Segesta

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Segesta
Segesta, Teatro greco (2).jpg
Segesta hemen kokatua: Italia
Segesta
Eskualdea  Sizilia
Koordenatuak 37° 56′ 29″ N, 12° 49′ 56″ E / 37.94139°N,12.83222°E / 37.94139; 12.83222

Segesta[1] (antzinako grekoz: Ἕγεστα[2], Egesta; sizilieraz: Seggesta) Siziliako antzinako hiria, Palermo eta Trapani hirien artean, gaur egungo Calatafimi, Alcamo eta Gibellina hirietatik hurbil.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segestaren antzinako portuak irauten du, gaur egungo Castellammare del Golfo da. Hiriko aztarna arkeologikoak Calatafimiren hurbil dago (muino baten gainean, Barbaro mendian, itsas-mailaren gainean 305 m.). Lur malkartsuek babesten zuten hiria, eta tenpluraino zeuden aldapa lauak harresiekin babestu zituzten. Tontorretik ikusgarria da haranaren eta Castellamare del Golfo panorama. Hiritik kostaldeko eta barne aldeko bideak kontrola zitezkeen. Hiriko planoari buruz ezer gutxi dakigu. Airetik hartutako argazkiak erakusten du plano erregularra zuela, terrazetan eraikitakoa lurraren inklinazioa gainditzeko. Gaur egungo aztarnak baliteke Agatoklesek hiria suntsitu ondokoak izatea. Aldiriko ibaia (7 km. ekialdera), gaur egun Fiume de S. Bartolomeo izenekoa, beharbada Krimiso ibaia izatea, Timoleonek kartagotarrak garaitu zuenean. Antzinako ur termalak (Aquae Sagastae) gaurko Calamettirenak dira. Aztarna garrantzitsuak daude, hala nola, tenplua, antzokia (Siziliako zainduenetariko bat) eta beste eraikin batzuk.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elimoen gune politikoa izan zen. Herri honen beste hiri garrantzitsu batzuk Erice eta Entella izan ziren. Tuzidides historialari greziarrak aipaturiko elezaharren arabera, Troiako itsas gizonek sortu zuten[3]. Beste batzuen arabera, fozearrak izan ziren fundatzaileak.

Elimoen hiriak.

Virgilioren arabera, Segestaren sortzaileak elimoen erregea Azestesek[4] eta Eneasen herria (Azestes erregetzat nahi zuena), izan ziren. Hiri greziarra izan arren, feniziarren agintepeko hiria izan zen K. a. VII. mendean, eta kartagotarrek hartu zuten K. a. 409an. Tuzididesen arabera Segestako biztanleak barbaroak ziren. Badakigu ez zirela sikanoak ezta lehenago greziar hiri bat existituko zenik ere. Segestako populazioa elimoen eta Greziako joniarren arteko nahasketa zen. Denbora pasa ahala, helenizazioak gero eta garrantzi gehiago hartu zuen.

Segesta eta Selinonterekin etengabeko gatazketan egon ziren, azken honek Tirreniar itsasoan portu bat nahi zuelako. Lehenengo bataila K. a. 580-576an artean gertatu zen, eta hurrengoa K. a. 454an. Geroko gatazkak Sizilia osoan zehar hedatu ziren. Aipatutako lehenengo gerra Segestak irabazi zuen, Penpatlosek zuzendutako Rodas eta Knidoko emigranteei esker. Diodoro Sikulok Lilibearekin izandako K. a. 454. urteko borroka aipatu zuen, Mazaros eskualdea eskuratzearen. Lakesek zuzendutako Atenasko lehenengo espedizioa (K. a. 426an), Segesta Atenasen aliatua izan zen baina atarramendu eskasarekin. Geroago, Selinonte Sirakusarekin aliatzean, Segesta setiatu zuten itsasoz eta lehorrez. Orduan, hiriak Agrigentori, Kartagori eta Atenasi laguntza eskatu zien. Azken honek, Segestaren mezularien gezurra, hiria aberatsa zela, sinistuz, flota bat bidali zuen K. a. 416an. Niziasek proposatu zuen Selinonte zuzenean erasotzea, baina azkenik, atenastarrek erabaki zuten Sirakusaren kontra joatea. Hori dela eta, Segesta eta Selinonteren arteko gatazka bigarren mailara pasatu zen. K. a. 415eko udan, Atenasko flotak Hikara[5] hiria hartu zuen eta Segestaraino heldu ziren. Azkenean, atenastarrek guda galdu zutenean, Segesta aliatua izanik, Selinonteren mehatxupean egon zen eta berriro Kartagoren laguntza eskatu zuen. Hauek 5.000 afrikar eta 800 mertzenariekin garaipena lortu zuten K. a. 410ean.

