Rembrandt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rembrandt
Rembrandt
Rembrandten autoerretratua, 1659, Washingtongo Arte Galeria Nazionala
Datu pertsonalak
Izen osoa Rembrandt Harmenszoon van Rijn
Jaio 1606ko uztailaren 15a
Leiden (Zazpi Herbehere Batuen Errepublika, gaur egun Herbehereak)
Hil 1669ko urriaren 4a
Amsterdam (Zazpi Herbehere Batuen Errepublika, gaur egun Herbehereak)
Bikotekidea(k) Saskia van Uylenburgh
Sinadura

Rembrandt Harmenszoon van Rijn[1] (Leiden, Zazpi Herbehere Batuen Errepublika, 1606ko uztailaren 15a - Amsterdam, Zazpi Herbehere Batuen Errepublika, 1669ko urriaren 4a) herbeheretar marrazkilari, margolari eta irarle barrokoa izan zen. Artearen historiak eman duen artista aipagarrienetakoa da. Bere obren ezaugarri garrantzitsuenak koloreen aberastasuna eta argi-ilunen erabilera bikaina dira.

Bere garaiko artista nagusietako bat izan zen, genero asko landu eta guztietan berezitasunak erakutsi zituena; teknika bikaina zuen eta irudi figuratiboetarako hainbat isuritatik edan zuen (bere garaiko artista herbeheretarrak, flandriarrak, XVI. mendekoak, eta Italiako Pizkundeko margolariak). Gaztaroan indar dramatiko handiko obrak egin zituen, baina gerora emozioari eta misterioari eman zion lehentasuna. Errealitatea adierazteko gero eta jarrera barnekoiagoa hartu zuen, bere garaiko gustuak agintzen zuenetik aldenduz bazen ere, errealitatearen eta gertaeren atzealdea, alderdirik sakonena aztertzeko ahalegina egin zuen.

Bizitza

Ikasketak

Kalbindar baten semea izan zen, eta Bibliaren eta kultura klasikoaren ezagutza sakona izan zuen gaztetatik. Leidengo unibertsitatean hasi zen ikasten, baina unibertsitatea utzi zuen margolaritza ikasteko. Jacob van Swanenburchekin egin zituen margolaritzako lehen ikasketak Leidenen, eta Amsterdamen osatu zituen, Pieter Lastmanekin. Aipatutako bi irakasleak, berriz, Carraci anaien eta Caravaggio pintore handien ikasleak izan ziren eta argi-ilunaren teknika menderatzen zuten; geroago Rembrandt-en lanetan eragin handia izan zuen teknika hark. Amsterdam hirian flandriar artearen oparotasunarekin topo egin zuen eta XVI. mendeko herbeheretar eta ingeles maisuez arduratu zen.

Leidengo aldia

Jesusen agerraldia tenpluan, 1631
Mauritshuis, Haga

1627an jaioterrira itzuli zenean, Lastmanen ikasle izandako Jan Lievensekin batera jarri zen margolari independente gisa lanean, eta lantegi propioa sortu zuten. Constantijn Huygensek idatzi zuenez, Lievensen dohainak sorkuntza ahalmena, monumentaltasuna eta formen edertasuna zuen, eta erretratu egilea hobea zen, baina Rembrandt psikologo hobea zen eta efektu biziagoak sortzeko gai. Hortaz, historiarako hobea zen, bere pertsonaiei ematen zien bizitasunagatik; koadro txikiagoetan maisutasun tekniko handia erakutsi zuen eta espazio mugatuagoan gauza gehiago adierazteko gaitasuna zuen.

Lehenengo urteetako koadro eta grabatuetan erlijio gaiak erabili zituen, batez ere, Rembrandtek; gerora ere landu zituen gai horiek, baina hasieran dira bereziki aipagarriak gai kristauak eta Bibliakoak. Estiloari dagokionez, Lastmanen eta Caravaggioren eragin nabarmena dute obra horiek, eta hasieratik antzeman zitzaion argiaren lanketarekiko kezka; argi-ilunen kontrastea eta argiaren efektu bortitzak bilatu zituen eta bizitasun handia eman zien bere pertsonaiei, Kristo Emausko erromesekin koadroan (1629, Jacquemart-André museoa, Paris) esate baterako.

