrek behin betiko hartu zuten gotorlekua. Hala, Dorpat (Tartu) Erdi Aroko merkatal gune garrantzitsua bilakatu zen. Era berean, Dorpateko Artzapezpikutzaren hiriburua izan zen.

1262an, Alexandro Nevskiren semea Dmitri Pereslavlekoak hiria eraso eta suntsitu zuen. Alabaina, haren tropek ezin izan zuten Toome muinoaren kokatua zegoen gotorlekua hartu. Jazoera hau, Alemania eta Ekialdeko Eslaviar Zaharreko kronistek bildu zuten. Honetaz gain, merkatari eta artisau alemaniarren herrixka erakusten zuen grabatu bat egin zuten.

Dorpat Hansako Ligan sartu zen 1280an, eta Erdi Aroan, salerosketa hiri garrantzitsua zen. Estonia eta Letoniako lurraldearen gehiengoan bezala, Alemaniako noblezia zen nagusi garai hartan, eta Baltikoetako burgesia alemaniarrak, kultura, erlijioa, arkitektura, hezkuntza eta politika ezarri zuten XIX. mendearen amaierara arte. Esaterako, Dorpateko udaletxea Rostockeko arkitektu batek diseinatu zue, eta unibertsitateko eraikinak berriz, Johann Wilhelm Krausek, beste alemaniar batek. Ikasleen gehiengoa, %90 baino gehiago, alemaniarren ondorengoak ziren, eta oraindik ere izen alemaniarra duten zientzialari asko aurki daitezke hirian. XX. mendearen erdialdean alde egin zuen alemaniar askok.

Polonia, Lituania eta Suediaren menpe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Livoniako gerraren garaian, XVI. mendearen inguruan, Lituaniako Dukerriaren menpe zegoen Tartu. Ondoren, Polonia-Lituaniako eskualdearen barruan sartu zen. Jesuiten gramatika eskola ezarri zen 1583an eta honetaz gain, itzultzaileen bilgunea antolatu zen Tartun. Hiriak bandera zuri-gorria jaso zuen Poloniako erregeagandik.

Polonia eta Suediaren arteko gerrak gramatika eskola eta itzultzaileen bilguneak geldiarazi zituen 1601ean. Hala, Tartu suediarren eskuetan gelditu zen 1629an, eta Suediako erregeak Tartuko Unibertsitatea sortu zuen 1632an.

Errusiako Inperioaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nystadeko bakearen eskutik (1721), hiria Errusiako Inperioaren eskuetan gelditu zen, Derpt izenpean. XVIII. mendeko suteengatik, Erdi Aroko arkitektura asko suntsitu zen hirian, alta, Barroko berantiarraren estiloan zein estilo neoklasikoan berreraiki zen. XIX. mendeko bigarren erdialdean, aldiz, Estoniako kulturaren bilgunea zen Tartu. Hirian Estoniako Kantu Jaialdia ospatu zen lehendabizikoz, 1869an, eta hirian bertan eraiki zen lehendabiziko antzokia (Vanemuine)1870an. Estoniako Idazleen Bilgunea bertan sortu zen 1872an.

1893an, antzinako izen errusiarra izatera pasatu zen hiria (Yuryev). Unibertsitatea errusiar estilora egokitu zen eta errusiar hizkuntza irakasten hasi ziren.

Hiriak Tartu izena berreskuratu zuen, Lehen Mundu Gerra bukatu eta Estoniak independentzia eskuratu ondoren.

Eragin sobietarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estoniako Independentzia Gerraren ondoren, boltxebike eta Estoniaren arteko itun bat sinatu zen Tartun, 1920ko otsailaren 2an. Itunaren arabera, Errusiako boltxebikeek Estoniako lurrak baztertzen zituzten «betirako». Alabaina, Nazien eta Sobietarren arteko hitzarmenaren ondotik (1939), Sobietar Batasunak Estonia eta Tartu okupatu zituen 1940an.

Bigarren Mundu Gerraren denboran, Kivisild (Harrizko zubia) zaharra eta Emajõgi inguruak deuseztatu ziren Armada Gorriaren esku sartzeagatik.

Gerraren ostean, atzerritarrentzat itxita zegoen Tartu, Aire erasoentzako base bat eraiki baitzen hiriaren ipar-ekialdean. Sobietarren menpeko garaian, Tartuko biztanleria bikoiztu egin zen, eta 57.000 izatetik 100.000 izatera pasatu zen. Sobietar Batasuneko hainbat lekutatik iritsi zen jendea Tartura.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estoniak 1991n independentzia eskuratu zuenetik, Tartuko alde zaharra berreraikitzen ari dira.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tartuko klima kontinental hezea da. Klima nahiko leuna da Itsaso Baltikotik gertu dagoela kontuan hartuta, haize epela Atlantikotik baitatorkio. Halere, klima kontinentala ere nabari daiteke udako egun beroetan eta neguko egun hotzetan. Tenperatura gutxitan jartzen da −30 Â°C-tan. Orokorrean, udak epelak dira eta neguak, berriz, hotzak. Hala eta guztiz ere nahiko euritsua da, azken urteetan batez ere.


