André Lefevere

Wikipedia, Entziklopedia askea
André Lefevere
Bizitza
JaiotzaBelgika1945eko ekainaren 19a
Herrialdea Belgika
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaAustin1996ko martxoaren 27a (50 urte)
Heriotza modua: leuzemia
Hezkuntza
HeziketaEssexeko Unibersitatea
Ganteko Unibertsitatea
Hezkuntza-mailakatedraduna
Hizkuntzakfrantsesa
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakhizkuntzalaria, itzultzailea, filologoa eta germanist (en) Itzuli

André Alphons Lefevere (Belgika, 1945eko ekainaren 19aAustin, Texas, 1996ko martxoaren 27a) itzulpen teorialaria izan zen. Ganteko unibertsitatean ikasketak egin zituen, eta Essexeko Unibertsitatean doktoretza lortu zuen. Lovainako Literatura Konparatuko Sailean egin zuen lan eta beranduago Estatu Batuetara joan zen Texaseko Unibertsitatean, Austinen, lan egitera. Han hil zen leuzemia akutuak jota.

Ikerketa eta eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lehen ikerketak Even-Zoharren Polisistemen teoriaren eta Manipulazioaren Eskolaren inguruan egin zituen. Baina aurrerago egin zuen ikerketak bidea ireki zuen Mundayk cultural turn deitzen duena gertatzeko, hau da, itzulpena testu soil gisa ikustetik ideologia eta kultura elementu gisa ikustera pasatzeko. Kulturaren eta itzulpenaren arteko harremanari buruzko bere ikerketak Translation, Rewriting and the Manipulation of Literary Fame (1992) liburuan argitaratu zituen.

Itzulpena berridazketa gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lefeverek arretagune bihurtzen ditu literatura-testuak jasotzea, onartzea edo baztertzea sistematikoki baldintzatzen dituzten zenbait faktore. Faktore garrantzitsuenak boterea, ideologia, instituzioak eta manipulazioa dira. Lefeverek dio boterean daudenek literatura berridazten eta publikoaren kontsumoa gobernatzen dutela. Berridazketek motibazio ideologikoa (ideologia dominantearekin bat egiteko edo hari aurre egiteko) eta poetologikoa (poetika dominantearekin bat egiteko edo hari aurre egiteko) izan dezakete. Lefevereren ustez, berridazketa-prozesu hori hainbat alorretan gerta daiteke: itzulpengintzan, historiografian, antologizazioan, kritikan, edizioan,… Baina bere lanaren erdigunean itzulpengintza dago beti, nabarmenena eta eraginik handiena duena delako, autore baten irudia bere jatorrizko kulturaren mugetatik kanpo proiektatzeko gai delako.

Itzulpenaren bidez, boterean daudenek publikoak irakurriko dituen lanak kontrolatu ditzakete eta lan horietan bere ideologia edo gustuko poetika ezarri.

Literatura kontrolatzen duten faktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edozein literatur sistema hiru faktorek kontrolatzen dutela dio Lefeverek:

Literatur sistema barruko profesionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kritikariak: Haien iruzkin eta kritikek lan baten harrera baldintza dezakete
  2. Irakasleak edo akademikoak: Liburu bat irakurri/aztertu ala ez erabakitzen dute
  3. Itzultzaileak: Testu itzuliaren poetika (eta ideologia) zein izango den erabakitzen dute.

Literatur sistematik kanpoko patrozinioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literaturaren irakurketa, idazketa eta berridazketa bultza edo oztopa dezaketen boteredunak:

  1. Norbanako boteretsu bat, historiaren aro jakin batean eragin handia daukana.
  2. Jende-multzoak:
  • Argitaletxeak
  • Hedabideak
  • Klase edo alderdi politikoak
  1. Erakundeak, literaturaren eta literatur ideien banaketa arautzen dutenak:
  • Akademia nazionalak
  • Aldizkari akademikoak
  • Hezkuntza

Lefeverek patrozinio honetan hiru elementu identifikatzen ditu:

  • Faktore ideologikoa: Gaia aukeratzea eta horren aurkezpenaren forma mugatzen ditu. Lefeverek ez du ideologia politika gisa bakarrik definitzen. Bere hitzetan: “gure jokabidea antolatzen duen forma, konbentzio eta sinesmenen egitura hori.”
  • Faktore ekonomikoa: Idazle eta berridazleei ordaintzea ukitzen du. Lehen pentsio edo ordainsari erregular bat zena, baina egun, egilearen eskubideak edo itzultzaileen tarifak direnak.
  • Estatus faktorea: Hainbat modutan gertatzen da hau. Adibidez, langileak ordainsariagatik patrozinatzailearen nahia asetu behar du. Hori betetzeko beste modu bat da, talde baten parte izateagatik, horren alde jokatzeko beharra inplizituki ekartzea.

Hiru elementu horiek pertsona edo erakunde berak ematen baditu patrozinioa berezi gabea (undifferentiated) da, eta ez baditu ematen bereizia (differentiated) da.

Poetika dominantea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Baliabide literarioak: genero, sinbolo, leitmotiv, pertsonaia eta egoera prototipikoak barne hartzen ditu.
  2. Literaturaren rolaren kontzeptua: literaturaren eta sistema sozialaren arteko erlazioa da. Literatura formen arteko borroka polisistemen bereizgarri bat da. Baina Lefeverek ideia hau garatu eta instituzioen eginkizuna kontuan hartzen du.

Lefeverek sistemaren joera kontserbadore handia ikusten du, obra klasikoak garaiaren poetika dominantera moldatzen diren arren, klasiko “kanonizatu” horiek ez dutelako inoiz bere estatusa galtzen.

Esan beharra dago Lefeverek dioela poetikak eta ideologiak pisu handiagoa dutela itzulpen batean linguistikak baino; ideologiak bereziki. Bere hitzetan:

"On every level of the translation process, it can be shown that, if linguistic considerations enter into conflict with considerations of an ideological and/or poetological nature, the latter tend to win out." (Lefevere 1992a: 29) (“Itzulpen prozesuaren maila guztietan erakutsi daiteke ezen, faktore linguistikoak faktore ideologiko edo poetologikoekin gatazkan badaude, azkenengo horiek irabazi ohi dutela”).

Itzulpena errefrakzio gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errefrakzio kontzeptua lehen aldiz 1980an aipatu zuen Lefeverek bere Mother's Courage Cucumbers: Text, System and Refraction in a Theory of Literature artikuluan. Termino horren bidez, kultura batetik bestera testu bat itzultzean gertatzen diren transformazioak definitu nahi ditu. Transformazio horiek testuaren irakurgarritasuna aldatzen dute, publiko jakin bati bideratzeko. Egile atzerritarren kanon literarioa manipulatzen da xede-kulturako faktore ideologiko eta poetikoengatik, eta errefrakzioak horren adibide argia dira.

Hiru errefrakzio mota identifikatzen ditu:

  • Foreignizing refraction (Arrozte-errefrakzioa): Egokitzapena xede-kulturako irakurleen eskuetan geratzen da.
  • Domesticating refraction (Etxekotze-errefrakzioa): Itzultzailearen esku gelditzen da egokitzapena.
  • Mediation (Bitartekaritza-errefrakzioa): Tarteko puntu bat da. Alde batetik irakurleen esku gelditzen da, eta bestetik itzultzailearen eskuetan.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Munday, J. (2008): Introducing Translation Studies: Theories and Applications, (2a ed.; Londres, New York: Routledge, 2008

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]