Sertorioren gerra
Sertorioren gerra | |||
---|---|---|---|
Data | K.a. 81 -K.a. 72 | ||
Lekua | Hispania | ||
Emaitza | Optimatesen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Sertorioren gerra Luzio Kornelio Silak ezarritako erregimenaren ordezkarien aurrean eta erromatar populares-en arteko gerra zibilen parte garrantzitsu bat da, Hispaniar probintzietan egin zena. K.a. 83an hasi zen,Gaio Mario jeneralaren eta Hispania Ziteriorreko gobernadore zen Kinto Sertorioren armadak erromatar Errepublikaren armada ofiziala erosotu zuenean[1].
Sertorio Populares alderdiaren aldekoa zen eta hispaniarren bizitza hobetu zuten erreformei esker, ospea lortu eta Silaren diktadura borrokatu zuen Hispaniatik. Optimatesek Errepublikatik bota zuten Sertorio eta haren matxinada amaitzeko, gudarosteak bidali zituzten Iberiar penintsulara.
K.a. 80an, Sertoriok lusitaniarrei lagundu zien Erroma erasotzen eta Silak Hispania Ulteriorreko gobernadore Quinto Zezilio Metelori bi legio bidali zizkion, matxinadari aurre egiteko. Hasieran, Metelok garaipenak lortu arren, Sertoriok zeltiberiar eta lusitaniar gerrilla-taktikak erabiltzeari ekin zion. Hartara, ia penintsula osoa bereganatzea lortu eta hiriburua Bolskanen (latinezko Osca, egungo Huesca), ezarri zuen. Artean, Erromatar Errepublikak Gneo Ponpeio bidali zuen Hispaniara eta gerra latza hasi zuen, Sertorio K.a. 72an hila izan zen arte.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 84an, Gaio Marioren popularren eta Luzio Kornelio Silaren optimatesen (Erromatar Errepublika berantiarreko alderdi aristokratikoa) arteko gerra zibila bizi zen. Lehenengoek Erroma kontrolatzen zuten, baina errepublikako gainerako lurraldeak galtzen ari ziren: Sila armada ahaltsu bat alboan zuela zuen, Mitridates VI.arekin bakea negoziatu zuen hiriburura itzultzeko; Kinto Zezilio Metelo Pio, optimatesen alderdikoa, Afrikan altxatu zen eta Kaio Fabio Adriano propretore popularra hil zuen Utikan; Marko Lizinio Kraso, Silaren aldekoa, Hispania Ulteriorren zegoen ihesean: han, armada txiki bat osatu eta Italiara itzultzeko prestatzen ari zen, gobernuan zeuden Popularrei aurre egiteko; azkenik, Gneo Ponpeio gazte bat Pizenon altxatu zen.
Bere egoera hobetzeko, K.a. 83an, Kinto Sertorio, erromatar buruzagi trebe eta talentuduna, Hispania Ziteriorrera bidali zuten pretore, Kantabria eta Lusitaniako tribuak popularren aldera erakartzeko[2][3] eta aurreikus zitekeen porroterako babesa lortzeko[4]. Berehala, tokiko buruzagiak erosi, haietaz abusatzen zuten funtzionario erromatarrak zigortu, zergak jaitsi, kolono erromatarrak armatu eta trirremeak eta gerra-makinak eraikiarazi zituen. Silak popularrak garaitu eta Erromako gobernua okupatu ondoren, bizirik iraun zuten askok Hispaniara ihes egin zuten, han, gerra jarraitzeko.
Protagonistak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Optimateak | Popularrak |
---|---|
L. Cornelius Sulla (Sila) | G. Marius |
Q. Caecilius Metellus Pius | Q.Sertorius |
G. Pompeius Magnus | L. Hirtuleius |
Decius Lelius | M. Perpenna Veiento (Vento) |
Lucius Afranius | Gaius Herennius |
Marcus Marius |
Gerraren bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen etapa: K.a. 82-79
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Silak erabaki zuen armadak bidaltzea azken lurralde leialak Popularren mende jartzera. Ponpeio gaztea Siziliara joan zen, Gneo Papirio Karbo ihes egin eta armaz altxatu zuen lekura. Optimatesak garaitu eta hil egin zuen K.a. 82. urtean. Ondoren, Afrikara joan zen, Marko Perpenna Venton eta Kneo Domizio Enobarbo matxinatu ziren probintziara, Numidiako errege Hiarpasen laguntzarekin. Ponpeiok K.a. 81ean garaitu zituen, Enobarbo hil eta Hiarpas harrapatu zuen. Perpennak Sardiniara ihes egin behar izan zuen.