Segestako didrakma K. a. 461-415

Hurrengo urtean, kartagotarrak Lilibean lehorreratu eta gero Selinonte eta Himera suntsitu zitzuten. Segesta Kartagoren aliatua zen K. a. 397arte. Urte horretan, Dionisio Zaharra Sirakusakoak espedizio bat gidatu zuen eta Motiako setioak kinka larrian jarri zituen kartagotarrak. Motia konkistatu ondoren, Segesta setiatu zuen baina hiriak aurka egin zien kartagotarrak Himilkonek gidaturik, etorri arte. Hiria berriro aipatzen da Agatokles garaian. Izan ere, hau Afrikatik itzuli zenean, K. a. 307an, Segestan lehorreratu zen eta aliatutzat hartu ziren, baina, tupustean, tiranoa segestarren kontra bihurtu zen gizonezko guztiak erail zituen, (10.000 inguru) hiria arpilatu, eta emakumeak eta umeak esklabu saldu zituen. Hiriaren izena aldatu ondoren, Dicepolis, haren aldera pasatu ziren iheslariei eman zien. Geroago, hiriak antzinako izena berreskuratu zuen eta independentea izan zen. K. a. 276an Pirroren bandora pasatu zen, baina honek alde egin zuenean, Zizeronen ustez, kartagotarrek menperatu eta arpilatu zuten.

Gerra Punikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Gerra Punikoa heldu arte kartagotarrek kontrolatu zuten. K. a. 276. urtean, Apio Klaudio kontsulak alperrik eraso egin zuen, baina beranduago hiriak kartagotar goarnizioa hil zuen eta Erromarekin aliatu zen. Kartagotarrek setiatu zuten, eta errenditzear zegoela, Duiliusek (itsasoan garaipen bat lortu ondoren) Segesta askatu zuen K. a. 260an.

Erromatar garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromak ondo tratatu zuen hiria irlako lehenengo aliatua zelako eta haren biztanleak troiar leinukoak zirelako. Hiri askea eta babestua aitortu zen (foedere immunes ac liberi). Kartagoren suntsitu orduko, Hirugarren Gerra Punikoaren ondoren (K. a. 149-146), Eszipion Afrikarrak Diana estatua itzuli zion hiriari, kartagotarrek K. a. 273an eraman zutena. Bigarren Gerra Serbilaren garaian lurralde hori kaltetuena izan zen. Atenionen matxinada Segestan hasi zen K. a. 104ean. Erromatarren menpean, hiria ez zen gehiegi aipatu. Zizeronen garaian hiri garrantzitsua zen, portu bat zuelako (Castellammare del Golfo), 10 km.tara. Portuak hiriak baino munta handiago zuen Estrabonen garaian merkataritzarako baldintza hobeak zituelako. Hiriak erromatar hiritartasuna hartu zuen baina inperioaren garaian gainbehera joan zen. Vandaloek suntsitu zuten, zaharberritu bazen ere, IX. mendean desagertu zen sarrazenoen erasoengatik. Gaurko aztarka arkeologikoek erakusten dutenez, islamiar komuninate batek normandiar aldian berrerabili zuela lekua. Indusketek agerian utzi dituzte XII. mendeko islamiar hilerri bat eta meskita bat, normandiar gazteluaren ondoan kokaturik. Ageri denez, meskita XIII. mendean suntsitu zen, kristau noble berria etorri ondoren. Beharbada, hiria abandonatu zen XIII. mendeko bigarren erdian.

Monumentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segestako doriar tenpluaren alboa

Estilo doriarra, periptero (6x14 zutabez inguratuta) eta hexastilo (sei zutabez aurreko aldean), K. a. V. mendekoa baina ez zen inoiz amaitu. Zutabeak 21x56 metroko oinarri batean eusten dira. Mendi baten tontorrean eraikita, antzinako Segestaren kanpoko aldean, baditu bista ederrak haranean. Hau da greziar tenpluen hobekien gordeta dagoenetariko bat. Arrazoiak anitzak dira: muino batean isolaturik egotean zaila zen haren materialak garraiatzea beste eraikuntza batzuetan aprobetxatzeko eta bukatu gabea izatean ez zen inoiz profanatua izan. Tenpluaren egitura ikutu gabe dago eta tinpanoa bere lekuan ere. Zutabeek ez dute ildaskarik, eta blokeak altzatzeko tabuladoreek oinarrian diraute, ez dago nabe edo sabaiaren aztarnarik. Elimiarrek eraiki zuten, Atenasko arkitekto baten gidaritzapean[6]. K. a. 430-420 inguruan, baina ez zuten inoiz bukatu. Segestako tenplua, eraikuntzan, estiloan eta neurrian K. a. V. mendekoaren egiten zirenen antzekoa da. Nabaria denez, tenplu honek ez ditu eskultararik, apaindurarik, aldarerik eta ez dago eskainita jainko edo jainkosa bati ere[7]. Nahiz eta bukatu gabea izan, egoera onean iraun du mendeen zehar, horregatik munduko tenplu arkaikoen garrantzitsuenariko bat da.

Antzokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiria berrantolatu zen K. a. II. mendean, erromatarrek agintean zeudela. Garai hartan Barbaro mendian zenbait eraikin egin ziren, hala nola, agora, buleuteriona, gimnasioa, antzokia eta tenplua. Antzokia, oso egoera onekoa, seguruena aurretiaz aipatutako arrazoiengatik, tenplua baino altuagoa den muino baten gainean eraikita dago. Antzokira igo ahala, ikusleak nabaritzen du tenplua eta paisaiaren arteko lotura. Antzokia egiteko tokiko karreharria erabili zen. Eraikinak greziar arkitekturaren ezaugarriak ditu. Cavea, ikusleentzat harmailak dituena, euste-hormarekin (analemma) sostengatzen da eta hutsune bat inguratzen du. Cavea 4.000 lagunentzat egin zen. Haren planoa erdizirkularra da, 64 metroko diametro. Tokia horizontalki korridore batez banatuta dago (diazoma) zeina bizkarraldeturiko jesarlekuz mugatuta dagoen, eta bertikalki lerrokatutako sei mailarekin eta zazpi ziri antzeko itxurak (kerkides) baina tamaina ezberdinekoak. Diazomara sartzeko bi sarrera daude (paradoi). Berriki egin diren ikerketetan, bi sarreren artean, summa cavea bat aurkitu dute. Zati bat Erdi Aroko etxeek eta islamiar nekropoli batek estaltzen dute.

Segestako antzokia

Analemmako mendebaldean, oraindik ikusgai dago putzu bat eta ur edukiontzi bat. Seguraski ikusleen eta aktoreen beharrak asetzekoa zen. Orkestra, koruek betetzen zutena, erdizirkularra da, 18,40 m.ko diametro. Bi alboetan sarrerak ditu (paradoi), orkestraren ardatzerekin ortogonalak direnak. Bloke lerro batzuek (27,40 x 9,6 metro) antzeztokia (logheion) eratzen dute. Hau da bi pisuetako eraikina doriar eta joniar estilokoa, bi aurreratutako gorputzekin (parascenia) goi-erliebezko satiroekin apainduta. Teatrorako sarrera agoratik egiten zen, zoladurazko bide batetik. Inperioaren hasieran antzeztokia aldatu zen, orkestra handitu zen jarlekuen lerro bat kenduz eta antzeztokia zabalduz. Mila urteren zehar Segesta abandonatu zen, antzokia gainbeheratu zen eta neurri batean lurrez eta landareez estali zen. XII. eta XIII. mendeetan, antzokiaren summa cavea eta ondoko errepidea islamiar nekropoli batek berrerabili zituen eta honen ostean, beste kokaleku handi bat ere, ikus daitekeenez bi solairu etxe batekin, media cavearen mendebaldean dagoena. XIX. mendearen hasieran, cavearen behe parteak itxurarik gabeko depresio bat ematen zuen, Erdi Aroko etxeetako zabor multzoak eta obra-hondakinak beterik zegoelako. Serradifalco dukeak antzokian indusketak egin zituen, Commissione di Antichità e Belli Artik aginduta. Momentu horretan, agerian geratu ziren antzeztokia, orkestra eta diazona. Ima caveako tokia berriztu zen, erdiko zati zabal bat eta muturreko ekialdeko eta mendebaldeko sektoreak izan ezik. 1993 eta 2001 urteren artean, proiektu bat egituratu zen Segestako antzokia ezagutarazteko eta zaharberritzeko. Hori dela eta, erakinari buruzko informazioa bildu da. Honek ahalbideratzen du antzokia ikustea Siziliako antzinako urbanizazio testuinguruaren barruan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Segesta Aldatu lotura Wikidatan
  1.   Euskaltzaindia (2006-1-27), Antzinateko hirien euskarazko izenak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0147.pdf .
  2. http://www.trismegistos.org/place/22277
  3. Tuzidides VI,2.
  4. Krimiso tokiko jainko-ibaiaren eta dardaniar emakume baten semea zen.
  5. Hikara Palermotik 24 Km. mendebaldera zegoen, gaur egungo Carini, itsasoaren hurbil baino ez kostaldean.
  6. Scully, Vincent. 1969. The earth, the temple, and the gods; Greek sacred architecture. New York: Praeger.
  7. Grinnell, Isabel Hoopes. 1943. Greek temples.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia
Italia
Artikulu hau Italiako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.