Baina oso goiz hasi zitzaion antzematen bere estilo propioa eta, horrela, 1630 ingururako bere bideari heldu zion: argiaren kontraste bizien eta dramatismo bortitzaren ordez argi-ilun lauso misteriotsuetan bildu zituen bere irudiak, eta emozioaren interpretazioari lehentasuna ematen hasi zitzaion bere gaietan. Aldaketa hori nabarmentzen da, besteak beste, Jesusen agerraldia tenpluan (1631, Mauritshuis, Haga) eta Egiptoko ihesaldia (1627, Toursko Arte Eder museoa) obretan. Zenbait koadro, marrazki eta akuaforteetan aurpegien estudio bikainak eta autoerretratuak (1626, Museum Schloss Wilhelmshöhe, Kassel) egin zituen, berezko estiloa eta teknika zehatza erakutsiz. Lehen aldian grabatu ugari ere egin zituen, eta haien bitartez lortzen hasi zen ospea, Europa osora zabaldu baitziren.

Amsterdameko aldia

Grabatuekin zuen arrakastak bultzatuta, Amsterdamera aldatu zen 1631n. 1634an Saskia van Uylenburghekin ezkondu zen eta, ikasleak hartzen hasi zelarik, bere ospea areagotu egin zen. 1630az aurrera erretratugintza lantzen hasi zen, eta arrakasta handia izan zuen hiriko erdi-goi mailako biztanleei erretratuak eginez. Agerian geratu zen pintoreak gizarte nahiz diru mailan izan zuen hobekuntza, emazteari eta bere buruari eginiko erretratuetan ikusten den bezala. Izan ere, Saskia, emaztea, izan zuen eredu maiteena erretratuetan, harik eta 1642an hil zen arte. Herbehereetako erretratugintza, talde irudiei dagokionez bereziki, eraberritu eta margolaritzako jenero nagusien mailara eraman zuen. Oro har, xehetasun errealistez beteriko irudiak agertzen ditu erretratuetan, eta marrazki naturalista oso zainduak; gorputz erdiko erretratuak egin zituen, batez ere, banakako erretratuen alorrean, baina gorputz osoko zenbait irudi aipagarri ere ditu, adibidez, Marten Soolmans eta Oopjen Coppit senar-emazteenak (1634; Rothschild bilduma, Paris).

Nicolaes Tulp doktorearen anatomia ikasgaia, 1632
Mauritshuis, Haga

Ezaugarri psikologikoen azterketa zorrotza, errealismoa eta teknika maisutasun handia (aberastasun handiko testurak eta argi efektu bikainak) dira koadro horien ezaugarri nagusiak. Aipagarriak dira erretratu ofizial aristokratikoak eta baita bere autoerretratuak eta emazteari egindakoak ere: Autoerretratua (1634, Gemäldegalerie, Berlin), Saskia irribarretsu (1633, Gamäldegalerie Alte Meister, Dresde), Maria Bockenolle (1634, Museum of Fine Arts, Boston), Gizona ekialdeko jantziekin (1635, Rijksmuseum, Amsterdam), Maria Trip (1639, Rijksmuseum, Amsterdam). Talde irudietan berrikuntza handiak egin zituen, adibidez Nicolaes Tulp doktorearen anatomia ikasgaia (1632, Mauritshuis, Haga); ordu arteko Herbehereetako erretratugintzan ohi ez bezala, pertsonaia guztiak ekintza berari lotuak agertzen dira koadro horretan. 1630eko hamarkadan utzi zuen agerian Rembrandtek nolako trebetasuna zuen argi-ilunekin jokatzeko, eta nolako sentsualtasunaz adieraz zitzakeen testurak. Gai erlijiosoko eta mitologikoko koadroetan nabarmena izan zen barrokismorako joera, naturalismoa eta emozioa adierazteko gaitasuna, humanismoa eta poesia lotzeko gaitasuna; joera horren erakusgarri dira Familia sakratua (1634-1635, Alte Pinakothek, Munich)[2], Gurutzetik jaistea (1633, Alte Pinakothek, Munich)[3], Rembrandtek berak aitortu zuen bezala, Kristoren nekaldia gaiari buruzko bost oihal (1633-1639, Alte Pinakothek, Munich), Ganimedesen bahiketa (1635, Staatliche Kunstsammlungen Dresden)[4] eta Danae (1636, Ermitage, Leningrado)[5]. Garai hartan, azpimarratzekoak dira, azkenik, Amsterdam inguruko parajeetako paisaiak, kutsu fantastikokoak, argi efektu bikainekikoak, adibidez Harrizko zubiaren ikuspegia (1638, Rijksmuseum, Amsterdam)[6].

