Fugger
Fugger bankari-familia alemaniarra izan zen. XIV. menderako ezaguna zen familia hau, baina Jakue II.a Fugger, «Aberatsa» deitua (1495-1525) izan zen familia bere goren mailara eraman zuena. Ekialdearekiko merkataritza eta meatzaritza bultzatu zituen (Tirol, Karintia, Turingia, Hungaria); Veneziako kobre-merkatua haren eskuetan zegoen, eta Europako mendebalera eta erdialdera zabaldu zuen bere eragina. Laguntza-erakundeak sortu zituen. Maximiliano eta Karlos V.a enperadoreen finantzari izan zen (azken horrek enperadore izendatu izana eta Paviakoa, eta beste garaipen batzuk zor zizkion); baina laguntza hori, Filipe II.aren garaietara luzatu zena, izan zen Fugger familiaren hondamendiaren arrazoietako bat. Anton Fugger (1493-1560) hil ondoren, XVI. mendearen bigarren erdialdean gainbehera egin zuen etxe horrek.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.