Antzeko zerbait gertatu zen Hispanian, han azken herri-erresistentzia geratzen baitzen[5]. Sertoriok, bere aurkako erasoaldi aurreikusgarriaren jakitun, Livio Salinator ordezkariari agindu zion Pirinioetako pasabideak 6.000 soldadurekin hornitzeko. K.a. 82an, Kaio Annio Lusko jeneralaren agindupeko armada boteretsu bat mendilerrora hurbildu zen, baina eraso egin beharrean, nahiago izan zuen soldadu bat erosi, Salinator hiltzeko. Traizio horren ondoren, gainerako defendatzaileek amore eman zuten eta Annio penintsulan sartu zen, erresistentziarik gabe.
Sertoriok eta geratzen zitzaizkion 3.000 soldaduek Mauritaniako Erresumara ihes egin zuten. Pitusa uhartean, Betisen bokalean, Anniok utzitako garnizioa garaitu zuen, eta Annio itsasontzi askorekin eta bost mila soldadurekin hurbildu zenean, ekaitz batek eta aliatu ziliziarren trebetasunak Sertorio garaitzea ahalbidetu zuten[6]. Mauritaniara iritsi ziren: bertan, erbesteratutako popularren komunitate handi bat eta ziliziar pirata ugari zeuden. Azken hauekin aliatu zen Balear uharteak eta Mauritaniako kostaldea erasotzeko. Erresuma gerra zibil betean zegoen, Boko I.a Silaren aliatua zen eta matxinoen aurka borrokatzen zuen. Haren basailu Askalisek eta Gaio Paziano erromatar jeneralak (Silak errefortzuekin bidalia) Sertoriori eraso egin zioten, baina horrek Pazifiko hil eta bere soldaduak matxinatu ziren gudu batean garaitu zituen. Horren ondoren, jeneral popularrak Tingis hartu zuen, K.a. 81ean.
Hurrengo urteko udaberrian, Sertoriok lusitaniarren ustezko laguntza-eskaera bat jaso zuen, penintsulara itzultzeko aitzakia izan zena. Baelo Claudian lehorreratu zen 2.000 legionariorekin, 700 zaldun mauritaniarrekin eta 600 hispaniar laguntzailerekin. Optimatesek, berriz, 120 mila infante, 6.000 zaldizko eta 2.000 arkulari eta habailari zituzten, lau armadatan banatuta. Berehala hartu zuen lusitaniarren laguntza, Diana jainkosak bidalia zela uste baitzuten, maskota gisa orein zuri txiki bat erosi zuelako. Esan zien oreinak jainkosaren mezuak bidaltzen zizkiola lo zegoen bitartean. Ihes egin zuenean, buruzagia porrotak izaten hasi omen zen. Laster 4000 oinezko eta 600 zaldizko lusitaniar elkartu zitzaizkion. Geroxeago, Luzio Aurelio Kota propretorea garaitu zuen, Silak ontzidi batekin bidalia, Melloriaren aurkako itsas borroka batean. Azkenik, Luzio Aufidio Hispania Ulteriorreko propretorea Betisen ertzean gurutzatu eta garaitu zuen, eta urtearen amaieran Lusitanian barneratu zen.
Berehala erabili zuen erromatarren aurkako sentimendu sendoa eskualdean, laguntza irabazteko eta Hispania Ziterior inbaditzeko, bere operazio basea Calagurrisen ezarriz.