Gaueko erronda, 1642
Rijksmuseum, Amsterdam

1642an erabateko aldaketa gertatu zen Rembrandten bizitzan, emaztea eta lau seme-alabetatik hiru hil baizitzaizkion; 1641ean jaiotako Titus semea salbatu zen soilik. Garai hartan margotu zuen bere maisulanik goraipatuena, Gaueko erronda (1642, Rijksmuseum, Amsterdam) deitua, benetako izenburua Frans Banning Cocq kapitainaren eta Willem van Ruytenburch tenientearen konpainia duena eta, orain gutxi arte besterik uste izan zen arren, egunez jazotako gertaera bat azaltzen duena. Margolan honetan, Rembrandten pintorearen ezaugarri nagusiak biltzen dira: pertsonaiak koadroan antolatzeko era, argi eta itzalen teknika zehatza, xehetasunak eta eszena beraren dinamismoa.

Bestetik, bere ospea itzaltzen hasi zen, ezin izan baitzion aurre egin Herbehereetako pinturan gauzatzen ari zen aldaketari; garai hartako gizarteak arrandia formala eta komenientzia eskatzen zituen, eta Rembrandt, aldiz, gero eta gehiago murgildu zen izpiritualtasunean, gero eta obra barnekoiagoak eginez. Horrenbestez, ospeak behera egin zuen, esan bezala, eta lan gutxiago, erretratu ofizial gutxiago batez ere, agintzen zioten, baina orduan hasi zen bere heldutasun beteko garaia eta ordukoak ditu bere obra garrantzizkoenak, hala nola, Aristoteles Homeroren buruarekin (1653, Metropolitan Museum of Art, New York)[7] eta Emausko afaria (1648, Louvre, Paris)[8]. Pintura jasoagoa eta konplexuagoa landu zuen, askeagoa, nabardura askoko kromatismo harrigarria ageri dute bere koadroek, kolore epelak eta urre kolorea direla nagusi, eta efektu magikoez hornituak dira. Bibliako gaietan arrandia eta maitasuna islatzen hasi zen, eta kutsu barnerakoia eta mistikoa hartu zuten bere obrek. Koadroez gainera oso aintzat hartzekoak dira 1640-1650 hamarkada inguruko grabatuak ere, batez ere Hiru zuhaitz (1643), Hiru gurutzeak (1653), etab.

Jan Sixen erretratua, 1654
The Six Collection, Amsterdam

Azken urteak

Bildumagile eta arte-merkatari bihurtu zen, eta Hendrickje Stoffels gaztearekin izan zituen harremanen ondorioz, 1649an Cornelia, haren alaba, jaio zen. Bere jauregi handiaren ordainketak eta Ingalaterraren aurkako gerraren ondorioz arte-merkatariaren negozioen gainbehera zirela eta, 1656an porrot egin zuen[9] eta, etxea saltzeaz gainera, bere obrak nahiz bildutakoak saldu behar izan zituen.

Bere bizitzako azken urteetan buru-belarri pintatzeari ekin zion eta mailarik gorena lortu zuen bere pinturak garai hartan. Hainbat Autoerretratu egin zituen, bereziki aipagarriak Washingtonen, Amsterdamen (1661) eta Kolonian (1662 aldean) daudenak. Azterketa psikologikoa da, halaber Nicolaes Bruyningh (1652, Staatliche Museen, Kassel), Jan Six (1654, The Six Collection, Amsterdam), Emakumea larrosarekin (1660-1669, Metropolitan Museum of Art, New York) koadroen berezitasun nagusia. Talde irudi bikainak egin zituen, konposizio landua eta harmonia handia dutenak; giro naturalista eta egiazkoa eman zien: Staalmeesters, oihalgileen sindikoak (1662, Rijksmuseum, Amsterdam).

Iruditegia

Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Erreferentziak

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
  2. La Sagrada Familia. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  3. El descendimiento de la cruz. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  4. Rapto de Ganímedes. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  5. Danae. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  6. Paisaje con un puente de piedra. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-10).
  7. Aristóteles contemplando el busto de Homero. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-11).
  8. La cena en Emaús. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-11).
  9. Rembrandt. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-10-11).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rembrandt Aldatu lotura Wikidatan