Barrokoa

Wikipedia(e)tik
Barroko» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Berniniren Santa Teresaren estasia
(Santa Maria della Vittoria, Erroma).

Barrokoa XVI. mendearen amaieratik XVIII. mendearen erdialdera arte Europan eta bere eraginpeko herrialdeetan eman zen aro kulturala da. Literaturan, eskulturan, margolaritzan, arkitekturan, dantzan eta musikan eragin zuen, garai artistiko berezi bat eratuz.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barroko hitza ondorengo kritikoek asmatutako izena da, edozein garairi ematen zaion izenarekin gertatzen den bezala. Portugesezko barroco («forma irregularreko perla» edo «bitxi faltsua») hitzaren frantsesezko itzulpena omen da. XVI. mendean sartu zen hitz hori bitxigintzaren hizkera teknikoan. Esangura horrexekin jaso zuten frantses hiztegiek (Antoine Furetière, 1690; Frantses Akademia, 1718), baina berehala hartu zuen beste esanahi bat, irudizkoa: (gauza) bitxia, ia-ia harrigarria.

Barrokoa, estilo gutxietsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laocoonte eta bere semeak, eskultura helenistikoa, K. a. II. mendea), Vatikanoko Museoak. Kritiko eta historialari askoren arabera, barrokoa arte-estilo guztietan, aldi klasikoaren ostean, garatzen den fasea da. Era horretan, Arte helenistikoa Antzinako Greziako artearen aldi barrokoa izanen litzateke[1].

Barroko hitza zentzu iraingarrian erabili izan zen, apaingarrien gehiegikeria salatzeko, Ilustrazio garaiko (XVIII. mendea) soiltasunarekin alderatuta. Azkenik, Heinrich Wölfflin arte historialari alemaniarrak (1864-1945) berriz zabaldu zuen Barroko hitza, Pizkundearekiko aurkako korronte bezala identifikatuz.

Sarritan pentsatu izan da -besteak beste, halaxe ageri da Encyclopedien-, logikarien baroco hitzetik zetorrela barrokoaren kontzeptua, alegia, silogismo mota baten izendapenetik; silogismo horrek ordea ez du adierazten pentsamoldearen inolako irregulartasunik. Bestalde, aski bitxia gertatzen da gaur egun 1776ko Encyclopediearen eranskinean, Jean Jacques Rousseauk (S sinadurarekin) musika barrokoaz ematen duen definizioa ikustea: «Harmonia nahasia duena, modulazioz eta disonantziez betea»; guk, berriz, XVII. mende osoko eta XVIII. mendearen erdialdeko musikari esaten diogu musika barrokoa.

XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran, antzinatasunaren zale ziren eta arkitektura klasikoa bezpiztu nahi zuten teorialariek erabili zuten barroko hitza, Seicentoko maisu italiarren arauen eta gustuaren kontra zihoazen bitxikeriak eta gehiegikeriak izendatzeko, hain zuzen ere.

Jacob Burckhardt Basileako irakasle eta arte kritikari handia -bere Cicerone-n (1860) Italiako estilo barrokoa Berpizkundearen aldaketa (hondamen) gisa aurkeztu zuena-, denborarekin bere lehen irizpide hori berraztertuz, begi onez hasi zen ikusten lehen gaizki ikusia zena; haren ustez Kontraerreformaren artea zen barrokoa. Hala ere, Frantzian batez ere, XIX. mendean, garai positiboa eta errealista izanik, gustuaren eta arrazoiaren adierazpen beteena klasikotasunean antzematen zuten klasikozaleek kondenatu egin zuten barrokoko italiar arkitektura eta hartatik sortu ziren formak.

Horren ondorioz, gutxiespenezko adieran erabili zen barroko hitza, harik eta Lehen Mundu Gerra bukatu berria zen arte. Garai horretan, beste ezaugarri bat eman zioten barrokoari estetikako adituek. Haien arabera, sentiberatasun orokorraren aldi bati dagokio barrokoa, literaturan nahiz artean. Aldi horretan askeak ziren fantasiaren eta irudimenaren balioak, agian baita nahasmeneraino ere, baina ezin ukatu zen berez zuten erakarmena eta grazia. Ez da hau leku egokia barroko hitzaren historia osoa egiteko, baina, dudarik gabe, argigarria da hiru puntu hauek aipatzea:

  1. Kronologiaz, estilo artistiko orokorra da barrokoa, Berpizkundearen ondokoa. Estilo honen agerpen beteenak Italian osatu ziren XVII. mendean, eta handik, arrakasta handiagoz edo gutxiagoz, Espainiara, Frantziara, Alemaniara, erdialdeko Europara eta Errusiara igaro zen. Irudimenezko, asmamenezko, oparotasunezko, kontrastezko artea da, eta eredu klasikoan nagusia den orekaren eta harmoniaren bilaketaren oso bestelakoa.
  2. Estilo hau erabili zuten artistek ordea ez zuten inoiz barroko izendatu. Gehienek ezagutu ere ez zuten egiten hitza, eta are gutxiago gaur ematen zaion esangura. Frantzian. adibidez, «erromatar moduko» genero bat aipatu ohi zen.
  3. Denboratasuna alde batera uzten bada, alegia, garai guztietan eta sorkuntzaren genero guztietan aurkitzen den estilotzat edo ikusmoldetzat harturik, ausarta, harrigarria, kontraste handikoa edo koherentziarik gabea denari esaten zaio barrokoa. Oinarrian behintzat, sentitze moduetan eta adierazpenetan, trantsizio aldien isla da, barne zailtasunena, usadiozko balioak auzitan jartzea, sakoneko balio sarritan mingarri, beti larrien kanporatzea.

Kokapen historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrokoa, Pizkunde garaia eta Neoklasizismoaren artean kokatzen da. Garai honetan hainbat kultur mugimendu iraultzaile garatu ziren, zientzia berri bat sortuz, eta Erreforma Protestantea bezalako erlijio era berriei hasiera emanez.

