Arnasestua, disnea edo itolarriaarnasketa anomalo eta desatseginaren sentsazio subjektiboari deritzo. Kasu hauetan, arnasketa inkontziente izatetik kontziente izatera pasatzen da, eta, gainera, neketsu bihurtzen da.[1] Horren haritik, aipatzekoa da arnasketa patologikoak diren Cheyne-Stokes-en arnasketa, Bio-en arnasketa, arnasketa apneustikoa eta Kussmaul-en arnasketak adiera hertsian ez direla disneak, arnasketa mota horiek sortzen dituzten egoeratan gaixoak gehienetan koman daudelako, hau da, arnasketa kontzientea ez delako.[2]
Gainera, arnasestua oso sintoma arrunta da: populazio helduaren %10ak jasaten du, batez ere, adinean aurrera egin ahala edo gaixotasun kronikoak daudenean.[4]
Gaixoek sentitutako sintoma hau haize falta edo itoaldia da, oxigenoaren gabeziaren ondorioz. Hala ere, arnasestua sentsazio subjektiboa denez, pertsona bakoitzak era desberdin batean deskribatzen du egoera hau, eta horrek aurrerago ikusiko dugun bezala, disnearen etiologiarekin nolabaiteko erlazioa du. [1]Bestalde, aipatzekoa da disnea espero ez duguen egoeratan nabarmentzen den sentsazio desatsegina dela; hau da, esfortzu bizia egitean sortzen den arnasestua ez da disnea kontsideratzen.[2]
Beste sinonimo batzuk: arnasbehar, itobehar, itodura, hatsanka, itomen, itoaldi, hatsantura, hats-bahitura, alba, txurrun edo hatsantzea.
Ez dago guztiz zehaztuta zein den disnea-sentsazio subjektiboaren mekanismo patogenikoa, baina, segur aski, disnea kasuaren arabera, mekanismo batek baino gehiagok eragingo dute. Arnasestua pertzepzio bat denez, haren sorreran hainbat elementuk hartuko dute parte: estimuluak, hartzaileak eta estimulua talamora eta garun-kortexera garraiatzen duten bideak. Arnasketari buruzko informazio horiek guztiak arestian aipatutako bideen bidez nerbio-sistema zentralarenzentzumen-kortexera heldu eta oraindik ezagutzen ez dugun bertako eremuren batean prozesatzen dira. [1]Hau da, nahiz eta gainerako sentsazioak (hotza, beroa, mina…) hautematen dituen garun-kortexaren eremuak ondo identifikatuta egon, oraindik ez dakigu zein den arnasestua nabaritzen duen garun-kortexeko partea.[2]
Oro har, esan dezakegu arnasestua egoera hauetan ager daitekeela: minutuko aireztapena handitzen denean, hau da, kirola egitean esaterako normalean baino arnas gehiago hartu behar denean; arnasbideen erresistentziak handiak direnean, hots, arnasa sartzeko edo ateratzeko bidea normalean baino estuagoa denean; birika-hedagarritasuna txikia denean, birikak ondo zabaldu ezin direnean alegia; edota arnas muskuluen ahultasuna edo disfuntzioa dagoenean.[2]
Hauek dira arnasestua eragin dezaketen gaixotasunak:[2]
Arnasestu mota hau normalean biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoak eta asma bronkiala bezalako gaitzek eragiten dute; halakoetan, arnas muskuluek arnasbideen erresistentziak gainditzeko indar gehiago egin behar dute, eta horrek sortzen du arnasestua. Gainera, airea biriketan metatzearen ondorioz, muskulu zuntzak luzatu eta hauen eraginkortasuna murrizten da. Nolanahi ere, sindrome murriztailea sortzen duten gaitz guztiak eta baita disnea akutua sortzen dutenak ere izan daitezke arnas disnea honen eragile.[5]
Azkenik, aipatzekoa da mendi-gaitzaren kausa arnas aparatukoa izan ez arren, arnas disnearekin batera sailkatzen dela. Mendi gaitzaren kausa arnasturiko airearen pCO2 (CO2-ren presio) baxuak sortzen duen minutuko aireztapen areagotua da.[2]