Bigarren etapa: K.a. 79-76
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 79 urtetan, Sertoriok Hispaniako zati garrantzitsu baten jabe zela, Silak Quinto Cecilio Metelo Pio agurea bidali zuen, Hispania Ulterior-eko prokontsul gisa, bi legiorekin (10.000 gizon goiti beti), eta Corduban bere kuartela jarri zuen. Sertoriok 8.000 soldadu besterik ez zituen, eta, beraz, landa-borroka saihestu eta gerrillen gerra erabiltzea erabaki zuen.[7] Lucio Hirtuleyo bidali zuen Citerior-eko gobernadorea zen Marco Domicio Calvinori aurre egitera, une horretan Tajo ibaian aurrera zihoan hari. L. Hirtuleyok Calvino garaitu zuen Consaburatik gertu, hiria hartu eta horrela, Sertoriok hego-ekialdea finkatu zuen. Ondoren, Gigüela ibaiko bailaratik igo eta Marco Aquilio legatua eta 6.000 erromatar enboskatu zituen haiek zituzten gizonen erdiarekin.[8]
Gero, Sertoriok Lacobriga (Protugal hegoaldean zegoen itsasertzeko hiria) hiriari Metelok jarrita zion setioa apurtzea lortu zuen. Metelok ur hornikuntza kenduta zion hiriari, baina Sertoriok 2000 ur zahagi ekarri zizkien hiritarrei, eta, gero, etsaiari hornidurak moztu zizkion. Egungo Cáceres hiritik 2,5 kilometrora jarri zuen Metelok bere kanpamendu nagusia, Castra Caecilia, eta horrekin, Sertoriori hornidura bidea moztu nahi zion, eta Tajo ibaiaren iparraldean isolatuta utzi.[9][10]
Garaipen horiek oso ezagunak egin ziren Iberiar penintsulako herrien artean, eta, trebeki, erromatar erako Senatu bat sortzea erabaki zuen, baina Bolskanen[11] noble hispanoek osatua. Prokontsul izendatu zuten, eta senatarien erabakiak errespetatzeaz arduratu zen. Hispaniako erreklutak erromatarrak bezala entrenatu zituen, armarri, krosko eta tunika onekin.[12] Bere gobernadoreak instalatu zituen, eta herri-babesa bidezko epaiak eginez eta zergak murriztuz irabaz zezaten saiatu zen. Azkenik, akademia bat sortu zuen jatorrizko familia handien seme-alabentzat, non irakasle erromatarrak eta greziarrak irakasten baitzieten nobleen haurrei. Bahituak ziren, baina etorkizuneko funtzionario erromatarrak izateko ere prestatzen zituzten.[13] Garai hartan, Sertorio Ebro Garaiaren eta Tarraco-ren jabe zen, zalantzarik gabe. Hori zeltiberiarrekin zuen aliantzagatik gertatu zen.
Bere garaipenek, hispanoen artean ospea eman zioten. 78a urtean. C. Perpennak, Sardinian eutsi nahian zebilela, 20 000 infanterekin eta 1.500 zaldikorekin Sertorioren babesa eskatzea erabaki zuen.[14] Bitartean, Hirtuleyo Ilerdarainoko etsaia erasotzen jarraitu zuen, eta han Galia Narbonenseko prokontsulari, Lucio Manliori, irabazi zion, Hispanian sartu baitzen Calvinori laguntzeko. Ordurako, prokontsul menderakaitzak 8.000 zaldizko eta 60.000 infante zituen, bi herenak bertakoak. Perpennaren agindupean, aldiz, 2.000 legionario beterano baino ez zeuden.
K.a. 77 urtetan. urtean Hirtuleyori Lusitania berriro defendatzeko agindu zion; tartean, Sertorio, Ebroren arroan geratzen zela, eta negua Castra Aelian igaro zuen, beroien lurretan. Baskoiek ez zuten ezer egin, erromatar optimatesen zain. Orduan, bere boterearen gailurrean zegon Sertorio, Hispaniako lur erromatar guztien jabe, Betika eta Tarraconenseko hegoaldea izan ezik, han Metelo baitzegoen.[15]
Ponpeio gaztea K.a. 76an bidali zuten Hispanietara. Haren izendapena legez kanpokoa izan zen, ez baitzen erromatar arauen arabera egin, baizik eta Silak ezarritako jardunbidea jarraituz. Emporiaen kokatu zen negua pasatzeko eta hurrengo urtean erasotzeko prestatu zen. Gaio Memio kuestorea bidali zuen Ulterior probintziara handik legio bat ekar zezan eta Carthago Novan berarekin batu zezan. Helburua zen Metelo galaraz zezala Sertoriok Betis ibaia zeharkatzea, Ponpeiok matxinoak Citerior probintziako kostaldetik kanporatzen zituen bitartean, eta ondoren barnealdetik ere, are eta Sertorioren tropak Lusitanian inguratzen zituzten arte. Popularren ofizial errebelde batzuek Ponpeiori aurre egin nahi izan zioten modu tradizionalean, baina Sertoriok gerrillekin jarraitzeko konbentzitu zituen[16].
Perpennak Ponpeio geldiarazi zuen, Gaius Herennius erreserban geratu zen, eta Hirtuleyoren ardura zen Metelo ez zezala batu Ponpeiorekin. Sertoriok zain geratu zen, gehien behar zuten tokian laguntzeko prest.
