Schreibers saguzar

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Schreibers saguzarra
Schreibers saguzarra
Schreibers saguzarra


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Azpiklasea: Eutheria
Goiordena: Laurasiatheria
Ordena: Chiroptera
Familia: Vespertilionidae
Generoa: Miniopterus
Espeziea: M. schreibersii
Izen binomiala
Miniopterus schreibersii
Kuhl, 1817
Miniopterus schreibersii range Map.png

Schreibers saguzarra edo koba-saguzarra (Miniopterus schreibersii) Euskal Herrian topatu daitekeen saguzar bat da. Schreiber saguzarra, koba-saguzar izenez ere ezagutzen dena, leize-zulotan gorde ohi den espeziea da. Miniopterus generoko Europako espezie bakarra da, eta Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke. Talde handiak osatu ohi ditu kobazuloen barruan, gehienetan beste hainbat espezietako saguzarrekin batera, eta migrazio nahiko luzeak egiteko gai da. Bere kontserbazio-egoera ez da txarra, baina azken urteotan populazioek beherako joera hartu dutela ikusi da.

Itxura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pisua: 9-16 gramo
  • Luzera: 50-62 mm
  • Hegal-luzera: 305-342 mm

Koba-saguzarra tamaina ertaineko (besagain-luzera: 43-50 mm) kiropteroa da eta 10 eta 20 gramo bitarteko pisua izan ohi du. Mutur oso motza du, eta kopeta nabarmenki handia eta irtena. Ilaje motza eta dentsoa du, marroi-gris kolorekoa. Saguzar gehienetan bezala, sabelaldea bizkarraldea baino argiagoa da. Koba-saguzarraren kasuan, gainera, sabelaldearen erdialdeko ileak ertzetakoak baino ilunagoak dira. Araldian daudenean, arren ilajea harroagoa izan ohi da, eta testikulu handiagoak izan ohi dituzte. Belarriak txikiak eta triangelu-formakoak dira, eta tragoa, berriz, txikia, aurrerantz irtena. Ezaugarri horiek direla eta, nahiko erraza da espeziea eskuan izan gabe identifikatzea, kobazulo batean eskegita dagoenean, esate baterako. Aspektu-ratio handiko hegoak ditu; hau da, luzeak eta estuak, eta ezaugarri horrek distantzia luzeko eta gune irekietako hegalari ona bihurtzen du espeziea. Hirugarren behatzeko bigarren falangea oso luzea da, lehenengoa baino hiru aldiz handiagoa, gutxi gorabehera. Plagiopatadioa orkatilan txertatzen da, eta uropatagioak ez du lobulu postkalkaneorik. \frac{2.1.2.3}{3.1.3.3} hortz-formula du.

Ekokokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Energia maximo frekuentzia 49-53 kHz-tan duten ultrasoinu-deiak igortzen ditu[1], eta saguzar mediterraneoaren (Pipistrellus pygmaeus) ekokokapen-deiekin nahas daiteke. Azken horren deiak, dena den, irregularragoak izan ohi dira.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketa oso zabala duen espeziea da. Jatorri azpitropikala duen arren, Europan, Afrikan, Asian eta Australian ere aurki daiteke. Asiako eta Australiako animaliak espezie berekoak diren, ordea, eztabaidan dago. Europari dagokionez, hegoalde guztian arrunta da, Iberiar penintsulatik Kaukasoraino. Iberiar penintsula osoan aurki daiteke[2], hegoaldean eta mediterraneo inguruan arruntagoa den arren, eta mediterraneoko irla gehienetan ere badago[1].

Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke, baina kolonia gehienak Araban daude[3].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leizeetan gordetzen den espeziea da, eta gutxitan erabiltzen dituzte gizakiak sortutako eraikinak bertako arrakaletan gordetzeko. Era horretako gordelekuak, normalean, ale bakanek erabiltzen dituzte neguan edo udaberrian, edo ehiza eremua handitzeko pausaleku gisa ere erabili ditzakete. Habitat mota ugaritan bizi daiteke, ingurune menditsu zein lauetan; izan ere, espeziearen banaketaren baldintzatzailea ez da habitata, gordelekuak baizik. Itsas mailatik 1.400 metro bitartean aurkitu dira espezie honen koloniak[1].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere hortzeria intsektu txikiak jatera moldaturik dago, eta lepidoptero gautarrak, neuropteroak eta dipteroak dira dietaren osagai nagusiak[4].

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Schreiber saguzarra enbrioiaren ezarpen atzeratua duen Europako espezie bakarra da. Hau da, zigotoa udazkenean sortzen da, kopularen ostean, baina ez da uteroan ezartzen harik eta hibernazioa igaro arte. Saguzarrak hibernazio-egoeratik irtetean hasten da garatzen enbrioia. 9 hilabete inguruko ernaldiaren ostean, emeak ekainean eta uztailean erditzen dira. Kumeek 2 hilabete inguru behar izaten dituzte garapena amaitzeko, nahiz eta animalia asko gai diren 40 egunen buruan hegan egiteko. Emeek bi urteren buruan lortzen dute heldutasun sexuala[1].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso espezie taldekoia da, eta milaka alez osatutako koloniak eratzen dituzte urte guztian zehar kobazuloetan. Kumatze-garaian arratoi-belarri handiarekin (Myotis myotis), arratoi-belarri ertainarekin (Myotis blythii), ferra-saguzar ertainarekin (Rhinolophus euryale) eta ferra-saguzar mediterraneoarekin (Rhinolophus mehelyi) batera bil daitezke, baina neguan, normalean, ez dira beste espezieko animaliekin elkartzen, ferra-saguzar handiarekin (Rhinolophus ferrumequinum) salbu.

Hego-morfologiak oso azkar hegan egitea ahalbidetzen die animalia hauei, eta migrazio-bidaia luzeak egiteko gai dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dira asko espezie honetaz elikatzen diren animaliak, baina horien artean bat nabarmentzekotan hontz zuria (Tyto alba) azpimarratu beharko litzateke. Animalia horrez gain, soro-muxarraren (Eliomys quercinus) eta katajinetaren (Genetta genetta) predazioak erregistratu dira Iberiar penintsulan.

Bizkarroiei dagokienez, parasito-karga handia duen espeziea da. spinturnix psi akaroak, esate baterako, urte guztian zehar parasitatzen du eta Ixodes simplex kaparra ere aipatu behar da. Barne-bizkarroiei dagokienez, berriz, bi trematodo nabarmendu behar dira: Molinostrongylus panousei eta Litomosa ottavianii.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IUCN-ren arabera, ia zaurgarri (NT) dagoen espeziea da. Espainian, aldiz, zaurgarri (Vu A2ac) kategoria eman zaio. Kategoria hori, ale kopuruan oinarrituta baino, horien beherakadak behartuta eman zaio. Kobetako espezie gehienekin gertatu bezala, Schreiber saguzarraren kontserbazio-egoeraren baldintzatzaile nagusia kumatze- edo hibernazio-kolonietan gizakiak duen eragina da. Espeziea oso zaurgarria da leize-zuloen sarrerak ixteko ezartzen diren metalezko egituren aurrean, maniobrabilitate txikia duelako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d   Dietz C, von Helversen O, Nill D (2009), Bats of Britain, Europe & Northwest Africa, Londres: A&C Black .
  2.   Palomo JL, Gisbert J, Blanco C (2007), Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España, Madril: MMA .
  3.   Aiharza JR (2001), Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación, Bilbo: EHU .
  4.   Presetnik P (2002), Diet and biology of Schreiber's bat (Minipterus schreibersii) at castle Grad na Gorickem (NE Slovenia)., Ljubljana: Unibersität Ljubljana .
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Schreibers saguzar Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Miniopterus_schreibersii