Santa Marina baseliza (Asteasu)

Koordenatuak: 43°11′53″N 2°07′00″W / 43.19814103°N 2.11658478°W / 43.19814103; -2.11658478
Wikipedia, Entziklopedia askea
Santa Marina baseliza (Asteasu)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAsteasu
Koordenatuak43°11′53″N 2°07′00″W / 43.19814103°N 2.11658478°W / 43.19814103; -2.11658478
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXVI. mendea
Santa Marina, aireko ikuspegia

San Marina baseliza Asteasuko herrigunetik 4 kilometrora dagoen muino baten gainean dagoen eraikuntza tenplarioa da eta Andazarrateko pasabidera igotzen den bidearen ondoan dago.[1] Udal agirien arabera, dagoeneko 1558an existitzen zen,[2] baina uste da eskualdeko zaharrenetakoa dela.[3] Kokapen estrategikoa duenez, baliteke garai batean funtzio erlijiosoekin batera zaintza-funtzioak ere bete izana.[3]

Uztailaren 18an inguruko bizilagunak erromeria egiten dute eta festa egiten da.[2] Herri hizkeran, Santamaña deitzen diote lekuari, eta hortik, Santamañako festak izena ere.[4]

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau angeluko oinplanoa eta bi isurkiko teilatua du, eta sakristia moduko beste atal bat atxiki zitzaion hegoaldean. Burualdean, bi ojiba-leiho txaranbeldu eta bi okulu ditu. Sarrera bakarra du hegoaldean, dobelatua eta erdi-puntuko arkuduna. Kanpaia, herriko bizilagunen heriotza iragartzeko balio izan duena, tenplua oinaldean koroatzen duen kanpai-horma txiki batean kokaturik dago.

Barrualdea, oso soila, bi zatitan banatuta dago erdian ate bat eta harlangaitzezko oinarri bat dituen egurrezko burdin sare batez. Erretaula neogotiko estilokoa da, pinakuluz koroatuta dago eta horma-hobi bakarra du, non Santa Marinaren irudia ageri den.[3]

Sendatze erritoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indar ongileen eragina jasotzeko erritoei nahiko ohikoak izan dira eta dira gaur egun ere baselizetan, eta San Marinaren kasuan, sendabidea eskatzeko erritoa hauxe zen: fededunak burua aldarearen azpian dagoen zulo batean sartzen zuen Kredoa errezatzen zuen bitartean, eta amaitzean aitaren egiten zuen. 1924an jasotako tradizioaren arabera, prozedura horrek loaren nahasmenduak uxatzen laguntzen zuen (loezina, adibidez). Gainera, amesgaiztoak zituzten haurrak ere baselizara joaten ziren gaueko beldurretatik libratzeko. Horretarako, amak haurrekin santuaren irudipean kokatu eta haurren alde eskatzen zuten.[3]

Saseta defentsa-sisteman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, leku estrategikoan dago Andazarreterako igarobidea kontrolatzen baita bertatik. Hala, Espainiako Gerra Zibilean Saseta defentsa-sistemaren baitan integratua zegoen, posizio aurreratu moduan. 1936ko irailaren 2an, posizioa defendatzen zuen gudari talde batek erreketeen hiru orduko erasoaldia jasan zuen. Horren ondorioz, 3 gudari eta 12 nazional hil ziren. Gertakari horren lekuko Joseba Elosegi izan zen.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Asteasuko Udala. «Historia» Asteasu (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  2. a b «Asteasu: Santa Marinaren Baseliza - Guía de Ocio de Gipuzkoa - Gipuzkoako Aisialdi Gida» www.kulturweb.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  3. a b c d Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila. (2022-03-16). «256. Santa Marina ermita (Asteasu)» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  4. Q12252987; Issn: 1698-4870. (1995). «Fitxategi:Aiurri 18.pdf — Wikiteka» commons.wikimedia.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-18).
  5. Almorza Arrieta, Karlos; Buces Cabello, Javier. (2016). ASETA DEFENTSA-SISTEMA: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen. Donostia: ARANZADI zientzia elkartea, 45 or. ISBN 978-84-944251-8-9..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]