Arte Barrokoak garrantzi handiko zeregina bete zuen garaiko gatazka erlijiosoetan. Protestanteek apaingarririk gabeko elizak eraikitzeko zuten joeraren aurrean, Eliza Katolikoak barrokoaren handitasun eta konplexutasunaz baliatu egin zen bere helburu liturgikoetarako. Aita Santuak Kontraerreformarekin ekin zion Martin Lutherek abiatutako erreformaren aurka. Artea, Aita Santuaren eta fedearen autoritatea goresteko erabilia izan zen. Zentzu honetan onar daiteke, barrokoa Kontraerreformaren espresio estetikoa izan zela.

Monarkiak ere, arte honen handitasunaz baliatu ziren, haien aldeko propaganda tresna bezala. Garaiko burgesiak, halaber, barrokoa erabili zuen.

Sailkapenaren gorabeherak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ideia emankorra gertatu da, Berpizkundearen ondorengo zibilizazioak aztertzeko eta ezagutzeko, kategoria barrokoak XVII. mendean izan zirela, eta beti izan daitezkeela uste izatea. Baina gehiegikeriaz aritzeko arriskua ere badago, baldin eta barrokoari, baita kronologikoari ere, ezaugarri absolutuegia ematen bazaio. Obra ezezagunei edo behar bezala ezagutzen ez zirenei merezi zuten balioa eman zaienean -edertasunaren interpretazio platonikoaren arabera, dogmatzat hartzen ziren irizpideen arabera neurtzen eta balioztatzen zirelako baztertu ziren haiek-, modu zurrunegian kontrajarri izan dira barrokoa eta klasizismoa, bazterreko formak, edo berez kategoria honetan sartzen ez ziren obren ezaugarri barrokoak, edota sailkatzen zailak diren obrak, kontuan hartu ez direnean.

Era berean, barroko kronologikoari dagokionez, oso zaila da barrokoa noiz hasi zen eta noiz bukatu zen zehatz mugatzea. XIX. mendeko alemaniar kritikariak Friihbarock batez mintzatu ziren («barroko goiztiarra» itzul daiteke hitz hori), baina kontzeptu hori ez da erraz bereizten beranduko Berpizkundetik. Bukaerako mugari dagokionez, neoklasizismoak ipini zuen seguraski barrokoa eten zuen hesia, alegia, antzinarorako itzulera; baina zer esan daiteke XVIII. mendeko rokokoaz, aldi berean izanik barrokoaren gertukoa eta desberdina?

Hortaz, hiru osagai, edo kategoria, biltzen dira barrokora: beranduko Berpizkundea -edo, gero eta gehiago erabiltzen den moduan, manierismoa-, barrokoa bera eta rokokoa. Hau da, beste era batera esanda, XVI., XVII. eta XVIII. mendeak, hurrenez hurren. Banaketa zehatza da, bilakaera historikoa aztertzen laguntzen duena, eta aldiak hobeto finkatzeko laneko hipotesitzat har daitekeena. Baina ezin ahantzaraz dezake trantsizioko urteak nekez eta zalantza handiz baizik ez daitezkeela mugatu eta zehaztu. Izan ere, hiru aldi horiek, bata bestetik sortuak izanik, ez dira inondik inora itxiak, eta ezin esan daiteke beraz barrokoa aurreko edo garai bereko klasizismo baten aldaketa edo endekatzea dela.

Ez da ahaztu behar barrokoa, beste edozein estilo bezala, adierazpidetzat daukaten gizarteen sakoneko joerei dagokiela, joera ideologiko jakinei dagoela lotua: joera filosofiko eta erlijiosoei, eta orobat gorabehera historikoei. XVI. eta XVII. mendeko Europa bereizkuntzaz eta ñabardurez bete hartan, barrokoa ez zen izan kanpotik iritsitako gauza. Bat etorri zen lekuan lekuko eskaerekin eta, horren ondorioz, itxura desberdinak hartu zituen herrialdeen arabera.

Barrokoa eta erlijio auziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusmolde espiritualago, barnekoago bat hartuz, baita barrokoa gogo egoera gisa harturik ere, esan daiteke kategoria honek XVI. mendearen hastapenean jada hasia zen hausturaren eta zatiketa prozesuaren muturreko krisia nahi duela esan; Erreforma Protestanteak ekarri zuen haustura hori erlijioan gertatu zen batez ere, baina orobat politikan eta nazioen antolamenduan. 1648ko Westfaliako bakean onartu zen behin betiko egoera berria; haren ondorioz, nazioak etenda bezala geratuko ziren potentzien arteko oreka baten idealaren eta gerrara -bai beren herrietan, bai konkistatutako lur berrietan- bultzatuko zituen logika gogorraren artean.

Erreforma eta Kontraerreforma -1563an bukatu zen Trentoko kontzilioa-, higikunde izatetik, egoera finko izatera igaro ziren XVIII. mendean, bizitzan eta orobat literaturan ondo txertatuak. Kasu bitxia da Frantziakoa; XVII. mendean zehar kendu egin zieten kalbinistei garai batean bakea lortzeko utzia zitzaien esparru eskasa eta, hori orekatzeko, jansenismoa bihurtu zen garai hartako kristautasunaren molde nagusia. Era berean, garrantzitsua izan zen Ingalaterran, parlamentarismoarekin batera, kalbinismoaren gorakada, erregetzak ezarritako anglikanismoaren erdibidearen indarrak behera egiten zuen artean gertatu zena.

Espiritu barrokoak, oro har, gero eta konfidantza gutxiago zuen munduan eta mundua menderatzeko eta ulertzeko ahalmenean, eta bere baitara jotzen zuen maiz egia han bilatzeko, egia morala nahiz matematikoa. Eta halaxe gertatu zen bai garai honetako behin betiko krisian sartu zen potentzia handian -Espainian-, bai hegemonia hori beretuko zuen potentzian -Frantzian-, baita Frantziari lekua kentzeko prestatzen ari zen horretan ere, Ingalaterran.

