Altzibiades

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Altzibiades.

Altzibiades Klinias Eskanbonides (antzinako grezieraz: Ἀλκιβιάδης Κλεινίου Σκαμβωνίδης, Alkibiádēs Kleiníou Skambōnidēs; Atenas, K. a. 450 inguruan - Frigia, K. a. 404) Antzinako Greziako estatu-politikaria, jenerala eta hizlaria izan zen. Bera, amaren partetik, familia aristokratiko baten azken kidea izan zen, Alkmeonidak, garrantzia galdu zutelako Peloponesoko Gerraren ostean. Gatazkaren bigarren partean, aholkulari estrategikoa, armadaren buruzagia eta politikaria izan zen. Peloponesoko Gerraren zehar, haren leialtasuna interes ezberdinetara mugitu zen. Jatorrizko Atenasen zegoela, kanpoko politika oldarkorraren aldekoa zen eta Siziliako espedizioa defendatu zuen, baina etsaiek sakrilegiozko karguak leporatu zizkiotenean, Espartara ihes egin zuen. Hiri honetan aholkulari estrategiko lana egin zuen, Atenasen kontrako kanpainak proposatuz edo behatuz. Espartan ere, etsaiak sortu zitzaizkionean Pertsiara emigratu behar izan zuen. Han Tisafermes satraparen aholkularia izan zen harik eta haren aldeko atenastar politikariek haren itzulera lortu zuten arte. Berak, hainbat urtetan, estrategoa izan zen Atenasen baina etsaiek, bigarrenez, lortu zuten kanporatua izatea. Siziliako espedizioari dagokionez, hau Altzibiadesen ideia zen. Hala ere, aditu batzuek diote espedizioaren erantzunkizuna Altzibiadesena izanez gero eta ez Niziasena, atenastar armadaren hondamendia ez zen gertatuko[1]. Espartarrentzat lan egiten zuen bitartean, Altzibiadesek zerikusi handia izan zuen Atenasen gainbeheran, hala nola, Dezeliaren atzematea, zenbait matxinada sortzea eta gainbegiratzea. Behin jatorrizko hirira itzulita, Espartaren kontra hainbat garaipen izan zituen, zeinek Espartari eragin baitzioten Atenasi bakea eskatzea. Altzibiadesek ezohiko taktikak erabili zituen, zenbaitetan hiriak gehiago traizioaren edo negoziazioaren bidez konkistatzen zituen setioarekin baino[2]. Altzibiadesen adimena militarra eta estrategikoa baliagarria izan zen berak lan egiten zuen edozein estaturentzat, baina etsaiak egiteko erraztasuna zela eta, ezin zuen luzaroan toki berean egon. Gerraren amaierako, K. a. 410ean, haren laguntzarekin lortutakoa, ia ahaztuta zegoen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzibiades Atenasen jaio zen. Haren aita Klinias zen eta ama Dimonaka, Megaklesen alaba. Perikles eta haren anaia Arifron Dinomakaren lehengusuak ziren[3]. Bere familiaren leinua Eurisazesengandik eta Ajax Telemonikoarengadik zetorren[4]. Aitona, Altzibiades izenekoa ere, Klistenesen laguna zen. Azken honek K. a. VI. mendeko erreforma konstituzionala egin zuen[5]. Klinias, Koroneako guduan hil odoren K. a. 447an, Perikles eta Arifron izan zituen tutore[6]. Plutarkoren arabera, Altzibiadesek irakasle ospetsuak izan zituen, hala nola, Sokrates, eta erretorika artean murgildu zen. Zenbait greziar idazleren ustez, disziplina gutxiko pertsona zen. Altzibiadesek K. a. 432an Potidea guduan parte hartu zuen, non Sokratesek bizitza salbatu baitzion[7], baina mesede hau K. a. 424ko Delio guduan itzuli zion. Altzibiadesek Sokrates miresten zuen[8][9]. Plutarkoren arabera, Altzibiadesek Sokratesen beldur eta miresmena zituen eta berarekin zegoenenan gainontzeko maitaleak mespretxatzen zituen[10]. Altzibiades Hiparetarekin ezkonduta zegoen, Hiponiko III.aren alabarekin, atenastar aberats bat. Plutarkoren aburuz, Hiparetak senarra maitatzen bazuen ere, saiatu zen dibortziatzen haren maitaleen erruz, baina legeak eskaten zuen moduan, emazteak inoren laguntzarik izan ez zuenez, Altzibiadesekin betirako bizi izan zen eta seme bat (Altzibiades Gaztea) eta alaba bat eman zizkion[11].