Sertorioren bandoko lehen biek Valentia Edetanorum (egungo Valentzia) hirirantz egin zuten atzera, eta Edeta/Lauron hiria optimatesen bandora pasa zen; beraz, Sertoriok eraso egin zion. Ponpeiok askatzera abiatu zen matxinatua bere armadaren eta hiriaren artean harrapatu nahian. Baina hurbiltzean, popularren legio bat agertu zen bere atzealdean, eta ezin mugitu utzi zuen. Elikagaiak lortzeko asmoz, etsaien liskarra gertatu zen batzuen eta besteen artean, eta Decius Lelius, Ponpeioren legatua, bere gizonei laguntzen saiatu zen, baina 10.000 baja izan zituen. Handik gutxira, Lauron hiria errenditu egin zen eta Sertoriok ez zion kalterik egin populazioari, baina hiria erabat erre zuen. Ponpeiok gaua aprobetxatu zuen atzera egiteko, baina etsaien zalditeriak harrapatu egin zuen, eta 10.000 gizon galdu zituen, 5.000 aliatuez gain. Optimatesen jeneralari Galia Narbonensisen babestea beste aukerarik ez zitzaion geratu.
Hirugarren etapa: K.a. 75-72
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere indarrak gutxiturik zeudela eta bere gizonei ordaintzeko diru beharrean zegoela, Sertoriok kontingente txiki bat bidali zuen Marko Marioren agindupean Mitrídates VI-arengana 3.000 talenturen truke[17]. Diru horrekin bere gizonei ordaindu ahal izan zien, Pontoko erregeak Anatolian gerra bat[18] hasi zuen bitartean, erromatar armadak Hispanian okupatuta zeudela aprobetxatuz.
Metelok negua Corduban eta Ponpeiok Narbonan igaro ondoren, K.a. 75. urtean bien indarrak batuko zituztela erabaki zuten. Horretarako, lehenak Hirtuleyo, Lusitanian zegoena, suntsitu behar zuela deliberatu zuen. Italicatik gertu eta Singilis (egungo Genil) ibaiaren ertzean garaitu zuen, eta azken borrokaldian komandante matxinatua eta bere 20,000 gizon hil ziren. Bien bitartean, Ponpeio azkar joan zen Saguntora. Hiri hori optimatesen bandoan sartu zen armada bere ateetan ikusi zuenean. Gero, Valentiaraino (Valentia Edetanorum, egungo Valentzia) jarraitu zuen, Hereniok eta 20.000 matxinatuk setiatuta zuten hiriraino. Sertoriok, berria jakin zuenean, bere ordezkaria zen Herenio laguntzera joan zen berehala. Baina Ponpeiok garaitu egin zuen Herenio, eta hil egin zuen berekin zeuden 10.000 jarraitzaileri. Ponpeioren tropek Valentia arpilatu zuten gero eta tenpluak baizik ez zituzten errespetatu. Perpennak bizirik atera zirenekin ihes egitea lortu zuen.
Ponpeiok erraz konkistatu zuen Edetania (Valentzia iparaldea, Castello eta Teruel eta Zeragoza zati bat) Sucro (egungo Albalat de la Ribera?) hirira iritsi arte, han zegoelako Sucron ibaia (egungo Jucar) ibaira iritsi arte, Sucron zeharkatzen zuen zubi bakarra baitzuen. Han agertu zen Sertorio ere, Lauro hiriaren galera mendekatzeko irrikaz. Bi armadek, guztira, 30 000 gizon zituzten. Sertoriok Perpenna jarri zuen bere eskuineko saihetsean (antzinako armadetako ahulena izan ohi zen), eta Ponpeiok gauza bera egin zuen Lucio Afraniorekin. Borroka oso gogorra izan zen, harik eta Perpennaren aldeak atzera egiten hasi zen arte, eta, triskantza bat saihesteko, Sertoriok bere hegala utzi zuen beste mendeko baten agindupean, eta zuzenean esku hartu zuen Perpennari laguntzeko. Ondoren, optimatesen lerroa kolapsatu egin zen, eta borroka erabakita geratu zen. 5.000 sertoriar eta 6.000 ponpeiar hil ziren.[19]
Hurrengo egunean, Ponpeiok berriro osatu zituen bizirik atera zirenak bataila berriz hasteko, baina une horretan, Saetabisetik (egungo Xativa) Metelo iritsi zen. Sertoriok, bien artean harrapatuta ez geratzeko, atzera egin zuen. Uda amaieran, buruzagi matxinatuak Gaius Memmius legatua eta 30.000 soldadu inguratu zituen Sagunton. Optimatesek hornidurak lortzeko egiten zituzten irtenaldi ugarietan, popularren erasoak etengabe jaso zituzten eta horietako batean, Gaius Memmius legatua ia hil zen, baina bere gizonek salbatu zuten.[20] Sertoriok Pallantiara (bazkeoan hiria, egungo Palenzuela (?), Palentzia probintzian) erretiratzea erabaki zuen, zeltiberiarrekin negua igarotzeko. Metelo Narbonara erretiratu zen, eta 100 zilarrezko talentu eta 20 lur-uztaren saria eskaini zion Sertorio hilko zuenari. Ponpeio baskoiekin babestu zen eta Pompaelo sortu bide zuen.