Alabaina, espirituari edo erlijioari dagokionez, aukeramen librearen sineste katolikoak eta horren ondorioz azken orduko damutzeak dakarren salbazioan ipinitako konfiantzak ez dirudi arimak gehiegi baretu zituenik, ezpada predestinazioaren ideia izugarria onartzen zutenena. Intelektualki, barrokoaren arima honek Descartesengan du bere adierazpen filosofikoa.

Barrokoa nola hedatu zen jakiteko, lehenik Kontraerreformaren herrietatik dago hasi beharra, batez ere Espainiatik, hura baita barrokoaren herrialde nagusia, Italiak galdua baitzuen bere gidaritza Berpizkundeaz geroztik; eta Frantziaren kasu berezia arestian aipatu da. Barrokoa, forma den neurrian, garbiago ikusten da Kontraerreformaren argitan, eta hori ez bakarrik arrazoi politikoengatik, horiek agerikoak baitira, estutasun handiko garaiak zirelako baizik, hainbesteraino non askok denboraren amaiera ikusi ere baitzuten. Nolanahi ere, gainbehera gogor baten hasiera zen hura.

Horrezaz gainera, herri katolikoetan tradizio handiagoa zegoen ikus zitekeen hura balioesteko, eta atxikiago zeuden tradizio humanistari, eta horri esker espiritu barroko larritu eta muturrekoak lehengai sendoagoak eta indar handiagoa zuen hausnarketa egiteko, Erreformaren bakuntasun askoz ere sentsualagoak baino, eta, zer esanik ez, kalbinismoaren arrazionaltasunak baino.

Margolaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Las Meninas" koadro ezaguna (1656, Velázquez).

XVII. mendean arte joera berri bat sortu zen, berriz ere, Italian. Caravaggiok errealitatea gordin azaltzeari eta argiari balio handia ematen zion joera naturalista bultzatu zuen. Hala, Errenazimentuko lerro zuzentasunaren ordez, higidura eta indarra adierazten zuten irudiak hobetsi ziren. Diagonalean antolatutako konposizioak, ustekabeko ikuspuntuak, argilunak eta kolore biziak dira pintura barrokoaren ezaugarrietariko batzuk. Teknikari dagokionez, olioa nagusitu zen. Era guztietako gaiak landu ziren, erlijiozkoak gehienbat, rokoko estiloan salbu, hartan paganismo klasikoaren gaiak landu batziren. Bestalde, Barrokoaren bukaeran sabaiak eta gangak margo-lanez apaintzen hasi ziren.

Italiatik kanpora ere hedatu zen. Herbehereetan Rubens izan zen artista garrantzitsuena eta, berarekin batera, holandar (Rembrandt, Frans Hals, Jan Vermeer, Jacob van Ruysdael) eta flandestar (Antoon van Dyck, Jacob Jordaens, Frans Snyders) eskolek garapen handia izan zuten. Espainian Urrezko Mendea deituriko aroarekin bat etorri zen barrokoa; Francisco Ribalta, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Diego Velázquez eta Bartolomé Esteban Murillo margolari handiak garai hartakoak dira. Barrokoaren eragina Hego Ameriketara ere iritsi zen; aipatzekoa da Cuzcoko pintura eskola, Perun.

XVIII. mendean Europako artearen erdigunea Italiatik Frantziara aldatu zen. Han dotorezia eta sentsualitatea nagusitu zen. Italian ganga apainketa joriak egiten jarraitu zuten (Giambattista Tiepolo). Britainia Handian ordura arte ez bezalako margolari bikainak sortu ziren (William Hogarth, Thomas Gainsborough). Espainian Francisco de Goya gailendu zen; haren tapizetarako kartoiak, erretratuak eta grabatuak margolaritza modernoa iragarri zuten.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barroko aldiko eskulturak, bai irudietan, bai hilobietan, aldareetan edo iturrietan (Berninik eta bere laguntzaileek Erromako Navona plazan eraikitako Lau ibaiena) higidura bortitza, keinu gehiegikeria, aurpegikera behartuak eta jantzi eta ile nahasiak erakusten dituzte adierazpen patetikoak irudikatu nahiz. Bernini izan zen barrokoaren eskultore handia, eta haren eragin erabakiorra beste herrialdeetara hedatu zen. Espainian eskultura erlijioso berezia garatu zen, imaginería deiturikoa (elizetako irudiak, prozesioetako pasoak edo andak…): Gregorio Fernández, Juan Martínez Montañés, Alonso Cano, etab. Frantzian, aldiz, gai profanoak erabili zituzten Antoine Coysevox, Nicolas Coustou eta abarrek.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Arkitektura barrokoa»

Sakontasuna lantzen duen konposizio modua, itxurazko efektuak —trompe l’oeil delakoa—, obra bere osotasunean hartzea —eta ez bere osagaiek banan banan harturik osatzen duten multzo gisa— dira barrokoaren ezaugarri formal batzuk. Apaindurazko oparotasuna nabarmena da, eraikuntzaren kanpoko aldetik eta barne aldetik, halako moldez non apaingarriak guztiz nagusitzen baitzaikie eraikuntzazko osagaiei. Lerro bihurriak eta apaindura zutabeak erruz agertzen dira. Ekaietan kolorezko marmola, urreztadura eta iztukuak ugari erabiltzen dira.

