Edukira joan

Miren Jone Azurza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marklar2007 (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 18:34, 18 maiatza 2022
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Miren Jone Azurza

Miren Jone Azurza
(Dani Blancoren argazkia, Argia)
Bizitza
JaiotzaDonostia1929ko maiatzaren 18a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaDonostia2022ko maiatzaren 15a (92 urte)
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitatea : historia
Madrilgo Kazetaritzako Eskola Ofiziala
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria
Enplegatzailea(k)Argia
Deia
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Miren Jone Azurza Aristegieta (Donostia, 1929ko maiatzaren 18a - ibidem, 2022ko maiatzaren 15a)[1] gipuzkoar kazetaria izan zen, euskarazko kazetaritza modernoaren aitzindaria.[2] Zeruko Argia-ko zuzendaria izan zen 1969-1975 bitartean. Ohorezko Rikardo Arregi saria jaso zuen 2011n,[2] eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2018ko apirilaren 27an.[3]

Miren Jone Azurza Donostiako Antigua auzoan jaio zen, 1929ko maiatzaren 18an. Aita, Joxe Azurza, irakaslea zen, eta ama, Juli Aristegieta, Gipuzkoako telefono konpainiako langilea. Bost haurride izan ziren. Amarengandik hartu zituen lehenbiziko eskolak, etxean, eta zortzi urte zituelarik Antiguako Lourdesko Kolegioan hasi zen. 1936an, Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, aitak Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen, fusilatzeko zerrenda batean zegoelako. Gerra amaitu ondoan etxera itzuli bazen ere, Gobernazioak galarazi zion irakaskuntza ofizialean aritzea.[4]

Batxilergoa Donostiako Peñaflorida Institutuan burutu eta gero, irakasle ikasketak hasi zituen. Garai hartan, ordea, bokazio erlijiosoa sentitu zuen. Horiek horrela, Gasteizko Misiolari Sekularren egoitzan sartu zen 1950eko apirilean. Bi urteko prestakuntzaren ostean, irakasle hasi zen Avilako Residencia Ciudad Ducal ikastetxean, eta zuzendaria ere izan zen. 1950eko hamarkadaren amaieran, Vida Nueva aldizkari katolikoan idazteko proposamena egin zioten. Urte pare bat kazetari jardun ondoren, titulua ateratzea erabaki zuen; eta baita egin ere, Madrilgo Kazetaritza Eskola Ofizialean. Praktikak Bilboko La Gaceta del Norte egunkarian egin zituen.[4]

1965ean Donostiara itzuli zen. Amak 65 urte zituen ordurako, eta 1952tik alargundurik zegoen. Bertan, Ethos argitaletxean izan zuen lehenbiziko lana, eta Indira emakumezkoentzako agerkaria zuzendu zuen urte eta erdiz. 1967an Erroman ibili zen lanean, Latinoamerikako Apezpiku Batzarraren (CELAM) idazkari, Vatikanoko II. kontzilioaren ondoan egin lehen sinodoan.[4]

1967an, Zeruko Argia aldizkarian hartu zuten erredaktore, eta urtebete geroago zuzendari izendatu. Garai hartan, Zeruko Argia iritzi-artikuluen bilduma zen batez ere. Miren Jonek argi ikusi zuen astekaria profesionalizatzeko eta modernizatzeko premia, kazetaritzaren genero guztiak lantzeko: elkarrizketak, erreportajeak... Horrezaz gain, aldizkari zabala egin nahi izan zuen, euskaldun guztiek irakurtzeko modukoa;[5] Mikel Atxaga lankide hurbila izan zuen ahalegin horretan. Erredakzio talde bat osatu zuten hainbat gaitan aditu zirenekin.[6] eta laguntzaileak bilatu herrietan, tokian tokiko kronikak idazteko.[7] Kazetaritzako hizkera garatzeko beharraz oharturik, Xalbador Garmendia kontratatu zuen zuzentzaile. Frankismoaren zentsura zorrotza ere pairatu zuten urte haietan.[4][5]

« Zentsura handia pasatu behar izaten genuen. Esaterako 25.000 pezetako isuna ordaindu genuen batzoki eta nazioartea hitzak erabiltzeagatik. Hamaika aldiz, hamar aldiz gehi bat, joan nintzen ni epaitegietara, ni bainintzen ateratzen zen guztiaren arduradun.[6] »

Aldizkariaren norabidea zela-eta izan zituen desadostasunak tarteko, 1974an utzi zuen Zeruko Argia-ren zuzendari postua. 1975-1980 bitartean, Historia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatearen Donostiako egoitzan. 1977an, Deia egunkariaren sorreran, hara zuzendu zituen bere kazetari lanak, Zeruko Argia-ko beste kazetari askok moduan.[5] Kulturako informazioa, elkarrizketak eta udal-gaiak jorratzeaz gain, iritzi zutabe bat idazten zuen egunero, Juan Olalde sinaturik.[4] Garaia eta Muga aldizkarietan ere kolaboratu zuen. Deia-n aurretiko erretiroa harturik, 1990etik 1996ra Jose Maria Setien gotzainaren prentsa bulegoan jardun zuen boluntario.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gipuzkoa, Noticias de. «Esquela: Miren Jone Azurza Aristeguieta» www.noticiasdegipuzkoa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).
  2. a b Amatiño. Miren Jone Azurza, gure lehen kazetaria. Eibarko peoria, 2020ko uztailak 4, eibar.org (Noiz kontsultatua: 2020-7-4).
  3. Miren Jone Azurza Aristigieta. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-4).
  4. a b c d e Garmendia, Elixabete. Miren Jone Azurza. Bidegileak saila, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2020, bideoak2.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-4).
  5. a b c d Letona Biteri, Xabier. Euskarazko kazetaritza modernoaren zimenduak, Miren Jone Azurzaren begietatik. Argia astekaria, 2009ko abuztuak 2, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-4).
  6. a b Miren Jone Azurza: "Zentsura handia pasatu behar izaten genuen". Argia astekaria, 2011ko uztailak 11, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-4).
  7. Larretxea, Oihane. Miren Jone Azurza: "Idazketa nire mundua zen eta da, kazetari sena ez da inoiz itzaltzen". Gara egunkaria, naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-5).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]