Edukira joan

Cesarea Garbuno Arizmendi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Cesarea Garbuno Arizmendi

Bizitza
JaiotzaErrenteria1846ko otsailaren 25a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza1933ko urtarrilaren 26a (86 urte)
Jarduerak
Jarduerakenpresaburua

Cesarea Garbuno Arizmendi, jaiotzaz María Cesárea Dionisia Garbuno Arizmendi[1] (Errenteria, Gipuzkoa, 1846ko otsailaren 25a1933ko urtarrilaren 26a) gipuzkoar enpresaburua izan zen.[2] Finka eta lur-jabe handia zen, errentekin bizimodu erraza zuena. Bizitza eroso batean egokitu barik, emakume aurreratu eta modernoa izan zen, eta Espainiako lehen petrolio-findegiko enpresaburu bihurtu zen.[3]

Espainiako lehen findegiaren sorreran parte hartu zuen Pasaian (Gipuzkoa) eta lehen petrolio-ontzian ere bai. Bere negozioak dibertsifikatu egin zituen, besteak beste, erregai-banaketa eta irin-industria.[4]

Biografia

Familia

Gurasoak José Antonio Garbuno Echeandia eta Josefa María Arizmendi Goizueta. Ahizpa Josefa Lucrecia Mónica Garbuno Arizmendi zen.[1]

Cesarea Oiartzun bailarako familia aberats batekoa zen. Finka eta baserri askoren jabea zenez, diru-sarrerak lurraren errentei lotuta zeuden.[5] Eusebio Añarbe aitonak ibai ondoan burdinola bat zeukan, baita Errenterian hiltegia ere. Gainera birritan Errenteriako alkate izandakoa zen.

Ezkontza

1863an, Garbuno, hamazazpi urte zituela, Ramon Londaiz Arrietarekin ezkondu zen. Hauxek izan ziren seme-alabak: Teodoro José María Joaquín Bernardino, Eugenio María Bernardo, Antonio María Francisco Domingo, Antonio María eta María Soledad.[1]

Senarraren familia merkataria zen eta 1845ean ehungintzako lehen tailerra sortu zuten Errenterian mantelak eta izarak egiteko. Espainiako garrantzitsuenetakoa izan zen. Enpresa horretan 300 bat langile aritzen ziren; gizonek ez ezik, emakumeek ere egiten zuten lan.

Ramon Londaiz senarra hiriak azkar hazten ari zirenez, kaleko argiek izango zuten erregai premia handia eta etengabeaz konturatu zen. Beraz, beste hiru enpresarirekin elkartu eta sozietate bat sortu zuten petrolioa, ikatz minerala eta alea saltzeko. Izan ere, une horretara arte argiztapenerako erabilitako ikatz olioa eta balearen gantzaren ordez kerosenoa (parafina-olioa) nagusitzen hasia zen. 1881ean Ramon Londaiz senarra hil zenean, Cesarea Garbuno Arizmendi alarguna bi umerekin gelditu zen, hamalau eta zortzi urtekoak. Aurrerantzean Cesarea bera arduratu zen senarraren negozioez.

Cesarea Garbuno Arizmendi enpresaria 1933ko urtarrilaren 26an hil zen, 86 urte zituela.[2]

Sortutako enpresak

Espainiako lehen petrolio findegia: Luciano Mercader eta Viuda de Longaiz

1883an, bere espiritu ekintzailea eta ausarta erakutsita, senarraren bazkide izan zen Luciano Mercaderrekin milioi bateko kapitalaz enpresa bat sortu zuen Pasaian. Enpresa hori petrolioa eta orotariko olio mineralak erosi, findu, banatu eta saltzeko sortu zuten. Horixe izan zen Espainiako lehen petrolio-findegia, Luciano Mercader y Viuda de Longaiz izena jarri zioten enpresa. [2]

Espainiako lehen petrolio-ontzia: San Ignacio de Loyola

Lehengaia urrutitik ekarri beharra zegoen, Estatu Batuetatik, hain zuzen ere. 1893an Cesareak eta Lucianok petrolio-ontzia eginarazi zuten, San Ignacio de Loyola izenekoa, Espainiako lehen petrolio-ontzia izan zena. 1897an Pasaiako portuan lehertu bazen ere, berriro jarri zuten martxan. Baina 1912an, Titanic itsasontzia hondoratutako urte berean, Filadelfiarako bidean petrolio gordina kargatzeko asmoz zihoala, Ozeano Atlantikoan desagertu zen, hamahiru marinel zituela. 1914an Luciano Mercader hil ondoren, Viuda de Longaiz y sobrinos de L. Mercader izena hartu zuen enpresak.

CAMPSAk petrolioaren monopolioa bereganatu zuenean, Cesarea Garbunoren konpainiak enpresa-estrategia aldatu behar izan zuen. [2]

Irin enpresa

Findegiaren kudeaketaz batera, irin ekoizpenean jardun zuen Cesarea Garbunok. Ezkontzan La Fanderia izena zuen errota bat jaso zuten eskonsari. 1908an semearekin eta beste bazkide batzuekin batera, Londaiz Ubarrenechea eta Cía sortu zuen Cesareak aipatutako La Fanderia eta Hernanin zegoen beste bat ustiatzeko. [2]

Beste

Gainera, inbertsioak hainbat industria-sektoretan banatu zituen, besteak beste, La Papelera Española enpresako akziodun handienetakoa izan zen. Bere enpresen martxa onari esker, 1887an Donostiako badia aurrean, Mirakontxan zegoen Villa Londaiz etxetzarra erosi zuen.[2]

Etxe bikiak: Eguzki soro eta Eguzki alde

1897an Cesarea andreak Luis Elizalde arkitektoari bere seme-alabentzako bi etxe enkargatu zizkion, landan, orduko Donostiatik kanpo. Hark etxetzar biki batzuen proiektua egin zuen, estilo neoklasikoan, garai hartan euskal kostan modan zegoen estiloan. Horrelaxe jaio ziren Eguzki soro Gaytán de Ayala Londaiz familiarentzat eta Eguzki alde (desagertuta dagoena) lehengusuentzat, Londaiz familiarentzat.