Vignolaren Gesù eliza (Erroma, 1568) arkitektura barrokoaren aitzindaritzat hartua izan ohi da. Italian, estilo honetako arkitektorik garrantzitsuenak Carlo Maderno, Pietro da Cortona, Gian Lorenzo Bernini, Francesco Borromini eta Filippo Juvarra izan ziren. Frantzian, beranduko barrokoa edo rococo deiturikoa garatu zen. Alemanian, Hogeita Hamar Urteko gerra zela eta, lehen barrokoaren eraginik ez zen sumatu, baina XVIII. mendean bete-betean garatu zen estilo hau Frantziako rococo estiloaren eraginez. Ingalaterran arkitekturaren alorrean garrantzi gutxikoa izan bazen ere barrokoa, haltzarigintzan bi estilo eman zituen: Ana Erregina eta Chippendale. Espainian XVII. mendearen amaieran eta XVIII.aren hasieran churrigueresco izendaturiko arkitektura barrokoak maila garaiena iritsi zuen; Churriguera anaiak, Pedro Ribera, Narciso Tomé eta Fernando de Casas Novoa artista behinenak dira.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Literatura barrokoa»

Alor honetan ere barrokoa ez da adiera bakarreko hitza. Maiz aski, apaindurazko ugaritasunaz hornitua edo mami-azalak nahasiak ageri diren literatura idatziari barrokoa deitu ohi zaio, edozein delarik ere delakoaren sorrera aldia. Ikuspegi estilistiko hori alde bat utzirik, artearen beste arloetan bezala, XVII. mendearen inguruan sorturiko literatura da berez literatura barrokoa. Dena den, garai hartan Europako herrialdeetan oso egoera desberdinak zirenez, barroko literarioak ezagugarri bereziak izan zituen herri bakoitzean.

Italiako poetika barrokoak adierazpen molde guztiz landua eta metafora ausartak erabili zituen, irakurlearen baitan harridura sortu nahiz. Giambattista Marinok (1569-1625), Adonis poemaren egileak, eman zion izena literatura mota honi: marinismoa. Antzertian, Commedia dell’arte finkatu egin zen. Daniello Bartoldi (1608-1681) jesuitak deskripzioz eta erretorikaz beteriko prosa jorian idatzi zuen.

Frantzian XVII. mendean, Nicolas Boileauren klasizismoaren ondoan, preziosismoa loratu zen, marinismoaren izpiritutik hurbil zegoen mugimendua alegia. Ingalaterran ere marinismoarekin zerikusia zuen mugimendua garatu zen, eufuismoa, John Lylyren Euphues eleberriaren izenburutik harturiko izena. Hala eta guztiz, barrokoagoa da zenbait poetaren lirika metafisiko kontzeptista ausarta: John Donne, George Herbert, Richard Crashaw.

Alemanian XVII. mendea oso gizaldi pobrea izan zen Hogeita Hamar Urteko gerragatik, baina hala ere barrokoak utzi zituen bere aztarnak; Martin Opitzen Alemaniar poesiaren liburua barrokoaren agiritzat har daiteke, eta Paul Fleming (1609-1640), Abraham a Sancta Clara (1644-1709) eta Andreas Gryphius (1616-1664) dira garai honetako poesia alemanaren autore garrantzitsuenak. Prosan Christoffel von Grimmelshausen (1625-1676) nabarmentzen da bere Simplicissimus abeturazalea eleberri pikareskoarekin.

Espainiako barrokoak funtsean Europakoaren ezaugarriak agertzen ditu: formetan nabarmena, ezkorra bere pentsamenduan. Eleberri pikareskoa, errealismo barrokoaren adierazpen garaiena, Mateo Alemánen Guzmán de Alfarache-ren ondoren loratu zen, Francisco de Quevedoren El Buscón eta beste askoren obrak plazaratu zirelarik. Luis de Góngoraren poesia mendebaldeko lirikaren gailurretakoa da. Haren kulteranismoaren aurrean barrokoa ulertzeko beste estiloa, kontzeptismoa deiturikoa landu zuen Quevedok. Antzertiari dagokionez, Lope de Vega eta Calderón de la Barca dira nagusi ageri. Lehenak erretorika eta arau klasikoen mugak gainditu zituen erromantizismoaren aitzindari izanez; bigarrenak, kontzeptista eta kulteranoa biak batera den bertso modu bat erabiliz, joko dramatikoaren egiturak eraldatu zituen. Autore horiekin guztiekin batera, aipatzekoak diren beste idazle anitzek toki gailenean ezarri zuten Espainiako Barrokoa.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barroko musikala 1600tik 1760 arte hedatu zen, Claudio Monteverdirengandik Antonio Vivaldi, Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Händelganaino. Italia, Alemania eta Frantzia izan ziren berrikuntza aro honen gune garrantzitsuenak. Opera, oratorioa eta kantata garai honetan sortu edo finkatu ziren, hirurak Italian. Orduan ere, beste zenbait genero garatu ziren: sonata, suitea, concerto grossoa eta sinfonia. Lehengoez gain, aipagarriak dira Tomaso Albinoni, Arcangelo Corelli, Domenico Scarlatti, Giovanni Battista Pergolesi, Georg Philipp Telemann, Johann Pachelbel edo Henry Purcell.

Barrokoa Italian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sortu, Erroman sortu zen barrokoa, baina, besteak beste, Turin, Venezia, Bolonia eta Napolin ere indar handia izan zuen 1600 eta 1680 bitartean. XVII. mendean Italian (Erroman eta Turinen, batik bat) izan ziren artistek eta haiek egin zituzten obrek garrantzi handia izan zutenik ez da gaur egun dudan jartzen. Oro har, horiek ezarritako ereduei jarraitu zitzaien gero, beste lekuetan. Kontraerreformaren estilotzat ere hartu izan da orobat barrokoa, eta bada horretarako arrazoirik, zeren Kontraerreformaren kontzilioan, Trentoko kontzilioaTrentokoan, hartu baitzen, Erreformistek ziotenaren kontra, santuen irudiak gurtu ahal izateko eta errituei nahiz sentiberatasunezko erlijio praktikari garrantzia emateko erabakia. Horrek ez zuen santuak baino goragotik Kristo gurtzea edo erlijioa barnean sentitzen zen bezala praktikatzea ukatzen, baina bai jendea areago uki zezaketen erako eraikuntzak eta irudiak egiteko bidea ematen.

Joera eta gustu kontuan, berriz, manierismoaz gero giroa nahiko prest zegoen barrokorako, bai aristokraziaren eta baita artista askoren artean ere. Barrokoaren moldeei buruz zeresan handia izan zuen, batzuen ustez, Michelangelok, 1564an hila zen arren. Horiek diotenez, Kapera Sixtinoko Azken Judizioan nabari den kutsu tragikoan eta San Petri basilikako kupulan ageri den handitasun kosmikoan aurreraturik leudeke gero barrokoak bere egin zituen ezaugarriak.

Hasieran, berrikuntzen baino funtzionaltasunaren, soiltasunaren eta seriotasunaren aldekoago ziren Kontraerreforma eta horren ondotik sortu ziren ordena berriak, Jesusen Lagundia etab., baina eraikuntza berrien premiak, ordaintzaileen gustuetara jarri beharrak eta Berpizkundeaz gero hasi zen apaingarri oparorako joerak horretara makurtzera eraman zituen azkenean.

Estilo berri hori indartu, ordea, Pio V.a aita santu domingotarra hil ondoren iritsi ziren aita santu eraikitzaile edo mezenas deituek, Sixto V.ak eta abarrek, egin zuten; Erroma dotoretzea, hango kaleetatik paganismoaren aztarrenak kentzea eta haien ordez eraikuntza nahiz monumentu handiak egitea Jainkoari ohore egitea zela uste zuten. Handinahiaren eta garaipen giroaren beroan, kardinaleek beren eskuerako eliza eta beste eraikuntzak ederragotzera eta handitzera jotzen zuten. Eta horrela, bertako eta Iparraldetik zein Napolitik etorritako artista andana handia bildu zen Erroman, atzera berritzen hasia zuten San Petri basilikako obretan eta gainerakoetan. Bernini nahiz Borromini bezala, gero barrokoaren maisu izango zirenak, batzuk.

Eliza eta bestelako eraikuntza asko egin zen, beraz, garai horretan, baina ez guztiak molde ber-berekoak. Fatxadak eta fatxadetako elementuak, ateinguruak, frontoia etab., era bertsuan uztartzen zituzten, oro har, baina bazen horien artean horma soila zuenik (Vincenzo della Grecaren Domingo eta Sixto santuen eliza), bolumen eta erliebe handiagoa ematearren alde batean edo bestean zutabeak edo aterpeak erantsi zizkienik (Carlo Madernoren Santa Susana eliza) eta bazen, halaber, fatxada biribilean okertua zuenik ere (Pietro da Cortonaren Santa Maria della Pace).

Zutabeak zirela, ataurreak zirela edo kupulak zirela barruan eta kanpoan gero eta edergarri aberatsagoak (Berninik San Petri basilikan eta Borrominik Done Joan Laterangoaren basilikan) eransteko joera indartuz joan zen, dena den. Eta arkitekturaz hainbatsu esan daiteke egin ziren eskulturez eta margotu ziren pinturazko obrez. Aurrekoek ez zuten mugimendua, dramatismoa eta guritasuna edo mardultasuna dute hauek; bi adibide jartzearren, Berniniren Santa Teresaren Estasia-k eta Dafneren Itxuraldaketa-k, eskulturan. Pintura arloan, berriz, besteak beste, Francesco Albani eta Guido Reni boloniarrak dira aipagarriak, eskariaren arabera erlijiozko gaiak nahiz profanoak margotu eta konposizio molde berrietara jo zutenak, eta batez ere Caravaggio, bere argi-ilun kontrastatuekin eta estilo herritarrarekin zegoen zurrunbiloa are gehiago irabiatu zuena.

Dena den, ikaragarria da 1600-1680 bitartean Italiako hiri nagusietan, Turinen eta Venezian, Bolonian eta Napolin, eta batik bat Erroman, egin zen arte produkzioa. Bestalde, oraindik ere artistek prestatzen eta egiten zutena kontrolatzen jarraitu zuen San Lucca Akademiak -ez, halere, modu autoritarioan- eta Berpizkunde garaiko nahiz antzinako beste hainbat balio gaitzetsi gabe, estilo berri bat sortu eta estilo hori beste lurraldeetara zabaltzeko ere prestatu zuten artistek. Napolin José de Ribera, sortzez Valentziarra baina Napolin bizi izan zena, eta Luca Giordano aipagarriak dira, pintorea bata eta dekoratzailea bestea.

Aristokraziaren eta Eliza Katolikoaren handitasuna eta oparotasuna bihurtu ziren lege. Arkitektoek, eskultoreek eta pintoreek indarra eta handitasuna adierazi behar zituzten edertasunez, espazioa eta bolumena elkarri egokituz eta, handi-beharrak astun itxurarik izan ez zezan, mugimendua adieraziz. Horiek elementu gaiztoak dira, noski, beti adiskide ibiltzeko, elkarrekin gozo lotzeko, eta ez dira erosoak, gainera, garai horretakoa ez den batek zuzen uztartu diren ala ez argi ikusteko. Hori dela eta, adiera makurrak erantsi izan zaizkio estilo barrokoari, baina nork esan gaur egun Bernini batek, Borromini batek, Rubensek, Velázquezek edo Zurbaránek, adibide batzuk jartzearren, beste estiloetako handienen maila eman ez zutenik.

Barrokoa Europan eta Ameriketan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izan ziren gerrateengatik eta zegoen giro estu zorrotzarengatik, XVII. mendeko egoera barrokoa garatzeko aproposena ez zela esan izan da. Baina agian giro horretantxe aurkitu zuen estilo horrek dramatismorako eta samintasunerako lurra. Izan zen, gainera, giroak baino eragin handiagoa zuen elementurik; elizak eta gainerako eraikuntza handiak edo bestelako obrak eginarazteko modua zuten errege, printze, kardinale, merkatari eta beste aberats jendearen handinahia zen horietako bat, artistei lana eman ziezaiekeen elite bat izatea, alegia.