Zirkulazio sistemako akats baten ondorioz sortzen den disneari disnea zirkulartorioa deritzo.[2] Egoera hauetan, zirkulazio sistemako akats baten ondorioz, adibidez, bihotzak odola ondo ez ponpatzearen ondorioz, likidoa pilatu daiteke biriketan (biriketako edema deritzoguna); horrek birika hedagarritasuna murrizten du, hots, birikak ezingo dira ondo zabaldu, arnasketa zailduz. Horrez gain, bihotz-gastua murriztean arnas muskuluetara iristen den odol-fluxua murrizten da (hipoperfusioa) eta horrek muskuluek uzkurtzeko duten gaitasuna oztopatu dezake.[3]
Anemiaren ondorioz gertatutako disnearen patogenia ez da ondo ezagutzen, baina baliteke anemiaren ondorioz odolak oxigeno gutxiago garraiatzea gorputzeko eremu desberdinetara hipoxia deritzoguna sortuz (ehunen oxigeno falta). Konpentsazio-mekanismo gisa gorputzak arnas gehiago hartuko du (hiperaireztapena) eta hori izan daiteke arnasestuaren kausa nagusia.[3] Hala ere, esan beharra dago anemia akutuan disnea hau ez dela horren nabaria, anemia akutuak sortutako beste sintoma larriago batzuk askoz lehenago antzematen baitira. Anemia kronikoan, aldiz, esfortzuagatiko disnea oso sintoma tipikoa da.[2]
Antsietate-hiperaireztapen sindromean agertzen den disneari esaten zaio horrela, kasu hauetan, arnas falta ez da gorputzeko arazo fisiko batengatik, baizik eta antsietateak eragiten du burmuinak arnas falta sentsazio hori sentitzea eta aireztapenerako aginduak bidaltzea. Hala ere, disnea aurretik paziente hauek antsietatearen bestelako sintomak izaten dituzte, esaterako, ziztada moduko sentsazioa gorputz-adarretan (parestesia) eta arnas alkalosia.[2]
Guzak horrela, kontuz ibili behar da disnea psikogenoa diagnostikatzerako orduan, beste hainbat patologia larriagoek ere antzeko sintomak sortu ditzaketelako, eta garrantzitsua da hauek baztertzea disnea psikogenoa diagnostikatu aurretik; esate baterako, biriketako mikroenboliak edo takikardia paroxistikoak.[3]
Disnearen diagnostiko etiologikoa egiteko, ezinbestekoa da historia kliniko zuzena gauzatzea. Horretarako, ezinbestekoa da disnearen ezaugarri denak aztertzea, eta baita disnearekin batera agertzen diren sintoma eta zeinuak aztertzea ere.[2]
Hurrengo atalean azaltzen dira diagnostiko egokia egiteko lagungarriak diren disnearen ezaugarri kliniko batzuk:
Arestian aipatu bezala, paziente bakoitzak modu desberdin batean deskribatzen du arnasestu sentsazioa; hala ere, ikerketa batzuek agerian utzi dute disnea deskribatzeko modu horiek pista eman dezaketela disnearen zergatia zein den ulertzeko orduan. Alde batetik, asma bronkialean gaixoek “zapalkuntza toraziko” gisa deskribatu ohi dute disnea.[1] Bestetik, biriketako kongestio pasiboan “aire egarria” bezala azaltzen dute.[2] Azkenik, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoan eta gaixotasun neuromuskularretan “arnas esfortzu areagotua” hitza erabili ohi dute disnea hori azaltzeko.[1]
Gehienetan, arnasestua arnasgoran (arnasa hartzean) batez ere gertatu arren, ikusi da disnearen etiologiaren kokapenaren arabera disnea arnasgoran zein arnasbeheran gerta daitekeela:[2]
Goiko arnasbide handiak buxaturik daudenean gertatzen da: trakea, laringea eta bronkio nagusiak. Buxadura horren kausa alde batetik, akutua izan daiteke objektu batek arnasbidea oztopatzean edo alergia larriak sortua (shock anafilaktikoak); bestalde, kausa kronikoa ere izan daiteke arnasbidea zapaltzen duen tumore baten ondorioz.[3]