K.a. 74an Sertoriok lur errearen taktika aplikatu zuen borroka saihesteko; Ponpeiok eta Metelok, berriz, hiriei eraso egin zieten, hura probokatzeko. Ponpeiok Pallantia setiatu zuen, baina popularren buruzagiaren esku-hartzeak salbatu egin zuen. Caucan, berriz, ustez gaixorik egonda, medikuaren laguntzaren beharrean zeuden soldaduak sartu zituzten optimatesek, eta haiek armadari ateak ireki zizkioten lehen aukerarako. Sertoriok egindako beste esku-hartze bati esker, bere hiriburua zen Calagurris, jazarpen batetik libratu zuen, etsaiei 3.000 baja eraginda.[21] Erabakigarria izan zen Erromako Senatuak matxinatuei eskainitako amnistia, eta hori profitatuz, ofizial popular askok buruzagia utzi zuten.[22]
K.a. 73. urtean, Ponpeiok Zeltiberia eta kostaldeko hiriak ziren Tarraco eta Dianium menperatu zituen. Sertorio Ebro ibarrean kontzentratu zen, Ilerda, Osca eta Calagurris hirietan, gero eta aliatu gutxiagorekin. Azkenik, inguratuta zegoela, Sertoriok buru hispano desertoreei mendeku hartzea erabaki zuen: Oskako akademiako ikasle gazte gehienak hil zituen, eta bizirik atera zirenak esklabo gisa saldu zituzten.[23] 72. urtean, Perpenna eta beste ofizial batzuek afari batera gonbidatu zuten eta bertan sastakatu zuten hil arte.[24] Traidoreak hartu zuen agintea, eta Ponpeiorekin borrokatu zen, baina garaitua izan zen eta berehala harrapatu zuten.[25] Perpennak Sertorioren aldekoen izenak esatea eskaini zion jeneralari, baina hark Perpenna hiltzea agindu zuen, Silaren garaien geratu ziren aurkarien sarraskiak berriro gerta ez zitezen.[26] Perpennaren lagun guztiak hil zituzten, batzuk Ponpeiok berak eta beste batzuk Mauritaniarrek Afrikara ihes egin zutenean.[27]
Oraindik ere leialak ziren gainerako hiriek amore eman zuten, Calagurris izan ezik, optimatesen setioari aurre egin baitzioten, eta kroniken arabera, kanibalismoraino iritsi ziren hiriaren defentsari eusteko.[28] Sertorio hil ez balitz, gerra ez zen hain erraz eta azkar amaituko.[29]
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurkariak jazartzeari uko egin zionean, Ponpeio Silarengandik bereizi zen eta Hispaniako herritarren babesa irabazi zuen.[30] Horri esker, urte batzuk geroago piztuko zen Gaio Julio Zesarren aurkako gerra zibilean, Ponpeiok penintsulako kolono italikoen eta Hispaniar zeltiberiar, iberiar, lusitaniar eta iparraldeko herrien leialtasun izan zuen, Lleidan borrokatuz eta soldadu talde bat Farsaliara bidaliz.[31] Klientelismo-lotura horiek Ponpeioren seme-alabek oinordean jaso zituzten armada bat elkartu zutenean. Zesarrek, Sertorioren erresistentzia luzea izan zela jakinik, erreakzionatu egin zuen bere etsaiek penintsulan zuten posizioa ziurtatu ez zezaten eta Mundan (egungo Sevilla edo Kordoban egon zen lekua) garaitu zituen.[32]
Sertorio gogoratua izan zen, bertako jendea zibilizazio klasikoan integratzeko benetako nahia erakutsi duelako: erromatar egin nahi zituen, bere herrikide askok ez bezala, mespretxuz ikusten baitzituzten eta konkistatutako lurrak harrapakin, loria, baliabide, esklabo eta zergen iturri soiltzat hartzen baitzituzten.[33] Popularren buruzagiak «Estatu erromatar paraleloa» bat sortzea lortu zuen.[34]
Howard Hayes Scullarden britaniar historialariarentzat, Ponpeiok Hispaniari ematen zion tratua gizatiarra zen, erromatarrek traidore eta matxinoei ematen zieten ohiko tratuaren aldean. Hiritartasuna jarraitzaile askori eman zitzaien, eta aurkari fanatiko talde bat Pirinioetako Lugdunum Convenarum-en kokatu zituen[35].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ López Fernández, J. A., & Fernández, C. (2014). La guerra hispana de sertorio 82-72 a. c (1., Ser. Guerreros y batallas, 94). Almena.
