Osetia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Osetiaren mapa.

Osetia (osetieraz Ир, Ирыстон, Ir, Iryston; errusieraz Осетия, Osetiya; georgieraz: ოსეთი, Oset'i) Kaukaso Handiko lurraldea da, gaur egun Errusiaren eta Georgiaren artean banatua dagoena: Ipar Osetia-Alania (Errusia) eta Hego Osetia (Georgia).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hunoek Volga eta Don ibaien ibarretan bizi ziren alanoen erreinua desegin ondoren (K. o.350-374) Kaukasoan geratu ziren alanoen ondorengoak dira gaur egungo osetiarrak.

XII. mendean kristau egin ziren. XIII. mendean, tartariarren inperioa Osetian barrena hedatu zenean, osetiarrak mendietan babestu ziren. Errusiaren eta Otomandar Inperioaren arteko gerraren ondoren (1768-1774) Osetia Errusia garailearen mendean geratu zen. Errusiaren kolonizazioa iparraldean hasi zen, 1784an Vladikavkazeko gotorlekua eraiki zutenez gero batez ere. 1919-1920 urteetan boltxebikeak eta Armada Zuriak Osetiako lurraldea beretzeko borrokatu ondoren, 1921etik aurrera, Kaukasiako Sobietar Errepublika Sozialista (SES) autonomoaren barruan geratu zen.

1922an Hego Osetiako lurralde autonomoa sortu zen Georgiako SESren barruan. 1924an Ipar Osetia Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalaren (SESF) barruko lurralde autonomo bilakatu zen, eta 1936tik aurrera, SES autonomo. 1992az geroztik Ipar Osetia Errusiako Federazioko errepublika autonomoetako bat da.

1990ean Georgiako lehendakari Zviad Gamsakhurdiak Hego Osetiaren autonomia galarazi zuen, eta osetiarrak lurraldetik egotzi nahiaz salatua izan zen. Hego Osetia eta Georgiaren arteko harremanek okerrera egin zuten, eta gerra zibila piztu zen lurraldean, hildako eta erbesteratu asko eragin dituena. 1991eko abenduan osetiar herriaren Kongresuak Hego Osetiaren eta Ipar Osetiaren batasuna eta Errusiarekiko lotura aldarrikatu zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Osetia Aldatu lotura Wikidatan