Heriotzaren partida

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Heriotzaren partida (ukraineraz Матч смерті) 1942an Ukrainan jokatu zen futbol partida bat izan zen. Partehartzaileak alde batetik ukrainar gerra presoak eta bestetik nazien Wehrmachteko soldaduak izan ziren. Ukrainarrek irabazi zuten eta naziek kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten. Bertan hainbat jokalari hil ziren.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

30. hamarkadan futbola arrakasta handiko kirola zen Sobietar Batasunean, bereziki Ukrainan. Estatuak berak bultzatzen zuen gainera eta garai hartako talderik onena Dinamo Kiev zen, poliziak eta Armada Gorriak elkarrekin sortu zutena.

1941ean Alemaniak Sobietar Batasuna inbaditu zuenean futbol denboraldia bertan behera gelditu zen eta jokalariek frentera joan behar izan zuten. Kiev berehala erori zen eta jokalariak gerra preso bihurtu ziren.

FC Start futbol taldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kiev okupatu hartan Dinamoko atezaina izan zen Mykola Trusevych hirira itzuli zen eta Dinamoren zale sutsua zen Iosif Kordikek garbitzaile lana eman zion bere okindegian. Kordikek berriz ere futbol talde bat eratzea pentsatu zuen eta Trusevych bere taldekideen bila hasi zen. Talde berriak Football Club Start (ФК Старт) izena hartu zuen eta Dinamo Kieveko zortzi jokalari (Mykola Trusevych, Mikhail Svyridovskiy, Mykola Korotkykh, Oleksiy Klimenko, Fedir Tyutchev, Mikhail Putistin, Ivan Kuzmenko eta Makar Goncharenko) eta Lokomotiv Kieveko beste hiru (Vladimir Balakin, Vasil Sukharev y Mikhail Mielnizhuk) bildu ziren.

1942ko ekainaren 21ean lehenengo partida jokatu zuten Hungariako soldaduen aurka eta 6-2 irabazi zuten. Uztailean beste 5 partida jokatu zituzten, denak nazien eta beren aliatuen kontra, eta denetan garaipena lortu zuten nahiko erraz gainera. Alemaniarrak konturatu ziren FC Starten garaipenek ukrainarrak animatu eta nazien eta aliatuen morala jeisten zutela eta egoera berehala moztu nahian abuztuaren 6an Flakelf (Luftwaffe, Alemaniako aire-armada) taldearen aurka partida antolatu zuten. Hauek konfidantza handiz atera ziren talde prestatuagoa baitzen baina ukrainarrek 5-1 irabazi zuten.

Heriotzaren partida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Flakelfek errebantxa eskatu eta 1942ko abuztuaren 9an jokatu zuten partida. Epailea nazien armadako elitea zen Waffen-SS taldeko kide bat izan zen. FC Startekoek jakin zuten partida irabaziz gero zigortuak izan zitezkeela baina hala ere aurrera egin zuten eta hori gutxi balitz partidaren hasieran nazien agurra egiteari uko egin zioten.

Partida hasi bezain laister alemaniarrek Mykola Trusevych atezainari buruan kolpe latza eman eta oraindik leloturik zegoela lehenengo gola sartu zuten. Nabarmena zen Flakelfkoen indarkeria eta joko zikina baina epaieak ez zituen ukrainarren kexak aintzat hartu. Hala eta guztiz ere Falta jaurtiketa batean Ivan Kuzmenkok partida berdindu eta atsedenaldirako 3-1 nagusi ziren ukrainarrak.

Aldageletan zeudela bi ofizial nazi etorri zitzaizkien. lehenengoa Shvetsov izan zen eta partida nahita galtzeko eskatu zien. Bigarrena SS-etako ofiziala zen. Honek esan zien beren trebeziaz harrituta zeudela baina ulertu beharra zeukatela ezinezkoa zela alemaniarrek berriro galtzea eta hori gertatzen bazen ondorioak latzak izango zirela.

Bigarren zatian ikuslegoa primeran pasatzen ari zen talde bakoitzak bina gol sartuz partida 5-3 zegoela ikusita. Denbora gutxi falta zen eta FC Starten eraso batean Alexei Klimenkok defentsa gainditu, atezainari izkin egin eta ate hutsaren aurrean bapatean buelta eman eta zelaiaren erdiko zirkuluraino bidali zuen baloia. Hau ikusita, 90 minutuak beteak ez zeuden arren epaileak partida amaitu zuen.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 16an azken partida at jokatu zuen FC Startek eta 8-0eko emaitzaz gainditu zuen Rukh. Abuztuaren 18an Gestapok FC Starteko hainbat jokalari atxilotu zituen NKVD-ren (Sobietar Batasuneko Barne Arazoetarako Nazio Batzordea) kide zirela argudiatuz. 23 egunez torturatuak izan ziren eta Mykola Korotkykh bertan hil zen. Gainontzeko atxilotuak Syrets kontzentrazio-esparrura eramanak izan ziren. Ihes saiakera batean Oleksander Tkachenko erahila izan zen. Ivan Kuzmenko, Alexei Klimenko eta Mykola Trusevych atezaina 1943ko otsailean exekutatu zituzten bertan.

Partidaren popularizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1946ko azaroaren 16an Izvestia egunkariak eman zuen heriotza hauen berri baina partida aipatu gabe eta kmodu bitxian; presoak ihesi joan eta okindegi batean harrapatu ondoren exekutatu zituztela esan zuen. Ondorioz FC Starten historia isilean gelditu zen urte luzez.

1958an Petro Severovek "Azken dueloa" izenarekin Evening Kiev aldizkarian historia azaltzen zuen artikulua idatzi zuen eta hurrengo urtean liburua atera zuen. Historia berehala zabaldu zen eta 60. hamarkadan bi filma egin zituzten, Hirugarren zatia eta Heriotzaren partida izenekoak.Sobietarrak ez ziren beste bi filmeren inspirazio iturria ere izan zen, 1963ko hungariako Két félidő un pokolban eta 1981eko Estatu Batuetako Ihesa edo garaipena (Escape to victory) filma, Sylvester Stallone, Michael Caine eta Pelé aktore zirela.

1971ean Kieveko Zenit estadioan monumentua ezarri zieten eta 1981ean estadioak berak izena aldatu zuen Start Stadium bihurtuz.

Jokaturiko partiden zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguna (1942) Aurkaria Emaitza
Ekainaren 21a Hungariako guarnizioa 6-2
Uztailaren 5a Errumaniako guarnizioa 11-0
Uztailaren 12a Trenbide militarreko langileak 9-1
Uztailaren 17a PGS (Alemania) 6-0
Uztailaren 19a MSG.Wal (Hungaria) 5-1
Uztailaren 21a MSG.Wal (Hungaria) 3-2
Abuztuaren 6a Flakelf 5-1
Abuztuaren 9a Flakelf 5-3
Abuztuaren 16a Rukh (Ukrainako naziak) 8-0