Baldintza egokiak, ordea, ez ziren Europako eskualde guztietan aldi berean gertatu. Erdialdeko Europan, adibidez, gerrak bukatu eta XVII. mende erdialdean bakarrik izan zen arteari erraztasun handiagoa eskaintzeko egokiera; Ingalaterran, iraultza politiko bat eta puritanismorako joera gogor bat izan ziren mende horren erdialdean; Kalbinismoa onartu zuten lurraldeetan ere, nahiz eta estiloa bera gaitzetsi ez, berandu sartu zen, eta Italian eta baino molde zorrotzagoak hartu zituen; eta orobat Frantzian, gauza askotan Italiako joeren eta gustuen hartzaile zen arren, garai hartan sortu ziren lantegiek eta akademiek autonomiaz, arauen arabera eta orekaren alde, hau da, arrazionaltasunaren alde, jokatzea erabaki zuten, klasizismoaren muturreneko adierazmoldeak baizik agertu ez ziren arren.

Aldiak aldi, barrokoa zabalduz joan zen Italiatik kanpora ere, Espainian, Portugalen eta erdialdeko Europan, Polonian eta Errusian, Frantzian (1660ko joera klasikoa arte), Ingalaterran (1660tik aurrera), eta Espainiatik nahiz Portugaldik abiatuta Ameriketako lurraldeetan, azkenik.

Espainia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainian Berpizkundeko estiloa zeharbidez bezala sartu zen, baina Alonso Berruguete (1488-1561) edo Juan de Juniri (1507-1577) kutsu barrokoa garaia baino lehen darie, duten lirikotasun samingarrian eta irudietan nabari den mugimenduan eta grinan, batik bat.

Garai horretan, oro har, giro bikoitza zegoen Espainian, zuhurtasunerako eta zorroztasunerako giroa, batetik, eta handitasunerakoa eta oparotasunerakoa, bestetik. Unibertsitateak, jakintsuen elkarteak etab. zirela eta, Erasmoren dotrinak aurrera egin behar zuela zirudienean, Inkisizioa, Jesusen Lagundia, erlijio ordenak edo, zena zelako, katolizismo zorrotz estua nagusitu zen, baina sentiberatasunezko erlijio praktikak lehenean jarraitu zuen. Joera bikoitz bera nabari izan zen artean ere, eta zaila da Greco bat, bere veneziar kutsuarekin, edo Zurbarán bat, Caravaggio gogorarazten duena, barrokoaren barnean kategoria jakin zehatz batzuetan sailkatzea.

Bikoiztasun horretan, erlijio kontuan dena estutzera, nobleziaren aurreiritziengatik aurrerabideak ixtera eta ekonomia mailan dena gainbehera zihoan garaian, orduantxe hasi ziren erretaulak, ataurreak, arkuak, gainerako eranskinak eta irudiak elizetan ugaritzen eta apaingarriz aberatsagotzen, eta hartan sortu zen José Benito Churrigueraren estilo oparoa ere. Horretan, zeresan handia izan zuen gorteak, zeren, egin ere erregeen eta handikien enkarguz egin baitziren gero ospetsu bihurtuko ziren eraikuntza, koadro eta erregeen familiako edo bestelako erretratu gehienak.

Aipatu den bikoiztasun hori koadroetan nabari da garbienik, gaiaren eta gaia tratatzeko moduaren arteko kontrastean, Velázquez (1599-1660) eta Murilloren (1617-1682)lanetan, besteak beste. Felipe IV.aren eta Fernando Infantearen erretratuen edo Bredako errendizioa-ren ondoan, Atsoa arrautzak frijitzen eta gisa horretako gai herrikoiak pintatu zituen, adibidez, lehenengoak; eta Ama Birjina Sortzez Garbia eta Aingeruen sukaldea-ren ondoan Mutikoak meloia eta mahatsa jaten, bigarrenak. Gauza bertsua esan daiteke, José de Riberaren Zangokerra eta beste hainbatengatik.

Flandes eta Herbehereak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pinturari dagokionez, Rubens da ospetsuena, Rembrandtek, Van Dyckek eta abarrek ere Caravaggioren ukiturik baduten arren. Rubensek Mantuako eta Erromako eskoletan, eta Filipe IV.aren Madrilgo italiar pintura bilduman hartu zuen inspirazioa, baina jakin zuen orobat maisutasunez erabiltzen zituen argi zuri-gorriez, eskultura itxurako gorputzez eta horien mugimenduaz, bere obrari kutsu propioa eratxikitzen. Arkitekturari dagokionez, berriz, manierismoko elementuak hartu eta handitasuna adierazteko eran uztartzekoa izan zen Flandriako joera.

Portugal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalgo barrokoan bi aldi bereiz daitezke, independentzia bitartekoa (1640) bata, eta urte horretatik aurrerakoa, bestea. Manueldar estiloa barrokoan sartzen dela ere, sensu stricto hala ez den arren, lehenengo garai horretan oso barroko gutxi izan zen. Estilo hori independentziarekin hasi zen indartzen; handik aurrera egin ziren eliza biribilak, piramidez edo maskor handiz apaindutako fatxadak, hormak zur landuz estalirik dituzten eliza barruetako zutabe karratuak eta hainbat erretaula ere.

Frantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian, gune ofizialetan eta arkitektura zibilean, nork bultzatu gutxi izan zuen barrokoak. Probintzietan eta erlijio gaietako obretan, aldiz, hego-ekialdean Espainiako kutsuarekin, Proventzan Italiakoarekin eta Franche-Comtén Flandriakoarekin baina, nahiko sakon errotu zen estilo hori, eta herri xumeak ikusteko ziren erretaula eta elizako beste irudi asko egin ziren. Ezin dira, bestalde, Nicolas Poussin pintore ospetsua eta Simon Vouet, aipatu gabe utzi, gaztetan bederen Caravaggioren eragin handia izan baitzuten.

Europako beste herrialde batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako erdialdean, Suabia, Bavaria, Austria, Bohemia eta Hungaria gailendu ziren, Hogeita Hamar Urteko gerraz (1618-1648) gero, batez ere. Goi mailako aristokraziaren (J.F. Wallenstein artzapezpikua, Leopoldo I.a etab.) nahiz jesuiten eragina, eta Italiako nahiz bertako artisten lana zela bide, Praga eta Viena barrokoaren erdigune bilakatu ziren XVII. mendearen erdialdean. Danubio ibaiaren inguruko beste herrialdeetara ere indartsu zabaldu zen gero, 1690etik aurrera. Aipagarriak dira, besteak beste, Johann Bernhard Fischer von Erlach, Johann Lukas von Hildebrandt eta Jakob Prandtauer austriar arkitektoak, Karel Škréta txekiar pintorea, Paul Troger, Bartolomeo Altomonte eta Daniel Gran austriar pintoreak, Mathias Braun eta Ferdinand Brokoff, Pragako Karlos Zubiko eskulturen egileak.

Polonia eta Errusian ezaugarri bereziak izan zituen barrokoak, baina ez berberak. Herri eslabiarren barrokoa edo esperientzia barrokoak ere aipatu izan dira arrazoi horregatik. Aristokraziak, elizek (katolikoak nahiz ortodoxoak) eta nekazariek hainbesteko indarra izanik, lurralde egokiak ziren barrokoa garatu ahal izateko, eta berandu izan bazen ere (1680tik aurrera) nahiko indartsu zabaldu zen. Besteak beste artista eta obra aipagarriak dira, Wilanow gaztelua (Varsovia), eta Neguko Jauregia eta Smolny monasterioa (San Petersburgo).

Aurreko lurralde horietan adinako garrantzirik izan ez zuen arren, ezin dira Alemania eta Ingalaterra ere bazterrera utzi. Lurralde horietan, barrokoa XVII. mendearen erdialdetik aurrera sartu zen oro har. Bertako artisten artean, Alemanian Balthasar Neumann eta Ingalaterran Christopher Wren arkitektoak dira ospetsuenak.

Latinoamerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrokoko lan asko da Espainia eta Portugalen mende egon ziren lurraldeetan. Obra asko egin ziren, esaterako, Mexikon XVII. mendean (Acatepeceko San Frantzisko elizako erretaula), eta Brasilen XVIII. mendean (Salvador da Bahia eta São Bentoko elizak).

Barrokoaren loraldia, ordea, gainerako leku gehienetan bezala, kolonietako egoera baretu, Espainiatik eta Portugaldik joandakoen semeak agintea beren esku hartu eta fundazioak sortzen eta elizak nahiz kaperak egitea bultzatzen hasi zirenean, 1650-1770 bitartean edo, izan zen. Mexiko, Puebla, Arequipako elizak orduan egin ziren, ez lehengo estilo oparoan, baina bai egoki zeritzaten hartan indiarren ekarria, zeramika, ehungintza, apaingarri geometriko eta beste, aprobetxatuz, oraingoan.

Barrokoa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Barrokoa Euskal Herrian»

XVI. mendearen bukaerako Espainiako gizarte krisi sakonaren ondoren, Kontraerreformarekin, eta Jesusen Lagundiari esker batez ere, arteak berpiztu egin ziren. Hala, euskal barrokoaren gorena XVIII. mendean etorri zen, Indietako Konpainiak eta Caracasko Errege Konpainiak bultzatuta. XVI. mendearen bukaeran Euskal Herriko Berpizkundeko urrezko aroa amaitu zen, XVII. mendea ia osorik iraun zuen azken Austrien krisi politiko eta ekonomikoarekin. Erregeen gobernu okerrak, horrek Espainia barnean eta kanpoan ekarri zituen gerrek, Ameriketan lorturiko aberastasunen erabilera gaiztoak, eta diruaren debaluazio hondamendi ekonomikora eraman zuten nazioa. Egoera horrek ondorio nabariak izan zituen arteetan.

Hego Euskal Herrian eten egin ziren XVI. mendean hain oparoak izan ziren eraikuntza lanak, eta jadanik hasiak zirenak bukatu besterik ez ziren egin. Aldi berean, erlijio ordena asko eta asko, karmeldarrak, jesuitak, kaputxinoak eta abar, zabaldu ziren garai honetan, eta eragin handia izan zuten arteetan eta kulturan oro har; barrokoaren hasierako garai honetakoak dira Euskal Herriko komentuetako eliza gehienak.

Erlijio ordenek estilo berezia ekarri zuten, Juan de Herrerarengandik eta Kontraerreformaren izpiritutik hartua. Estilo honetako elizak nabe-bakarrak dira; gurutze oinak dituzte, kanoi erdiko gangez estaliak, eta kupula izan ohi dute gurutzean eta kaperak alboetan. Oin mota hori XVIII. mendean eraikitako tenplu batzuetan ere agertuko da, nahiz eta, orokorrean, euskal gotiko edo Berpizkundekoareto eliza (Hallenkirche) ez den desagertuko. Eraikinaren barne espazioa antolatzeko modu honekin batera, ordena erlijiosoek fatxada lauki-zuzena erabili zuten, frontoi batez burutua. Euskal Herrian, barrokoaren hasieran, Zeraingo Migel Aranburu frantziskotarrak eraikuntza eredu bat sortu zuen, bere ordenako eliza asko egin baitzituen; aipagarrienetako bat Tolosako San Frantzisko Komentukoa da. Bestalde, XVII. mendearen azken urteetan hasi ziren erabiltzen lehen igeltsu lan barrokoak, apaingarritzat landare gaiak dituztenak.

XVII-XVIII. mendeen artean beste dinastia batek, Borbondarrak, hartu zuen Espainiako erregetza.

Borbondarren monarkiak neutraltasuna eta bakea ekarri zituen, eta horren ondorioz ekonomia suspertu egin zen; arteetan, bete-betean garatu zen arkitektura barrokoa, eta churriguerescoa zabaldu zen. XVIII.mendearen bigarren hamarralditik aurrera churriguerescoa bat dator frantses rokokoarekin, eta baita Jesusen Lagundiak Italiatik ekarri zituen forma berriekin ere.

Euskal Herrian lan asko egin zen urte hauetan, Ameriketako administrazio, merkataritza eta industria negozioek ekarri zuten ekonomiaren loratzeak bultzatuta.