Karrera politikoa K. a. 412 arte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altzibiadesen karrera politikoa Nizias Bakearen ostean hasi zen, Atenasko kanpo-politikari oldarkorragoa izatea eskatzean. Aipatutako itunak, tregoa bat baino ez zena Esparta eta Atenasen artean, amaiera eman zion zazpi urteko gerrari, borrokalariek abaintalarik ez zutelako lortu. Zenbait historialariren ustez, hala nola, Arnold W. Gommek, Raphael Sealeyk eta Tuzididesek, Altzibiades minduta zegoen espartarrek Nizias eta Lakesekin adostu zutenean bera baztertu zuten oso gaztea zelako[12][13]. Itunaren gaizkiulertze batzuk argitzekotan, Espartak enbaxadore ahalguztidunak bidali zituen Atenasera[14]. Hasieran, atenastarrek espartarrak ondo onartu zituzten, baina Altzibiadesek lortu zuen beraiekin biltzea, enbaxadoreek eklesiarekin hitz egin baino lehen. Elkarrizketa horretan ziria sartu zuen espartarren eta atenastar eklesiaren artean. Espartarrei esan zien eklesiak eskakizun handiak zituela eta berarekin zuzenean negoziatu beharrean, berak bitartekari lana egingo zuela eta haren eragin politiko guztia erabiliko zuela espartarrak laguntzeko atenastar politikoen aurrean. Peloponesoko ordezkariek Altzibiades sinistu zuten, Nizias eta eklesiarengandik aldenduz, azken hauek akordio batera heldu nahi bazuten ere. Hurrengo egunean, Altzibiadesek, eklesiaren aurrean ordezkariei galdetu zien zeintzuk ziren Espartatik zekartzaten botereak, eta adostuta zegoen moduan, haiek erantzun zuten ez zituztela botere guztiak. Aurreko egunean kontrakoa esan zutenez, Atzibiades aukeraz bilatu zen espartarren sinesgarritasun faltaz eta ezkututako helburuez salatzeko. Nizias zur eta lur gelditu zen bitartean, eklesiak Altzibiades jenerala izendatu zuen. Geroago, boterea erabili zuen Argos, Mantinea, Elide eta Peloponesoko beste estaturekin aliantza bat egiteko eta eskualde horretan Esparta mehatxatzeko. Gommeren arabera “ Atenastar jeneral baten antolamendu handi bat zen gehienbat, Peloponesoko armada zuzenduz eta Espartaz txantxa eginez, honen ospea baxuena zen unean”[15]. Hala ere, aliantza hau Mantinea guduaren ondoren desagertu zen[16]. Edonola ere, K. a. 416-415 urteetan, borroka bat geratu zen alde batean Hiperbolo zegoen eta bestean Nizias eta Altzibiades. Azken bi hauek indarrak lotu ziztuzten Hiperboloren ostrazismoa lortzeko[17]. Horrek adierazten du, nahiz Niziasek nahiz Altzibiadesek jarraitzaileak zituztela eta hauek, botoen bidez, liderrek esandakoa betetzen zutela[18]. Altzibiades Melosko atzematean ez zen nahasita egon, K. a. 416-415, baina Plutarkoren aburuz, babestu zuen dekretua non gizonezkoak hil eta emakumezkoak eta umeak esklabu saldu baitzituzten[19]. Andozides hizlariak dio Altzibiadesek ume bat izan zuela emakume esklabu batekin eta horregatik horren ostrazismoa eskatu zuten[20].



Periklesek, hasieran, eta Sokratesek, gero, hezi zuten; argia bezain handinahia zen, eta hein berean miretsi eta gorrotatu egiten zuten hirikideek. Bere jokaera demagogikoari esker alderdi demokratako buru bihurturik, izugarrizko porrota ekarri zien Siziliako konkistara eraman zituen atenastarrak.

Sakrilegioa egin zuela leporatu ziotenean, Atenas utzi eta Samos uhartetik aristokraziaren aldeko estatu-kolpea prestatu zuen (Laurehunen Kontseilua, K. a. 411). Armadako buruzagi, atenastarren nagusigoa bermatu zuen Egeo Itsaso osoan. K. a. 407. urtean Atenas garaile izan bazen ere, berriz ere erbestera jo behar izan zuen eta Frigian hil zuten K. a. 404an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Altzibiades Aldatu lotura Wikidatan
  1. VLACHOS, A.: Tuzidides' Bias 59 & c.
  2. KERN,P. B.; Ancien Siege Warfare, 151. orr.
  3. COX, C. A.: Houshold interests, 144. 44
  4. PLATON: Altzibiades 1, 121
  5. Alcibiades, 1952. Encyclopaedic Dictionary The Helios
  6. DENYER, N.: Commentary of Plato's Alzibiades, 88-89 orr.
  7. PLATO: Symposium, 220 e
  8. SYKOUTRIS, I.: Introduction to Symposium, 159-180 orr.
  9. PLATON: Symposium, 215a-222b.
  10. PLUTARKO: Altzibiades, 6
  11. PLUTARKO: Altzibiades, 8
  12. GOMME, A. W. : A Historical Commentary on Tucydides, 339
  13. SEALEY, R.: A History of the Greek City States, 353.
  14. PLUTARKO: Altzibiades, 14
  15. GOMME, A. W.: A Historical Commentary on Thucydides, 70
  16. PLUTARKO: Altzibiades, 15
  17. PLUTARKO: Altzibiades, 13
  18. SEALEY, R.: A History of the Greek City States, 353
  19. PLUTARKO: Altzibiades, XVI.
  20. ANDOZIDES: Altzibiadesen kontra