Kasu honetan, arnasa hartzean disnea zaratatsua entzuten da, arnasgoran aireak eremu estua zeharkatzean egiten duen soinua. Zarata hau “estridore” gisa ezaguzten da auskultazioan.[3]
Arnasbide txikiak eta ertainak buxatzen direnean gertatzen da: biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoan, enfiseman eta asma bronkialean. Halakoetan, arnasbehera neketsua eta luzea da eta auskultazioan "sibilantziak" entzun daitezke.[2]
Atsedeneko disnea deritzo pazienteak arnasa hartzeko zailtasuna atseden egoeran bertan nabaritzen duenean. Esfortzuagatiko disnea, berriz, jarduera fisikoa egitean agertzen da, eta ohikoa da hasierako faseetan dauden arnas edo bihotz gaixotasunetan.[1]
Oro har, esan dezakegu disnearen larritasuna eta disnea sortzen duen jarduera fisikoaren intentsitatea zuzenki proportzionalak direla; hau da, atsedeneko disnea larriena da. Hala, disnea kronikoan gaixoak poliki-poliki ariketa fisikoa murrizten joango dira, disnea aurrera doan heinean.[2] Bestalde, ez dugu ahaztu behar disnea psikogeno kroniko batzuk arindu egin daitezkeela jardueura fisikaorekin batera, eta nabariagoak izan daitezkeela atseden-egoeran.[2]
Disnea esfortzuaren arabera kuantifikatzeko, Fletcher-ek igo beharreko pisuen eta ibilitako distantzien araberako sailkapena egin zuen 1952.urtean. Gaur egun, sailkapen horren egokitzapena da disnearen larritasuna ezartzeko erabiltzen dena:[2]
0.mailako disnea: disnearik ez, esfortzu oso biziak egin ezean.
1.mailako disnea: toki lauan azkar ibiltzean edo aldapak igotzean agertzen da disnea.
2.mailako disnea: toki lauan adin bereko jendea baino polikiago ibiltzen da eta gelditu egin behar du nahiz eta azkar ez ibili.
3.mailako disnea: toki lauan gelditu egin behar du 100 metro egindakoan edo minutu batzuk igarotakoan.
4.mailako disnea: ezin da etxetik irten disneagatik; arropa janztean eta eranztean disnea nabaritzen du.
Ahoz gorako etzaneran agertzen da disnea, eta esertzean edo altxatzean hobetzen da. Ezkerreko bihotz-gutxiagitasunean eta asma bronkialean agertu ohi da. Zutik jartzean (ortostatismoan), sabelaldeko erraiek ez dute diafragma gorantz bultzatzen, eta, gainera, arnas muskulu osagarrien lana errazagoa da, eta horrek aireztapena hobetzen du.[2] Bestalde, ortopnea mota berezi bat gaueko disnea paroxistikoa da; kasu hauetan, pazientea lokartu eta ordubetera disnearen ondorioz esnatzen da, eta normalean aire falta sentsazioa arintzen da ohetik altxatzean.[6]
Alboko etzanean hobetzen den disnea. Pleurako, hots, birika estaltzen duen mintzako albo bateko patologian agertu ohi da; era honetan, sano dagoen birika-alboaren gaineko etzaneran, birika horrek lan handia egin behar du eta disnea agertuko da.[2]Kardiopatietan ere deskribatu izan da, ziur asko hodi handiek alboko etzaneran duten distortsioaren ondorioz.[6]
Zutik jarritakoan agertzen den disnea. Sabelaldeko muskuluetako gutxiegitasuna dagoenean agertzen da. Halakoetan, zutik jarritakoan, erraiek sabelaldea konkortzen dute eta diafragmak euskarria galtzen du; etzanda jarritakoan, erraiek diafragmari hobeto eusten diote eta haren uzkurdura eraginkorra izango da. Sabelaldeari eusteko faxa erabiliz arindu ohi da disnea mota hau.[2] Honen harira, ortodeoxia platipnearekin batera agertzen den fenomenoa da: gaixotasun hauek dituzten pertsonek odolean oxigeno maila baxuagoa dute, eta zutik jartzean odolaren banaketaren aldaketa txiki batek oxigenazioa are gehiago okertzen du; horren ondorioz, arnasa hartzeko zailtasunak agertzen dira.[6]
