Frantziako Alderdi Sozialista

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Parti socialiste
PS
Presidentea Martine Aubry
Sorrera 19691
Egoitza nagusia 10, rue de Solférino
75333 Paris cedex 07, Frantzia
Ideologia politikoa Zentro-ezkerra, sozialdemokrazia, sozialismo demokratikoa
Nazioarteko afiliazioa Internazional Sozialista
Europako Alderdi Sozialista
www.parti-socialiste.fr
1 Langile-Internazionalaren Frantses Sekzioa (SFIO), Ezkerra Berritzeko Kluben Batasuna, eta Erakunde Errepublikaren Konbentzioa eragileen bat-egitetik.

Frantziako Alderdi Sozialista (frantsesez Parti Socialiste edo PS soilik) Frantziako alderdi politikoa, 1971n sortua. SFIO (Section Française de l´International Ouvrière) alderdi sozialistaren eta beste zenbait talderen bat-egitetik; sozialdemokraziaren printzipio nagusietan oinarritu zen.

Alderdian joera desberdinak izan diren arren, François Mitterrandek, 1981tik 1995ra bitartean Frantziako presidente izandakoak, izandako eraginak batasunari eutsi dio luzaroan.

Ipar Euskal Herriko Alderdi Sozialistaren burua Frantxoa Maitia da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko biltzarrean (1905), Alderdi Sozialista Frantsesak (Jaurés) eta Frantziako Alderdi Sozialistak (Guesde eta Vaillant) bat egin zuten. 1920ean alderdia banatu egin zen, alderdikide gehienek Internazional Komunistaren alde egin baitzuten; hala sortu zen Frantziako Alderdi Komunista (SFIC). Blumek hartu zuen sozialisten gidaritza; alderdiak hauteskundeetan parte hartu zuen, Herri Fronteko kide izan zen (1936-38) eta Bigarren Mundu Gerran erresistentzian borrokatu zen, baina ez zuen onartu komunistek egindako batasun-proposamena (1945).

Guy Mollet zela idazkari orokorra, alderdiak IV. Errepublikako gobernu gehienetan parte hartu zuen. Gerra hotzaren garaian, NATOren alde egin zuen; izen ona galdu zuen, hein batean, politika kolonialistaren aldeko azaldu zelako (Suez, Aljeria). De Gaulleren alde egin zuen, lehendakaritzara irits zedin 1958an, baina hurrengo urtean oposiziora aldatu zen, eta komunistengana hurbildu.

1968ko maiatzeko gertakarien ondoren, eta lehendakaritzako hauteskundeetan boto asko galduta, beste talde batzuekin elkartu zen, Alderdi Sozialista berri bat antolatzeko asmoz, Issy-les-Moulineaux herriko biltzarrean (1969); han, Alain Savaryk Molleten lekua hartu zuen. Sozialista guztien bateratze-biltzarra Epinay-sur-Seine herrian egin zen (1971), eta François Mitterrand hautatu zuten idazkari orokor modura. Orduan hartu zuen alderdiak izen berria, Parti Socialiste (PS), eta moldatu zen ezkerraren estrategia bateratua, helburu nagusia ezkerrezko alderdien batasuna zuena. Mitterrandek, gobernu-egitarau komun baten inguruan, adostasuna lortu zuen komunistekin, eta era horretan boto asko irabazi zituen koalizioak hauteskundeetan, bai 1973koetan, bai hurrengo urtekoetan. Alderdiaren barnean joera desberdinak bazeuden ere, eta komunistekin lotura hautsi zen arren, PSk batasuna gorde zuen Mitterranden gidaritzapean, errepublikaren lehendakaritzarako hautagai zela

Mitterrand lehendakari aukeratu izana 1981ean garrantzi handikoa izan zen alderdiarentzat, gehiengo absolutua lortu baitzuen urte bereko legebiltzarreko hauteskundeetan. Gehiengo hori 1986an galdu zuen, eta sozialistak gobernukide izan ziren de Gaulleren jarraitzaileekin eta errepublikarrekin, Mitterrandek jarraitzen zuela lehendakari. 1988ko hauteskundeetan Mitterrandi eman zioten berriz garaipena, Rocard zela lehen ministro. 1991n Mitterranden lankide Edith Cressonek hartu zuen Rocarden lekua. 1993an legebiltzarreko hauteskundeetan sozialistek emaitza txarrak izan zituzten eta eskuinaren esku geratu zen Frantziako gobernua.

1997an, alderdiko idazkari nagusi Lionel Jospinek lehen ministro kargua hartu zuen ezkerreko gobernuan, baina 2002an, hauteskundeak galduta, PS alderdia oposiziora pasatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantziako Alderdi Sozialista Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Politika
Politika
Artikulu hau Frantziako Politikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.