Abegi oneko teserak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erromako Foro Boario-n (egungo San Omobono) aurkitutako etruskoz idatzitako "tessera hospitalis" bat. K.a. IV. mendekoa. Inskripzioa atzealdean dago.

Abegi oneko teserak Erromatarren garaian Hispanian erabili ziren objektuak dira. Pasahitza, ohorezko bereizgarri, abegi onaren seinale, itun baten froga edo zirkulazio libreko baimen izateko eginak zeuden[1].

Gehienetan idatzita dauden arren, anepigrafikoak (testurik gabekoak) diren batzuk ere aurkitu izan dira.

Tesera esaten bazaie ere, erromatarrek hainbat zerbitzu sal-erosteko erabiltzen zituzten tesserae-kin zerikusi gutxi daukate.

Formak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abegi oneko ituna idatzita duen tesera, Soriako Burgo de Osman, Uxama Argaela hiria zegoen aztarnategian aurkitua. 5'5 cm. luze, 4'5 garai eta 1'5 cm lodi.

Nagusiki brontzez fabrikatutako objektua zen, baina baita zilarrez eta, seguruenik, kuartzoz ere. Hainbat formatakoak daude, eta normalean erditik zatituta daude. Formari dagokionez, tesera antropomorfoak aurkitu izan dira: buruak, eta gizaki baten gorputz zatiak dutenak: "hermes" (burua eta bularra bakarrik dituen eskultura bat) itxura dutenak edo esku gurutzatuen formakoak. Gehienak, dena den, animali forma dute[2]: hegazti, zaldi buru edo zaldi protomoa (animaliaren burua gehi bularra), aharia, basurdea, aketza, otsoa, sugea, txakurra, arraina, kiribildutako sugea, etab.; landare itxurakoak ere badira, estilizatu bikonikoak eta anana- edo lore-kusku formakoak. Azkenik, itxura geometrikoa edo abstraktuak dutenak ere badira: bikonikoa, kubikoak, helikoidala eta paralelepipedoa.[3]

Mukulu biribilekoa iruditxoak izan daitezke edo xafla baten bolumena izan. Sarri, elkar ahokatzen zuten bi pieza egiten ziren, adibidez, Paredes de Navaseko bi esku.[4]

Zuloak eginda izaten dituzte maiz, agian, lepotik zintzilika eramateko edo euskarri batean eskegitzeko iltzeen edo gakoen bidez.

Hedapena eta ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santanderreko museoan ikusgai dagoen abegi oneko tesera, hartz baten larrua zabalduta irudikatzen duena. Testua atzealdean dauka.[5]

Abegitasun-teserak eta Iberiar Penintsulako kultura indoeuroparren artean aurkitu izan dira.[3] Pieza gehienak testuinguru arkeologikorik gabe ezagutarazi ziren, eta gaur gaurkoz, hiru bakarrik lortu dira indusketa arkeologiko batean, eta horietatik bik daude testuinguru arkeologiko zehatza. Bien kasuan, tesera etxebizitza baten eremuan kokatu ahal izan dira. Ia denak hirietan dute jatorria, Fitero eta Cintruenigon aurkitutakoak izan ezik, sertoriotarren kanpamendu militar baten aztarnetan aurkitu baitziren.[6]

Beraz, hirien, "tribuen" edo gizabanakoen arteko itun instituzionalak islatzen dituzten dokumentuak dira abegikortasun teserak, elkarrekiko prestazio eta betebeharretan oinarrituak. Elkarri laguntzeko itunak idazten edo adierazten dituzte tesera horietan, hala nola komunitate bateko abereak pasatzeko eta bazkatzeko eskubidea bestearen lurretan edo lekuz aldatutako pertsonak hartzeko eskubidea.[7]

Tesera horietan, hiri bat aipatu ohi da eta aipatutako hiriak eta teserak aurkitu direneko lekuak bat egiten dute oro har, zeltiberiarren eta ondoko hedapen eskualdean, beroiak, turmodigoak, bakzeoak eta astureak barne. Bi daude, eremu geografiko honetatik kanpo, Caceresen aurkitutako bat (betoien lurraldean) eta Lora del Ríon (Sevillan).

Zeltiberoz idatzitako teseratan aurkitzen ditugun hiriei buruzko erreferentzia kopuru handiak erakusten du teserek kontsignatzen dituzten itunetan duten zeregin garrantzitsua, baita izaera ofiziala ere. Latinez idatzitakoetan, ordea, norbanakoen arteko akordioak nagusi dira. Zeltiberiarren artean bi inskripzio besterik ez ditugu, pertsona bati edo familia talde bati buruzkoak soilik, eta ez dago bi banakoren arteko akordioa jasotzen duen aldebiko formulariorik

Itunen baten adierazpidea direnez, itunkideen eskutan egongo ziren, euren arteko adostasuna egiaztatzeko bitarteko gisa.

Itun bakoitzak bi tesera sortuko lituzke, formarik bereizgarrienean —brontzezko pieza txikiak, aurrealde erliebedunak eta atzealde laua dituztenak, ez berdinak, simetrikoak baizik—, irudikatzen duten irudiaren bolumen osoa berreraiki zezaten, aurpegi lauetatik elkartuta. Aldebiko formulario gehienek gizabanakoaren eta hiri-komunitatearen arteko akordioak jasotzen dituzte.[6]

Garrantzia dokumentu bezala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hispania errepublikanoko dokumentu-multzo interesgarrienetako bat dira. Idazkietan, hitzarmena non non egin zen adierazten da, eta batzuetan, hitzarmenean parte hartu dutenak izendatzen dira.[3]

Luzagako brontzezko lamina, Guadalajara probintziako Luzagan aurkitua. Zeltiberoz idatzita. 16 x 15 cm.[8]

Hospitium-aren ohitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lugon aurkitutako tesera hospitalis edo hobe esanda, tabula hospitalis

Abegikortasun-teserak, zeltiberiar hizkuntzan "car" izena zutenak, herri zeltiarren artean "hospitium"-ak zuen garrantzia frogatzen dute. Abegikortasun paktuak oso ohikoak ziren indoeuropar kulturetan eta Iberiar penintsula barruko populazio zeltikoen artean ere oso zabaldua zegoen. Erromatarrek "hospitium" izena ematen zioten ohitura horren bidez, norbanakoek edo hiriek publikoki kanpotar bat edo beste hiriko herritarrei harrera ona egitea ziurtatzen zen. Indigenen praktika hori, zenbait alderditan, Greziako "proxeniaren" antzekoa zena, hiriei eta gizabanakoei oro har eragiten zien akordioetan gauzatzen zen, eta, seguru asko, tokiko herritartasuna lortzea ekartzen zuen kasu askotan. Akordio horiek brontzezko pieza txikietan idatziz islatzearen ohitura, erromatarren edo punikoen eraginez sortu zela uste da, latinoek "hospitium tessera"-ak baitzituzten.[3]

Testuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar Penintsulan alfabeto latinoz eta signario zeltiberoz idatzitako teserak daude. Zeltiberieraz daudenak idazkera horren bi aldaeretako baten egon daitezke: mendebaldeko zeltiberiarrez edo ekialdeko zeltiberiarrez.[6]

Latinezko piezek, ikuspuntu tipologikotik, zeltiberiarrekin amankomuneko ezaugarri asko dituzte. Batzuek zein besteek argizari galduarekin egindako brontzezko irudi txikiak dira, edo moztutako metal bereko xaflak, eta horien gainean testua grabatuta dago.[3]

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian ere zenbait agertu dira, ezagunenak La Custodiako seiak izanik.[9] Fiteron, Cintruénigon eta Cascanten tesera bana topatu dira.[10][11]