Cesarea Garbunoren birbiloba den José Gaytán de Ayalak etxe horietako oroitzapenak aipatu ditu:

“Bi etxeak XIX. mendearen amaieran nire birramonak, Cesarea Garbuno Arizmendik, amonarentzat eta osaba aitonarentzat eraikitzeko agindu zituen. Emakume superekintzailea zen, izaera handia zuen eta Gipuzkoako industria- eta enpresa-munduak errespetatzen zuen. Nire ama etxe horretantxe jaio zen eta nik txikitatik gogoratzen dut etxe hau abegitsua eta zaratatsua zela, beti jendez, lehengusuz eta osabaz betea, amona edo osaba-izebak ikustera etortzen ginenean. Gogoan dut oratorioa, non familiako ezkontzak antolatzen baitziren, bizikleten gela, autoak garbitzen genituen gaztetxotan... Une horretan bakarrik uzten ziguten mutilei gorbata ez eramaten. Gogoan dut bazkariak, askariak eta afariak, euskal etxe onak bezala, ordu finkoetan egiten zirela eta erritua zutela: afaldu edo bazkaldu ondoren, emakumeak kabinete batera pasatzen ziren, jantokiaren ondoan, berriketan; gizonak, berriz, lorategira joaten ziren, erretzera. Gogoan ditut gurasoen eta nesken logelak lehen solairuan, eta mutilenak txapituletan. Etxean beroa pasatzen zen, Donostiako lehenengo etxeetakoa izan zelako gasolio-berogailuarekin (familiako negozioa zen), baina, batez ere, primeran jaten zen, etxeko janaria, erraza, kalitate onekoa, sofistikaziorik gabea, baina bereziki ondo aurkeztua. Izan ere, amonaren sukaldaria, Aldamar kaleko La Nikolasa jatetxeko Nicolasa Pradera ospetsua izan zen ezkondu zen arte. Ezkondu eta gero, Estefania, bere pintxea utzi zuen Longaiz etxekoen sukaldari, 70 urtez beraiekin jarraitu zuen sukaldaria".[6]

Cesárea Garbuno enpresa aitzindariak 1897an eraikitako eta mantentzen den etxea, urteetara hotela egin da. Neo-normando estiloko etxeak mota guztietako gorabeherak, sutea eta bikia galdu ditu. Erreforma zaindu baten ondoren, bere historia osoa berreskuratu zuen.[6]

Aintzatespenak

  • "11 Mujeres empresarias en la Historia", izeneko artikuloa, Gestoría Online OpenGes, 2019ko martxoaren 8a[7]
  • "Historia del emprendimiento femenino: 40 mujeres empresarias míticas" izeneko artikuloa, García Abad, 2019ko martxoaren 5a.[8]

Erreferentziak

  1. a b c «María Cesárea Dionisia Garbuno Arizmendi» geni_family_tree (Noiz kontsultatua: 2022-10-04).
  2. a b c d e f (Gaztelaniaz) www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Emakumeak teknologiaren historian - Gontzal Avila» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-03).
  3. De Materiales Orales, Laboratorio Nacional. (2017-01-01). «Es mujer porque María es mujer» Diálogos de Campo 2 (4): 66.  doi:10.22201/enesmorelia.26832763e.2017.4.39. ISSN 2683-2763. (Noiz kontsultatua: 2022-10-03).
  4. Lefkowitz, R. J.. (1975-09-15). «Identification of adenylate cyclase-coupled beta-adrenergic receptors with radiolabeled beta-adrenergic antagonists» Biochemical Pharmacology 24 (18): 1651–1658.  doi:10.1016/0006-2952(75)90001-5. ISSN 0006-2952. PMID 11. (Noiz kontsultatua: 2022-10-03).
  5. Arroyo Ilera, Fernando. (2003-12-30). «El diccionario geográfico de la Real academia de la Historia: una obra frustrada de la ilustración española» Estudios Geográficos 64 (253): 539–578.  doi:10.3989/egeogr.2003.i253.198. ISSN 1988-8546. (Noiz kontsultatua: 2022-10-03).
  6. a b (Gaztelaniaz) Nast, Condé. (2022-05-29). «La fascinante historia de Villa Soro, la casa que la pionera empresaria Cesárea Garbuno construyó en 1897 (y hoy es un hotel)» Vanity Fair (Noiz kontsultatua: 2022-10-03).
  7. (Gaztelaniaz) «11 Mujeres empresarias en la Historia | Gestoría Online OpenGes» Openges 2019-03-08 (Noiz kontsultatua: 2022-10-03).
  8. «Maria Cesarea Garbuno Arizmendi - Bilatu» www.bing.com (Noiz kontsultatua: 2022-10-03).

Kanpo estekak