- ↑ Plutarco, 6, 3; Apiano, I, 86, 1
- ↑ Grimal, Pierre (1984). El mundo mediterráneo en la edad antigua: La formación del Imperio romano. III lib. Madrid: Historia universal ed. siglo XXI. ISBN 9788432301681.
- ↑ Plutarco, 6, 2.
- ↑ Apiano, I, 97, 1
- ↑ Plutarco, 7, 3
- ↑ Plutarco, 12, 5
- ↑ Romeo Marugán, Francisco. (mar 25, 2023). «Geoestrategia del bellum sertorianum: defensa en profundidad en el valle del Ebro en una guerra total frente a Roma» Bolskan (28): 57-95..
- ↑ Plutarco, 13, 5
- ↑ Romeo Marugán, Francisco. (mar 25, 2023). «Geoestrategia del bellum sertorianum: defensa en profundidad en el valle del Ebro en una guerra total frente a Roma» Bolskan (28): 57-95..
- ↑ Latinez, Osca, eta gaur egun, Huesca.
- ↑ Plutarco, 14, 3
- ↑ Plutarco, 14, 2
- ↑ Plutarco, 15, 1-2
- ↑ Romeo Marugán, Francisco. (mar 25, 2023). «Geoestrategia del bellum sertorianum: defensa en profundidad en el valle del Ebro en una guerra total frente a Roma» Bolskan (28): 57-95..
- ↑ (Gaztelaniaz) Grimal, Pierre. (1973). El mundo mediterráneo en la Edad Antigua. III. La formación del imperio romano (Historia universal). Siglo XXI de España Editores, S.A. ISBN 9788432301681..
- ↑ Plutarco, 24, 1-2
- ↑ Mitridatsen aurkako hirugarren gerra.
- ↑ Apiano, I, 110, 1
- ↑ Plutarco, 21, 1
- ↑ Apiano, I, 112, 1
- ↑ Plutarco, 22, 3
- ↑ Plutarco, 25, 4
- ↑ Grimal, 1984: 133
- ↑ Plutarco, 26, 4
- ↑ Plutarco, 27, 3
- ↑ Plutarco, 27, 4
- ↑ Díaz Villanueva, Fernando. "Quinto Sertorio y cierra Hispania". Periódico Libertad Digital. Publicado el 22 de septiembre de 2012. Consultado el 24 de febrero de 2017.
- ↑ Apiano, 115, 1
- ↑ Grimal, 1984: 133
- ↑ Amela Valverde, 2009: 1789-1790, 1792-1793
- ↑ Díaz Villanueva, Fernando."Munda, la consagración de César". Periódico Libertad Digital. Publicado el 21 de septiembre de 2012. Consultado el 24 de febrero de 2017.
- ↑ Díaz Villanueva, Fernando. "Quinto Sertorio y cierra Hispania". Periódico Libertad Digital. Publicado el 22 de septiembre de 2012. Consultado el 24 de febrero de 2017.
- ↑ Cervera Moreno, César. "Sertorio, el legendario militar que creó una República Romana en España y murió traicionado". Periódico ABC. Publicado el 26 de septiembre de 2016. Consultado el 24 de febrero de 2017.
- ↑ (Ingelesez) Scullard, Howard Hayes. (2010 (jatorrizkoa, 1959)). From the Gracchi to Nero. A history of Rome from 133 b.c. to a.d. 68. Londres eta New York: aylor & Francis Group, 92 or..