- Namato-ren (K.a. II. mendekoa g.g.b., 2006n baino lehen Fiteron aurkitua).[10]

n101a4m1a4to1

  

namato

- Tertabrigatarren tesera (K.a. II. mendekoa g.g.b., 2006n baino lehen Cintruenigon aurkitua).[10]

te13ŕ7ta1bi3i1s5u3m1p4ka3a201ŕ7

  

tertabiizum · kaar

- Variako (tesera) publikoa (K.a. II. mendekoa g.g.b., 2011n baino lehen Cascanten aurkitua).[11]

u1a102ŕ7a3ka1
ko1ŕ7ti1ka1

  

uaraka
kortika

Abegi oneko tabulak eta patronatu tabulak (Tabula hospitalis eta Tabula patronatus)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekoen antzeko funtzioa dute, baina latinez idatzita daude, berriagoak dira (K. o. I. eta II. mendeak) eta erromatar tabula klasikoen forma dute, hau da, karratua edo lauki zuzena. Dena den terminologia ez dago hain zabalduta, eta askotan "brontzezko plaka" edo "brontzezko tabula" gisa aurkezten dira. Abegi ona edo "patronatu" hitzarmen bat agertu ohi da idatzita tabula mota horietan[12]. Nafarroako Ezkabarteko Arre kontzejuan batzuk agertu ziren:[13]

Nerone Claudio Caesare
Aug(usto) Ger(manico) II
[L(ucio)] Caesio Martiale co(n)s(ulibus) VIII
Idus Decembris(!) civitas Pom
pe[l]onensis hospitum renova
vit cum L(ucio) Pompeio [L(uci)] f(ilio) Ani(iensi)
Primianio
liberis posterisq(ue) eius
egerunt leg(ati) Sex(tus)
Pompeius Nepos [---]
Sergius Cres
cens

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «tésera» Glosario ilustrado de arte arquitectónico 2017-12-09 (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  2. (Gaztelaniaz) «Téseras de Hospitalidad | Ciudad de Libia» www.ciudaddelibia.es 2013-04-23 (Noiz kontsultatua: 2023-04-22).
  3. a b c d e «Tesauros - Diccionarios del patrimonio cultural de España - Tesera de hospitalidad» tesauros.mecd.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
  4. (Gaztelaniaz) León, Junta de Castilla y. «Pieza del Mes: "Tésera de hospitalidad"» MUSEO DE PALENCIA (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  5. https://www.rah.es/tesera-bronce-forma-piel-oso-extendida/
  6. a b c (Gaztelaniaz) Cornago, Ignacio Simón. (2008). «Cartografía de la epigrafía paleohispánica I. Las téseras de hospitalidad» Palaeohispanica. Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania Antigua (8): 127–142.  doi:10.36707/palaeohispanica.v0i8.260. ISSN 1578-5386. (Noiz kontsultatua: 2022-12-24).
  7. (Gaztelaniaz) Tésera – museo de Teruel. (Noiz kontsultatua: 2022-12-24).
  8. «Bronce de Luzaga > Lenguas Ibéricas > Aula de Estudios Ibéricos e Iberoamericanos» www.estudiogeneraldehumanidades.es (Noiz kontsultatua: 2022-12-24).
  9. (Gaztelaniaz) Labeaga Mendiola, Juan Cruz; Jürgen, Utermann. (1993-1994). «Las téseras del poblado prerromano de La Custodia, Viana (Navarra). Descripción, epigrafía y lingüística» Trabajos de arqueología Navarra 11: 45-53. ISSN 0211-5174 ISSN 0211-5174..
  10. a b c (Gaztelaniaz) Díaz Sanz, Mª Antonia; Jordán Cólera, Carlos. (2006). «Dos téseras de hospitalidad procedentes de Fitero (Navarra)» Palaeohispanica. Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania Antigua (6): 257–266.  doi:10.36707/palaeohispanica.v0i6.299. ISSN 1578-5386. (Noiz kontsultatua: 2022-12-24).
  11. a b (Gaztelaniaz) Olcoz Yanguas, Serafín; Medrano Marqués, Manuel María. (2011). «Una tésera de hospitalidad procedente de Cascante (Navarra)» Veleia (28): 245-251. ISSN 0213-2095..
  12. Santero Santurino, José María; Rodríguez Neila, Juan Francisco. (1982). «Hospitium y Patronatus sobre una tabla de bronce de Cañete de las Torres (Córdoba)» Habis (13), 105-164 (1982) ISSN 0210-7694. (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
  13. (Gaztelaniaz) Díaz Ariño, B.; Cimarosti, E.. (2016). «Las tábulas de hospitalidad de Arre (Pamplona)» Chiron (46): 319-360..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]