Agirre baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau Bergarako eraikinari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agirre».
Agirre
(edo Agerre edo Agarre)[1]
Agirre (edo Agerre edo Agarre)[1]
Agirre baserria eta Agirre baserriko garaia.
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Bergara
Agirre baserria hemen kokatua: Bergara
Agirre baserria
Agirre baserria
Agirre baserria (Bergara)
Ezaugarriak
Garaia XVI-XVII. mendeak
Oinplanoa 25 x 19,5 m
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2004ko maiatzaren 18a
Udala Bergara

Agirre baserria (batzuetan Agerre edo Agarre[1]) Bergaran (Gipuzkoa) dagoen baserria da. Ezaugarri nagusiak, neurri handi batean, XVII. mendearen amaierako arku ugariko karrerapedun baserri barrokoaren tipologiarekin lotzen dira. Ia Debagoienan bakarrik aurki dezakegun baserri-mota hau Euskal Herriko landa-etxebizitzaren arkitektura-kalitate handienetako bat duen eredua da. Hala ere, Agirre baserriak, itxurazko diseinu eguneratuaren atzean XVI. mendeko dolaredun baserri gotiko zahar baten eboluzioa ezkutatzen du, bertako hainbat elementu gordetzen baititu.

2004ko maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Baserria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agirre baserria eraikin trinkoa da. 25 x 19,5 metroko oinplanoa du, eta beheko solairua eta lehen solairua edo teilatupeko solairua ditu. Bi isuriko teilatua du, teilatu-gailurra fatxada nagusiarekiko perpendikularra da eta teilatu-hegal motza du. Eraikina, fatxada nagusia izan ezik, emokadurarik gabeko harri-hormaz egina dago, eta baoak eta eskantzuak harlanduz inguratuta ditu.

Fatxada nagusia mendebalderantz begira dago, eta, bertan, ia konposizio simetrikoa osatzen duten erdi-puntuko hiru arkuz osatutako karrerapea dago. Ia sei metroko sakonerako karrerapeak, fatxadaren luzeraren zati handiena hartzen du, eta bere gainean, lehen solairuko erdiko ardatzean armarria dago, bai eta harlanduz inguratutako hiru leiho-bao baoburudun ere, bi eskuinean eta bat ezkerrean.

Armarrian honako arma hauek ikus daitezke: zilarrezko eremuan, bi otso ibiltariren artean, dragante berdeen ahoetan jarritako gorri eta urre koloreko bi lauki-ordenez osatutako lauki-banda.

Baserriko karrerapeak, iparraldeko horman sarrerako laugarren arku bat du, eta fatxada nagusiko arkuetako bat gaur egun itxita dago. Karrerapea iragaite-espazio modura ere erabiltzen da, eta, barrutik, baserrira sartzeko bi bao ikus daitezke; bat, dobeladun eta leihozangoak pixka bat hondatuak dituen arku zorrotz estua da, eta bestea, bigarren mailakoa, baoburuduna da. Karrerapea kalitate oneko zurezko solairuak estaltzen du, eta alde batean harrizko mentsulen gainean doazen frontal-habeek eusten dute.

Sarrerako bidearen ondoko iparraldeko fatxadak oso garaiera txikia du, eta eskuineko muturrean duen eri-puntuko arkua, eta gaur egun ezkutatuak eta barrutik oso txaranbelduak dauden bi gezileiho luze kenduta, erabat itsua da. Hegoaldeko fatxadak, laborantzako zonetara zabaldua, lurraren maldaren ondorioz garaiera handiagoa du, eta beheko zein lehen solairuetan aldaketak egin zaizkio, forma diferenteko baoak zabalduz. Ekialdeko fatxadak, beheko solairuko aurrealde osoan eranskin bat du, baserriaren jatorrizko fatxada zati batean ezkutatu eta aldatu duen etxebizitza batekin. Ekialdeko fatxadan, dobela puntaduneko arku gotikoko sarrera ederra dago, eta atea ixteko ataka zuen horman alboko gezileihoa eta barruko espazioa gorde ditu.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baserriaren barruko egitura luzeran jarritako lau hormartetan antolatzen da; bat, luzerako karga-horma da, eta suhesi-lanak egiten ditu, eraikina bi zatitan banatuz. Hiru laurden inguru iparraldean geratzen dira eta laurden bat hegoaldean. Bien arteko komunikazio bakarra beheko solairuan dagoen bao gotiko puntadun txiki baten bidezkoa da. Solairuko modulazio-elementuak suhesia, karrerapeko horma, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-eremuko zurezko pieza bakarreko zutabeak dira. Egiturako zenbait zutabek jabaloi paralelo bikoitza dute eta lotura-mota diferenteak ikusten dira: enara-hegal formako zenbait dira nabarmenenak. Iparraldean, beheko solairuan, ukuilua eta atal bakarreko eskailera daude; bertatik lastategiaren espazio zabal irekira igotzen da. Bertan, dolare-moduko osoko zutabeko egitura osatugabea dago. Hegoaldean, beheko solairuan etxebizitza dago eta teilatupeko oinean ganbara. Bertan, atal bakarreko zutabea eta zurezko iltze linealez zulatutako gapirioak ikusten dira. Hegoaldean, baina aurrealdean, eskailera batetik erdisotora heltzen gara; hemen ere teilatupeko solairua etxebizitza gisa erabiltzen da, eta iparraldearekin lotzen da. Iparraldeko eta mendebaldeko hormetan harburuak azaltzen dira.

Garaia (aletegia)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaia

Agirre baserriko garaia oholtza bertikaleko fatxadak dituen haritz-zurezko landa-eraikuntza da. Oinplano angeluzuzena du. Harrizko piramide-enbor itxurako lau zutaberi esker lurretik jasoa dago. Zutabeen goialdean, hareharri landuko gurpil zirkularrak daude, eta hauen gainean zurezko bi habe handi daude egitura nagusia osatuz. Bi isurkiko estalkia du arabiar teilarekin, aldapa txikia du eta besoek hegal zabalak eusten dituzte. Fatxada nagusia handiagoa da, eta baserriaren fatxada nagusiarekiko paraleloan eta metro gutxitara dago. Bi fatxada nagusiek zati bat kanpoaldera dute gainean hiru jabaloi dituztela. Eraikinera lurretik igotzen hasten den harri-hormako eskailera batetik sartzen da. Eskailera hori kanpoaldean dago, lineala da eta fatxadarekiko elkarzuta. Ixteko barandadun atarira heltzen da. Bertan garaira sartzeko hiru ate daude, alboetan bi eta aurrealdean bat. Garaiaren sarreran atari estali bat dago. Bertatik, karraskarientzako hermetikoki itxita dagoen ganbera nagusira sartzen gara. Alboetan neurri bereko beste bi gela daude materiala kontserbatzeko eta lehortzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]