Minbera (landarea)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Minbera
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Plantae
Kladoa: Angiospermae
Kladoa: Eudicotyledoneae
Kladoa: Rosidae
Ordena: Fabales
Familia: Fabaceae
Azpifamilia: Mimosoideae
Generoa: Mimosa
Espeziea: Mimosa pudica
Mimosa pudica
Mimosa pudica

Minbera (Mimosa pudica), Fabaceae familiako landare-espeziea.

Landare honen bereizgarria da ukituz gero hostoak uzkurtu egiten direla, itxi egingo balira bezala, eta zurtoin txikiak beherantz erortzen direla. Landare-mugimendu azkarra deritzo gaitasun horri: denbora gutxian, segundo batean normalean, landare-egiturak mugitzeko gaitasuna, alegia. Hori egiteko gauza dira, halaber, Desmodium motorium eta Dionaea muscipula edo Venus eulijalea ere.

Defentsa gisa, harrapariek jan ez dezaten erabiltzen du espezie honek taktika hori. Izan ere, bere baitan biltzen denean, landarea ihartua edo zimeldua dagoela dirudi. Horrez gain, bero-orduetan ur gehiegi ez galtzeko eta azalera txikituta bere burua haizeaz babesteko ere balio du. Hostoak uzkurtuta egoten dira gau osoan.

Latinezko pudica hitzak «lotsatia» esan nahi du, eta antzeko izenak ditu landareak hainbat hizkuntzatan. Gaztelaniazko sensitiva eta dormidera, frantsesezko honteuse, alemanezko schamhaft, ingelesezko sensitive plant edo the touch-me-not eta beste hitz asko azaltzen dira landarearen izen arruntetan, eta kasu guztietan esan nahi du sentikor edo lotsati. Euskarazko izena ere adierazgarria da: minbera.

Hosto konposatuak ditu, bipinatuak, bi pina-parez osatuak, zeinak lerro-formako 15-25 hostoxka-pare baitituzte. Loreak oso txikiak dira, arrosa-malba kolorekoak, eta 2 cm-ko diametrorainoko loreburu pedizelatutan antolatuta daude. Udan loratzen da mimosa-espezie hau. Sustrai handiak ditu. Metro bateko garaiera izan ohi du. Bizitza motza du, 5 urte, gutxi gorabehera.

Jatorriz, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikakoa da, baina beste lurralde askotan sartu da. Zenbait herrialdetan, espezie inbaditzailetzat dute, hala nola Tanzanian, Asiaren hegoaldean eta hego-ekialdean eta Pazifikoko uharte askotan. AEBn, Floridan, Hawaiin, Virginian, Marylanden, Puerto Ricon, Texasen eta Virgin uharteetan bizi da.

Mimosa pudica belar txarra izan daiteke labore tropikalentzat, lursailak eskuz lantzen direnean, bereziki. Labore hauei egin ohi die kalte: artoa, kokoa, tomatea, kotoia, kafea, banana, soja, papaia eta azukre-kanabera. Bestalde, sustrai-noduluak era ditzake, zeinetan ezin baitira bizi nitrogenoa orekatzen duten bakterioak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Minbera (landarea) Aldatu lotura Wikidatan