Aldudeko burdinbide egitasmoa
Aldudeko burdinbide egitasmoa 1856an sortu zen Espainian, burdinbidea hedatzeko lehian Madriletik Zaragoza eta Alacanterako Burdinbide Konpainiak diseinatuta eta bultzatuta. Haren bidez, Iruñea eta Baiona Nafarroako Pirinioetan barrena lotu nahi ziren. Hainbat aldiz egitasmoari ekiten saiatu ondoren, bertan behera geratu zen urte gutxi batzuk geroago.
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1855ean Burdinbidearen Legea indarrean sartu ondoren, burdinbide konpainia handiak eratu ziren, eta lehia bizia hasi zen Espainiako linea nagusiak eskuratu eta horiek Frantziari lotzeko. Penintsulako hego-ipar ardatzerako, Madriletik Zaragoza eta Alacanterako Burdinbide Konpainia (MZA) irtenbide baten bila zebilen Pirinioetan; Crédito Mobiliario lehiakideak, baina, Norteko burdinbidearen eraikuntzaren esleipena eskuratu zuen.
MZAk beste aukera batzuk aztertu zituen: batetik, Somport zuen aukera zuzenena Pirinioak zeharkatzeko, baina lanen inbertsioa oso handia zen, eta diru probetxua urria; bestetik, Bartzelonatik Perpinyàrainoko esleipena Manuel Gironak eskuratu zuen, eta MZA jokoz kanpo geratu zen.[1]
Egitasmoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak: Espainiako burdinbidea eta Aldudeko egitasmoa (FR) |
MZAk Madriletik Zaragozarainoko esleipena eskuratu zuen eta, aurreko aukerak baztertuta, orain Pirinioak nola zeharkatu aztertzen ari zen. Aldude zirudien egokiera onena, Orreagatik mendebaldera. José Manuel Collado, SEMIren kontseiluko kide sortzailea, Espainiako sustapeneko ministroa zenean (1856ko uztailetik urrira), ez zirudien MZAk eragozpenik aurkituko zuenik hura egiteko, baina O'Donellen gobernua bukatu ondoren, gauzak zaildu egin zitzaizkion. Claudio Moyano ministroak erabat uko egin zion egitasmoari "Pirinioak" deitzeari, eta hori detaile txiki baina garrantzitsua zen inbertsore txikiak erakarri eta aurreikuspenaren tamaina adierazteko; izendapen hori bertan behera geratu zen.[1]
1857ko urrian, MZAko José Salamancak Tutera eta Iruñea arteko esleipena eskuratu zuen, eta MZA berriz saiatu zen Aldudeko egitasmoa aurrera ateratzen. Orduko gobernuko buru O'Donellek, baina, baztertu egin zuen aukera hori, Donostiatik igarotzen zen Norteko Konpainiaren burdinbide eraikuntza kolokan jartzen zuelakoan, eta Baiona Espainiarekiko merkataritzako erdigune bihur zezakeelakoan, eta ez Donostia, adierazi zuenez.[1] Pablo Ilarregi lizarratar legelari eta politikariak egitasmoa babesteko idazlan bat plazaratu zuen gaztelaniaz (1857). Defensa del ferrocarril de Pamplona a Francia por los Alduides.
Bestalde, zaratatsuak ziren 1859. urtean Aldudeko egitasmoa "defentsa nazionalerako kaltegarria" zelako aldarriak, Revue des deux Mondes aldizkariak adierazi zuenez. Espainiar abertzaletasun kutsuko deiak entzuten ziren, eta haiek gaitzesgarri bihurtu zuten Aldudeko egitasmoa iritzi publikoan (ikus Les Chemins de fer espagnols et la Traversée des Pyrénées). Aldiz, Daniel Weisweiller eta Ignacio Bauer Rothschilden agenteen iritziz, hori aitzakia baino ez zen MZAri Frantziako irtenbidea eragozteko, Crédito Mobiliarioren mesedetan. Orduan, nazioarteko finantzarien agenteok beste aukera batzuk proposatu zituzten: Aldudeko egitasmoak lotunea Baionan ez, baizik eta Akizen izan zezakeela, eta Norteko Konpainiari trukean beste linea bat eman zekiokeela Santanderren; proposamenok ez zuten O'Donell konbentzitu.[1]
Amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1859an, José Salamancak Iruñerainoko bere burdinbide esleipena saldu nahi zien Rothschildei, Aldudeko pasabidea eraikitzeari begira. Bigarrenek, ordea, ez zuten nahi, linea horrek oso etekin gutxi ematen baitzuen. Salamanca James Rothschildi muturtu zitzaion, eta berarentzako beste burdinbide esleipen batzuk eskatu zizkion gobernuari. Espainiar enpresaburuari, berriz, gogor egin zioten MZAko Manuel Bermúdez de Castro, Antonio Guillermo Moreno eta Alejandro Mon parlamentariek (azken hau Espainiako Gorteetako presidentea): trabatu egin zuten Iruñea-Zaragozari lotuko zitzaizkion burdinbide lineen esleipen berriak egiteko aukera.[2]
Hartara, pot egin zuen Aldudetik Pirinioetako burdinbidea egiteko Salamancak zerabilen asmoak: konexiorik eta errentagarritasunik gabeko linea baten jabe geratu zen.[2] 1863an, Salamancak bertan behera utzi zituen bere burdinbide egitasmo guztiak, eta Norteko burdinbidearekin lotu zuen bere Iruñeko linea.[oh 1] Aldudeko egitasmoa ahaztuta geratu zen betiko.[3]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Altsasurekin lotzeko burdinbide linearen bidez, Arakil eta Sakanan barrena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- López-Morell, Miguel A.. (2015). Rothschild. Una historia de poder e influencia en España. Madrid: Marcial Pons, Ediciones de Historia, S.A. ISBN 978-84-15963--59-2..
- Olaizola Elordi, Juan J.; Vaillant, Charles G.. «Historia del ferrocarril en el País Vasco; Siglo XX / Trenbidearen historia Euskal Herrian; XX. mendean» in Enrique, Ayerbe Etxebarria Entziklopedia Enblematikoa / La Enciclopedia Emblemática. Lasarte-Oria: Txertoa-Ostoa S.L., 0-33 or. ISBN 978-84-96288-41-6. http://www.etorkultura.com/capitulos/El%20Tren%20web.pdf.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zaragozatik Bartzelonarako Burdinbide Konpainia
- Tarragonatik Bartzelona eta Frantziarako Konpainia Berria
- Midiko Konpainia
- José Manuel Collado