Disnea jarraitua izaten da hura sortzen duen kausak irauten duen bitartean, baina asma bronkialean eta asma kardiakoan, disnea bat-batean agertu eta desagertu ohi da, paroxistikoa da, alegia.[2]
Alde batetik, asma bronkialean, arnasbideen gehiegizko erantzuna sorrarazten duen faktoreak azaldutakoan agertzen dira krisiak.[2]
Beste alde batetik, asma kardiakoan gaixoa etzanda dagoela agertu ohi dira disnea krisiak. Honen arrazoia, hasteko, hanketan pilatutako likidoa (edemak) birxurgatzen direla da, hala, likidoa berriz odolera itzultzen da eta biriketara odol kantitate handiagoa iritsiko da bertan pilatuz eta arnasa hartzea zailduz. Horrez gain, gauez gure gorpurtzak arnasa kontrolatzeko duen jarduera piskat motelagoa denez, arnasestua agertzea errezagoa da.[2]
5-Disnearekin batera agertzen diren beste sintoma eta zeinuak
Disnearekin batera agertzen diren gainerako adierazpen klinikoak disnearen arrazoia ulertzen laguntzen dute, esaterako: sukarra, eztula eta mukiak pneumonian; bularreko mina pleurako patologietan; gernu gutxi egitea eta edemak bihotz-gutxiegitasunean; ziztadak eta antsietatea disnea psikogenoan; eta eztul eta muki kronikoa biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoan.[2]Anamnesi eta miaketa fisiko xeheak beti dira baliagarriak, eta, batzuetan, bihotz-kateterismoa, biriketako funtzio-azterketak edo beste proba batzuk beharrezkoak izan daitezke disnearen etiologia zehatza zein den jakiteko.[6]
Disnearen tratamenduan lehenengo pausua beti da disnearen azpiko kausa zein den identifikatzea eta tratatzea, hala nola biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK), asma edo bihotz-gutxiegitasuna.[1]
Oro har sintoma bronkogenikoa izanez gero, arnas aparatuan sortua alegia, bronkozabaltzaileak eta kortikoideak lehenengo aukerakoak dira.[5] Kardiogenikoa baldin bada, hau da, bihotz-gutxiegitasunak eragindako biriketako edema baldin badago adibidez, aireztapen ez-inbaditzailearekin, diuretikoekin eta poskarga (bihotzak odola ponpatzean gainditu behar duen indarra) murrizteko farmakoekin tratatuko da.[3] Kasu mistoetan bi arloetako sendagaiak erabili behar dira, eta edozein modutan arnas gutxiegitasuna egonez gero (pO2 <60 mmHg) oxigenoterapia gehitu (atsedeneko disnea dutenengan ohikoa).[5]
ORLkoetan oztopo fisikoa izanez gero kendu hantura sendatzeko kortikoideak, eta kasu larrietan, esku hartze kirurgiko azkarrak behar izaten dira, trakeotomia batzuetan.
Gaixotasun terminaletan, onkologikoak izan ala ez, opioideak mesedegarriak izan daitezke hainbat kasutan. Gure gorputzean sistetizatzen diren opioide endogenoek, endorfinek alegia, nerbio-sistema zentralean disnea sentsazioa arindu dezaketela proposatu zen 1985ean. Horren harira, duela gutxi egindako ikerketa garrantzitsu batek endorfina endogenoak antagonizatu zituen entsegu kliniko batean, eta horrek agerian utzi du opioide endogenoen eraginkortasuna disnearen tratamendurako funtsezko zutabe gisa.[7]
Jatorri psikikoa edukiz gero, antsiolitikoak eta bestelako terapiak aplikatu beharko lirateke.