Garai honetako arkitekto garrantzitsuak izan ziren Carreratarrak, Beasaingoak, eta Iberotarrak, azpeitiarrak. Bestalde, orduan hasi zen (1681) euskal barrokoaren monumentu nagusiaren eraikuntza, Loiolako San Ignazioren basilikarena; beste askoren eredu izan zen, hala nola Bilboko Bariko San Nikolas elizarena eta Tuterako katedraleko Santa Ana eta Espiritu Santuaren kaperena. Berniniren dizipulu zen Carlos Fontanak egin zuen; elizak ardatza oinean du, kupulaz burutua da, eta oso apaingarri oparoak ditu. Barrokoko beste egitura ohikoak gurutze grekoko oinak dira, erdian kupula handi bat duen lauki baten barnean ezarriak. Badira halaber euskal gotikoko eliza asko XVII. ta XVIII. mendeetan aldatu, zabaldu edo berritu zirenak, hala nola Gasteizko San Frantzisko, Corellako San Migel, Lantziegoko parrokia, eta abar. XVI. mendeko estiloari jarraitzen zioten eliza batzuk ere egin ziren garai honetan, Donostiako Santa Maria adibidez, edota Elgoibar, Andoain eta Pasai San Pedroko parrokiak. Nolanahi dela ere, euskal barrokoko emaitza interesgarrienak ataurreak eta dorreak dira. Lehenetan, aipagarria da Donostiako Santa Mariako abside ataurre barneratu rococoa, edota Tolosako Santa Maria elizakoa, churriguerescoa.

Kanpandorre barrokoak Euskal Herri osoan eraiki ziren, Ibero eta Carreratarren ereduen arabera sarritan; era honetakoak eraiki ziren gero Errioxan eta Gaztelan ere. Euskal lurretan gotikoan jadanik erabiltzen ziren ataurre gaineko kanpandorreak,fatxadaren gorputzarekin bat datozenak, badira Elgoibar, Andoain, Eskoriatza, Bergara, Lesaka, Portugalete eta abarretan.

Horiek ez bezalakoak dira, mudejar estiloa baitute, Tuterako katedraleko dorrea eta Alesbesko Santa Eufemiakoa, XVII. mende bukaerakoak biak.

Arkitektura zibilari dagokionez, garrantzi handia hartu zuen udaletxeen eraikuntzak, Hego Euskal Herriko garapen komertzial eta administratiboari esker.

Udaletxe hauen ezaugarriak behe solairu arkupeduna eta solairu nagusiko burdin landuekiko balkoiak dira. Barnealdea oso soila izaten da, txikia eta erdiko patiorik gabea. XVII.. endekoak dira Bergara, Zestoa, Oiartzun eta abarretakoak, eta XVIII. mendekoak Elgoibar, Arrasate, Oñati, Bastida, Balmaseda, Durango eta Iruñekoa.

Asko dira halaber Ameriketan aberasturiko indianoek, edota finantza eta burokraziako nobleek, egin zituzten etxe eta jauregiak.

Bi eratako oinak izaten dituzte: batetik, patiorik gabea, erdian zurubi handi bat dela, Bizkaian eta Gipuzkoan sarrien ikusten dena, eta erdian patioa duena, aurrekoarekin batera Nafarroan eta Araban erabilia.

Fatxadetan Herreraren ondoko estiloa nagusitzen da; dorretxeetatik zetozen almenak-eta desagertu, eta apaingarri barrokoak agertzen dira armarrien ondoan.Nafarroako Erriberan badira Aragoiko eragina duten jauregiak, adreiluzko osagai geometrikoekin, buruan arku txikiko galeriak dituztela.

XVI. mendearen azken herena oso oparoa izan zen euskal eskulturagintzan,Juan Antxieta eskultore erromanistari esker.

Antxietaren arteak halako arrakasta izan zuen, non XVII. mende erdialdea arte nabarmentzenbaita haren eragina, jarraitzaile asko izan baitzituen; ez ziren gauza izan ordea manierismoaren aurka erreakzionatzeko, Juan Bazcardo izan ezik agian.

Hori izan liteke forma errealistak (Valladolideko Gregorio Fernándezenak batez ere), eta baita barroko churriguerescoa eta rococoa bera ere, berandu heldu izanaren arrazoia. Hala, obra handiak egin nahi izan zirenean,Fernándezengana eta haren jarraitzaileengana jo zuten aurrena, eta madrildar artistengana gero. Gregorio Fernándezen etorrerak (1624) eragin zuzena izanzuen euskal eskultore manieristengan, forma barrokoak erabiltzen hasi baitziren erretauletan XVII. mendetik aurrera; hala, Nafarroan, mende bukaeran, oparotasun handiko erretaula sail bat agertzen da. XVIII. mende erdialdean erretaulen dekorazio barrokoak rococoaren ezaugarriak beretzen ditu. Euskal Herrira Madrilen lan egina zen Miguel de Yrazustak ekarri zuen rococoa; haren erretaulak eredutzat hartu zituzten leku askotan.

Berpizkundeko margolaritza ahitu egin zen XVI. mende bukaeran, eskola gisa erabat desagertu zen arte. XVII. mendean, arkitekturan eta erretaulagintzan erlijo ordenek fraide diseinatzaileengana jotzen duten bezala, margolanak ere kanpoko margolariei eskatzen zaizkie, Madrilgo gortekoei gehienetan. Badira halere margolari euskaldun aipagarri batzuk: hala, Vicente Berdusán, Tuterakoa, XVII. mendeko madrildar eskolan ikasia, eta Erriberan lantegi bat sortu eta lan handia egin zuena. Garrantzitsua izan zen halaber Ignacio Iriarte azkoitiarra, batez ere koadroen atzealdeak eta paisajeak egiten zituena. Herreraren dizipulu izan zen, eta Murilloren lankidea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pedro AULLÓN DE HARO: Barroco Editorial Verbum. Books.google.es

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Barrokoa Aldatu lotura Wikidatan