Datu klimatikoak (Tartu)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 7.7 10.9 17.7 24.7 29.0 31.2 34.0 33.7 28.6 21.4 13.6 8.4 34.0
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) −4.2 −3.3 1.6 9.2 16.7 20.5 21.9 20.5 15.1 9.1 2.6 −1.7 9.0
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) −37.5 −36.0 −29.6 −19.8 −7.2 −2.2 2.7 1.7 −6.6 −11.1 −21.2 −38.6 −38.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) −10.5 −10.2 −6.2 −0.3 5.2 9.1 11.1 10.5 6.5 2.5 −2.2 −7.3 0.6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 29 23 26 33 53 60 71 86 64 52 48 40 585
Iturria: Estoniako Meteorologia eta Hidrologia Institutua[1]

Gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal gobernuan herritarrek aukeratutako 49 ordezkari daude. Aukeraketa egiteko proportzio bidezko sistema erabiltzen da. Batzorde betearazlean alkatea eta bost alkateorde daude. egungo alkatea Urmas Kruuse da. Zenbait urtez, Andrus Ansip, egungo Estoniako lehen ministroa izan zen Tartuko alkate. Bai Ansip eta bai Kruuse, egungo Estoniako Alderdi Erreformistako kide dira.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estoniako estatistika institutuaren arabera, Tartuko biztanleria honako etniatan banatzen zen 2008an[2]:

Jatorria Kopurua Portzentaia
Guztira 102,414 100%
Estoniarrak 82,268 80.3%
Errusiarrak 15,998 15.6%
Ukrainarrak 1,214 1.2%
Finlandiarrak 1,084 1.1%
Bielorrusiarrak 491 0.5%
Juduak 141 0.1%
Poloniarrak 140 0.1%
Alemaniarrak 124 0.1%
Letoniarrak 109 0.1%
Lituaniarrak 91 0.1%
Tartariarrak 81 0.1%
Besteak 673 0.7%

Tartuko biztanleriaren bilakaera historikoa ondoko taulan laburbiltzen da[3][4]:

Tartuko biztanleriaren eboluzioa (milaka) 1990tik–2009ra[5].
Urtea Biztanle kopurua
1881 29,974
1897 42,308
1922 50,342
1934 58,876
1959 74,263
1970 90,459
1979 104,381
1989 113,320
1995 104,874
2000 101,241
2005 101,483
2006 101,740
2007 101,965


Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unibertsitateagatik ezaguna bada ere, industria hiria ere bada Tartu. XXI. mende hasieran, informazio eta komunikazio arloko enpresa ugarik Tartu izan zuten jomuga, Playtech Estonia, Webmedia eta Raintree Estoniak besteak beste. Skype enpresak ere bulego bat du Tartun. Bestalde, lanpostu asko unibertsitateari esker sortu izan dira.

Hezkuntza eta kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskultura: Ikasleak, muxuka.

Hiria ezaguna da Tartuko Unibertsitateagatik, 1632an Suediako erregeak sortutako unibertsitateagatik. Arrazoi hau dela bide, herri hizkeran “Emajõgiko Atenas” bezala edota “Iparraldeko Heidelberg” bezala ezagutzen da.

Honetaz gain, Estoniako Bizitzako Zientzien Unibertsitatea, Baltikoko Defentsa Eskola, Estoniako Abiazio Akademia eta Estoniako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioa daude hirian. Beste instituzio batzuk Estoniako Auzitegi Gorena, Estoniako Artxibategi Historikoa eta Estoniako Antzoki Nazionala dira (Venemuine).

Toki interesgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Joanen eliza.

Hiriko arkitekturaren zati handi bat independentziaren aurreko garaikoa da, klase baxu eta garaietako alemaniar kutsuko etxeekin osatutakoa.

San Joan elizaren barnealdea

Eraikin nabarmenak San Joanen eliza luteranoa (Estonieraz: Jaani Kirik, Alemaneraz: Johanneskirche), XVIII. mendeko udaletxea, unibertsitateko eraikinak, XIII. mendeko katedralaren hondakinak, lorategi botanikoak, erosketa kale nagusia, eta udaletxe plazako zein Barclay plaza inguruko eraikinak dira.

Bigarren Mundu Gerran hainbat leku suntsitu ziren, eta sobietar garaian hainbat eraiki. Gerraren eraginak oraindik ere nabari daitezke zenbait parke eta erdigune historikoan batez ere. Gerra eta 1991eko independentzia bitartean sobietar jatorriko auzoak eraiki ziren aldirietan. Egun, modernizazioagatik ere ezaguna da Tartu. Altzairu, hormigoi eta kristalezko eraikin ugari dago, eta eraikin berri eta zaharren arteko oreka bilatu du hiriaren erdialdean.

Ikasle asko dagoen hiria izanik, gau-giro handia dago bertan, eta, tabernak, jatetxeak eta diskotekak ez dira falta.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tartu Aldatu lotura Wikidatan