Tiilikkajärvi Parke Nazionala

Koordenatuak: 63°39′32″N 28°18′15″E / 63.65889°N 28.30417°E / 63.65889; 28.30417
Wikipedia, Entziklopedia askea
63°39′32″N 28°18′15″E / 63.65889°N 28.30417°E / 63.65889; 28.30417
Tiilikkajärvi Parke Nazionala

Parke nazionaleko Venäjänhiekka hondartza.
KokalekuaRautavaara eta Sotkamo,
Ipar Savonia eta Kainuu
 Finlandia
Azalera34
Sorrera1982
Bisitari-kopurua7.000 (2007)
ArduradunaMetsähallitus

Tiilikkajärvi Parke Nazionala (finlandieraz, Tiilikkajärven kansallispuisto) Ipar Savonia eta Kainuu finlandiar eskualdeen artean dagoen parke nazional bat da; zehazki, Rautavaara eta Sotkamo udalerrien artean. Parke nazionala, Tiilikkajärvi aintziragatik eta bertako hondartza ederrengatik ezaguna da herrialde osoan; hondartza ospetsuenen artean, Venäjänhiekka izenekoa dugu, parke nazionalaren mendebaldean. 1982an sortu zen eta 34 km²-ko azalera dauka [1].

Gainera, eremu babestu honek Finlandiako historian leku berezi bat dauka, izan ere, 1595. urteko Teusinako itunean Errusiar Tsarerriak eta Suediar Erresumak adostu zuten muga Tiilikkajärvi aintziratik igarotzen zen, eta muga horren berri ematen zuen eta kontserbatu den harri bakarra parke nazionelan dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren arteko mugetako bat, Tiilikkajärvi aintziratik igarotzen zena hain zuzen, Teusinako itunean erabaki zen 1595. urtean. Muga horren berri ematen zuten harriek Finlandia zeharkatzen zuten iparretik hegora eta haietatik kontserbatu den harri bakarra, gaur egun Tiilikkajärvi Parke Nazionalaren ikurra bihurtu den harria da [2].

Natura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parke nazionala Tiilikkajärvi aintzira, Itkonjoki ibaia, zingirak eta orokorrean Tiilikkajärvi Parke Nazionala osatzen duen natura birjina babesteko sortua izan zen. Azalera guztiaren heren bat baso eremuek osatzen dute; hain zuzen, pinudiek aintzira guztiz inguratzen dute hondar zurizko hondartzekin eta arrokekin batera.

Basoko bidea.

Gainontzeko bi herenak Tiilikkajärvi aintzirak eta inguruko eremu zingiratsuek osatzen dute. Bertako landaredia oso hauskorra denez, bisitariek debekatua dute ibilbide markatutik kanpo ibiltzea. Hala ere, hondartza ezagun eta handiena Venäjänhiekka (euskaraz, Errusiar hondarra) bisitarientzat irekita egoten da. Guztira, bost aintzira daude parke nazionalean, Tiilikkajärvi, Hamunen, Akonlampi, Autiojärvi eta Sammakkojärvi. Denen artean nagusia, parke nazionalaren herena den eta parkeari izena ematen dion aintzira da; bertan, gainera, bi uharte daude, Nuottisaaret eta Korkeasaari.

Animalia espezieen multzo handiena hegaztiek osatzen dute. Hauek, bizi diren habitat desberdinen bidez bereizten ditugu; hala nola, aintzira aldean ikus daitezkeen aliota arktikoak, kurlinta bekaindunak, larre-buztanikarak eta zertzeta arruntak; hegazti zangaluzeak diren kuliska pikart eta txikiak; hondarretan ibiltzen diren txirritxo txikiak; eta basoaren itzalpean bizi diren birigarro txikiak, euli-txori grisak, negu-txontak, txio horiak, txontak eta uda-txirtak [3].

Larre-buztanikara.

Ugaztunen artean, aipatzekoa dira Finlandia hegoaldean bakarrik aurki daitezkeen kastore europarrak.

Ibilbideak eta Irisgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

7 km-ko ibilbide sarea dago parke nazionalean, aproposa dena oinezkoentzat udaran eta eskiatzaileentzat neguan. Bainatzea, arrantzatzea eta perretxikoak hartzea onartua dago parke nazionalean, beti natura babestuz egiten bada; hau da, arrantzatu nahi bada hil gabeko arrantza egin behar da. Aintzira eta ibaietan arrauna ere egiteko aukera dago. Informazioa jasotzeko Ruunaa Bisitarien Gunera joan beharra dago [4].

Parke nazionalera joan nahi bada, Sotkamora doan Valtatie 6 autobidea hartu beharra dago; bertatik, seinaleak jarraituz, parke nazionaleko errepidea hartu baino ez da egin behar [5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]