Lillian Gish
Lillian Gish (Springfield, Ohio, AEB, 1893ko urriaren 14a - New York, AEB, 1993ko otsailaren 27a) estatubatuar antzerki- eta zinema-antzezlea izan zen.
[aldatu] Biografia
Antzerkian egin zuen debuta 14 urte zituela, bere ahizpa Dorothyrekin (1898-1968). Estatu Batuetan eta Kanadan zehar bira bat egin zuen, eta hartan egindako lana ikusirik, Griffith zinema-zuzendariak zineman antzezle gisa jarduteko aukera eskaini zien bi ahizpei. Horrela egin zuten debuta 1912. urtean, "Etsai ikusezina" filmean. Zuzendari harekin egin zituzten, orobat, "Munduko bihotzak" (1918) eta "Bi umezurtz txikiak" (1921), eta Lillian Gishek, bakarrik, "Nazio baten sorrera" (1915), "Besteren hobena" (1919) eta "Bi ekaitzak" (1920).
Griffithek lortu zuen Lillian Gishek zinemarako zituen dohain dramatikoak agerraraztea, lehenengo planoaren teknika berrizalea erabiliz. Zinema mutuaren garaian egin zituen lanik aipagarrienak Gishek, eta 1910eko hamarraldian eredu femeninoa irudikatu zuen: begi eta aho txikiak, lotsatia eta garbia. Adierazkortasun handiko eta izaera bereziko antzezlea izan zen, zinemaren historiako antzezlerik adierazgarrienetakoa.
1920. urtean Remodeling your Husband ("Zure senarra eraberritzen") filma zuzendu zuen, bere ahizpa Dorothy protagonista zela. Baina lanik garrantzitsuena 1928an egin zuen, "Haizea" filmeko interpretazioarekin, zinema mutuko interpretaziorik gogoangarrienetako bat. 1930ean zinema ahostuna sortu zenean, eten egin zen Lillian Gishen zinemako karrera, baina 1940ko hamarraldian agertu zen berriro, zaharturik baina ohi bezain indartsu. Harrezkero egindako filmen artean azpimarratzekoak dira "Duelua eguzkipean" (1947, bigarren mailako emakumezko antzezlerik onenaren Oscar sarirako izendatua), "Ehiztariaren gaua" (1955), "Eztei-eguna" (1978), "Askatasun gozoa" (1986).
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.