Andra Maria eliza (Gueñes)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Andra Maria eliza
Kultura ondasuna
Mena Haranako bidea Mena Haranako bidea
Encar 003.jpg
Eraikina
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Bizkaia
Herria Gueñes
Koordenatuak 43° 12′ 47″ N, 3° 05′ 44″ W / 43.212982°N,3.095569°W / 43.212982; -3.095569Koordenatuak: 43° 12′ 47″ N, 3° 05′ 44″ W / 43.212982°N,3.095569°W / 43.212982; -3.095569
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea
Izenaren jatorria Maria
Erlijioa katolizismoa
Arkitektura
Estiloa arkitektura gotikoa
Arkitektura barrokoa
Ondarea
BIC RI-51-0005147
36

Andra Maria Gueñesko herrigunean dagoen eliza da. 2003ko uztailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskadi plaza, elizaren aurrean
Andre Mariaren eskultura, Jesus haurtxoarekin, eguzkiaren portadan (gotikoa).

Gueñesko Andra Maria parrokia Arangurenera eta Galdamesera doazen errepideen bidegurutzean dago kokatuta. Elizaren aurrean plaza eder bat dago eta plazak atari aurreko funtzioa betetzen du, elizaren zabalera guztia hartzen duelarik.

Oraingo eliza XVI. mendean hasi ziren eraikitzen, lehendik zegoen beste eliza baten orubearen gainean. Barruko espazioa angeluzuzen handi bat da eta horri absidea eransten zaio. Hiru nabek eta lau tartek osatzen dute espazio hori; lehenengo tartea besteak baino laburragoa da. Absideak poligono forma du.Handitasun katedralikoa du.

Absideak, lehenengo tarteak eta portada nagusiak altuera ezberdinak dituen hiru nabeko eliza baten gotiko berantiarreko ezaugarriak dituzte. Hala ere, XVI. mendearen erdialdera, kabildoak proiektua aldatzea erabaki zuen eta alboetako nabeak nabe nagusiaren altueraraino igo zituen. Gaur ezagutzen dugun elizak areto-nabea du, altura bereko hiru naberekin, lehenengo tartean izan ezik, lehenengoan albokoak askoz ere baxuagoak dira eta.

Hiru zutabe lodiz osatutako bi lerrok bereizten dute nabe nagusia alboko nabeetatik. Kapitelak arkuen abiaduretan kokatuta dauden moldura sinplez osatuta daude. Alboetako hormetan erdi zutabeak daude atxikita. Zutabe nagusien antzekoak dira. Parpain-arkuak karpanel motakoak dira eta arku formeroak erdi-puntukoak, hirugarren tartekoak izan ezik, horiek arku zorrotzak dira eta.

Gangak gurutzeriakoak dira konplikazio ugarikoak, bata bestearengandik ezberdina, alboko nabeetako ganga simetrikoak izan ezik, horiek binaka berdinak dira eta. Alboko nabe bakoitzeko lehenengo, hirugarren eta laugarren tartea tertzeletak dituen ganga batez estalia dago; trazeria zuzenekoa da. Bigarren tartean nerbio batzuk erditik kanpora doaz.

Absidearen ganga sei puntako izarraren itxurakoa da eta nabe nagusiko lehenengo tartearekin lotzen da. Bigarren tartekoa polarra da, zirkulu txiki bat eta karratu itzuli handi bat daukan tertzeletea. Hirugarrenak angeluzuzen ertaina dauka poloaren inguruan. Laugarrenak tertzeletak eta konbatuak dauzka.

Koruak nabe nagusiko azken tartea hartzen du; arku eskartzano baten gainean dago. Korua XVII. mende hasierakoa da. Beheko korua tertzeleteak eta kontratertzeletak dituen gangaz osatzen da.

Argia bao txaranbeldunetatik sartzen da; bigarren tartekoak arrosa-leihoa dauka

Sakristia absidera erantsita dago; absidetik hel daiteke sakristiara. Bi tarte dituen ertz-gangarekin eraiki zen XVII. mendean.

Elizak bi sarrera ditu; albokoa da sarrera nagusia: oso ederra eta lerdena. Eguzkiaren portada du izena eta bertako dekorazioan errenazimentua eta gotiko loretsua nahasten dira. Arku zorrotzekoa da, arkiboltak eta hiru multzo baketoi dauzka, sokaz lotutako dekorazioa eta bolak dituelarik. Bi bao dauzka, arku karpanelean. Baoak mainel batekin bereizten dira eta Ama Birjina umearekin erakusten duen harrizko irudi bat dauka mainelak. Bao bakoitzean aingeru figura bana dago. Ama Birjinaren gainean drosel gotiko filigranatu bat dago. Tinpanoa apainduta dago. Arku zorrotzaren gainean erremate konopial bat dago. Albokoak oso zutabe mehez errematatzen dira, orratzak bailiran. Zutabeen kuspidean loroiak antzematen dira. Goiko aldea bolak dituen ilara batean kokatzen da.

Beste sarrera, elizaren oinetan dagoena, diseinu klasistagoarekin egin zuten, XVII. mendean. Bi gorputz dauzka: behekoak sartzeko baoa dauka, erdi-puntukoa. Lau zutaberen artean kokatzen da; zutabe horiek taulamendu bati eusten diote. Taulamendua ertzetan pinakuluez errematatuta dago. Gorputz biak elkartuz pinakuluak goiko oineko taulamenduarekin lotzen dituzten erroleoak daude. Oin horrek nitxo laua dauka tinpanoaren azpian eta bola-erremateak.

Kanpaien dorreak, harlanduzkoa bera, lau gorputz eta zokalo bat dauzka. Kanpaien gorputzak erdi-puntuko lau bao dauzka, kanpaiak edukitzeko, eta gainean harlanduz errematatutako kupula, albo banatan pinakuluak dituela.

Eraikin guztia dago harlanduz eraikia: hormak, kontrahormak, dorreak...

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa