Psikrofilo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Chlamydomonas nivalis alga psikrofiloak kolore gorria ematen dio elurrari


Psikrofiloak (grezieratik: ψυχρος, psikros, "hotz" + φιλíα, filia, "zale") tenperatura hotzetan bizi daitezkeen izaki bizidunak dira. Haien tenperatura optimoa 15º C baino txikiagoa da, tenperatura maximoa 20º C-koa eta 0º C-tan bizi daitezke.

Bizidun hauek habitat hotzetan daude: ozeanoetako uretan (ozeano gehienetan batez besteko tenperatura 5º C-koa da; itsas hondoetan tenperatura hori bajuagoa izanik), elurretan eta toki hotzetako lurzoruetan, glaziarretan, gizakiak sortutako ingurugiro hotzetan (hozkailuetan, ganbera hotzetan...), etab.

Psikrofilo gehienak bakterioak dira, baina hauetaz gain onddoak, algak eta beste eukarioto batzuk ere (arrainak, esaterako) tenperatura hotzetan bizi daitezke.

Bakterioen artean Pseudomonas, Vibrio, Flavobacterium, Clostridium, Arthrobacter eta Listeria dira psikrofilo aipagarrienak. Genero hauetako espezie guztiak ez dira psikrofiloak, ordezkari batzuk baizik.

Onddoen artean Penicillium eta Mucor aipa daitezke.

Oso ezaguna da Chlamydomonas nivalis psikrofiloa, "elurretako alga" deritzona. Alga honek kolore gorria ematen dio elurrari, efektu ikusgarria sortuz hazten den elurretan.

Bizidun psikrofiloek moldaera batzuk garatu dituzte ingurugiro hotzetan bizitzeko: haien zelula mintzek, esaterako, lipido bereziak dituzte. Psikrofiloen entzimek ere oso ongi funtzionatzen dute hotzean.


Psikrofilo motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi psikrofilo mota daude:

  • Psikrofilo hertsiak: haien tenperatura maximoa 20º C-koa da; hortik gora ezin dira bizi.

Talde honetan Polaromonas vacuolata izeneko bakterioa dago, Antartikako uretan bizi dena, munduko bizidun psikrofiloena (bere tenperatura optimoa 4º C-koa baita).


  • Psikrofilo fakultatiboak: hotzean bizi daitezke, baina haien tenperatura optimoa 20-30º C-tan kokatzen da.

Talde honetan daude janariak hondatzen dituzten mikroorganismo asko.