Edukira joan

Bihotz-gutxiegitasun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bihotz-gutxiegitasun
Deskribapena
Motagaixotasun kardiobaskularra, zantzu klinikoa
cardiovascular system symptom (en) Itzuli
EspezialitateaKardiologia
Arrazoia(k)miokardio infartu akutu, hipertentsio, bihotzeko arritmia, alkoholismo, infekzio, heart damage (en) Itzuli
kardiopatia
Sintoma(k)arnasestua, betealdia, edema, Aszitisa
Anasarka
Azterketa medikoaekokardiografia
elektrokardiograma
Identifikatzaileak
GNS-10I50
GNS-9428.0
DiseasesDB16209
MedlinePlus000158
eMedicine000158
MeSHD006333
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Bihotz-gutxiegitasuna bihotz-muskuluak odola behar bezala ponpatzeko gaitasunik ez duenean garatzen den sindrome klinikoa da. Ezintasun horren ondorioz, gorputzeko ehunek ez dute behar duten adina odol jasotzen, eta, beraz, ez dute oxigeno eta mantenugai nahikorik jasotzen [1][2][3].

Egoera hau bihotzaren egituran edo funtzioan alterazioak daudenean garatzen da. Zehazki, bihotza odol nahikoarekin bete ezin denean edo odola behar bezala ponpatzeko ahulegi dagoenean gerta daiteke; hau da, bihotz-muskuluaren erlaxazio edo uzkurtze arazo baten ondorioz, hurrenez hurren [1][2][3].

Bihotz-gutxiegitasuna ez da gaixotasuna, baizik eta hainbat sintoma eta zeinu klinikoren multzoa [3].

Kontzeptualki bihotzak huts egiten duenean erabiltzen da; izan ere, bihotz gaixotasun guztiek amankomunean duten azken puntua da bihotz-gutxiegitasuna.

Gure inguruan hipertentsio arterialaren ondorio dira bihotz-gutxiegitasunen %75, iskemia miokardikoa izanik bigarren determinatzaile garrantzitsuena.

Gainera, bihotz-gutxiegitasuna garatzeko hainbat arrisku-faktore ere badaude. Garrantzitsuenak zahartzea, familiako aurrekariak eta osasungarriak ez diren ohiturak dira; hala nola, erretzea, alkohola edatea, kirola ez egitea edo dieta desegokia izatea [4].

Epidemiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizartearen zahartzearen ondorioz, bihotz-gutxiegitasunaren prebalentzia handituz doa [5].

Estatu Batuetan, 6,2 milioi kasu inguru daudela kalkulatu da, eta 2050erako 11,4 milioi kasura igotzea aurreikusten da [6]. Gainera, bizitzan zehar bihotz-gutxiegitasuna garatzeko arriskua %20 eta %30 artean dagoela estimatu da [5].

Espainiako Bihotzaren Fundazioaren (Fundación Española del Corazón) arabera, Espainian 770.000 pertsona baino gehiagok dute bihotz-gutxiegitasuna, eta 65 urtetik gorakoetan ospitalizazioaren kausa nagusietakoa da [7].

Bihotz-gutxiegitasun motak hainbat irizpideren arabera sailka daitezke: kaltearen kokapenaren arabera, bihotzaren funtzioaren arabera, garapenaren arabera eta sintomen larritasunaren arabera.

Kaltetutako aldearen araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerreko bihotz-gutxiegitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerreko bihotz-gutxiegitasuna eskuinekoa baino ohikoagoa da, eta ezkerreko bentrikulua kaltetuta dago.

Ezkerreko bentrikuluak ezkerreko aurikulatik odola jasotzen du. Odol hau, ezkerreko aurikulak biriketatik jaso du lehenago; izan ere, eskuineko bentrikuluak biriketara bidali du oxigeno gutxi duen odola, bertan oxigenoz betetzeko. Ondoren, odol oxigenatu hori ezkerreko bentrikuluan dagoenean, honek uzkurketaren bidez ponpatzen du eta zirkulazioaren bitartez gorputzeko organo eta ehunetara heltzea ahalbidetzen du. Horrela, gorputzeko zelula guztiek oxigenoa eta mantenugaiak jasotzen dituzte.

Ezkerreko bihotz-gutxiegitasunean, ezkerreko bentrikuluaren ezintasunaren ondorioz, honek ez du odola behar bezala ponpatzen. Ondorioz, odola biriketako odol-hodietan pilatzen da, eta horrek bihotz-gutxiegitasun mota honen sintoma nagusia eragiten du: arnasestua [8].

Eskuineko bihotz-gutxiegitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuineko bentrikulua kaltetuta dago. Eskuineko bentrikuluaren ezintasuna oxigeno gutxi duen odola biriketara ez heltzea eragiten du, eta ondorioz, hau ez da oxigenoz betetzen.

Eskuineko bentrikuluak jasotzen duen odola gorputzeko zainetatik datorren oxigeno gutxiko odola da. Ezkerreko bentrikuluaren ekintzari esker, arteriek odol oxigenatua gorputzeko ehunetara garraiatzen dute. Bertan, zelulek oxigenoa eta mantenugaiak bereganatzen dituzte odoletik, eta haien funtzioak egitean sortzen diren hondakinak odolera doaz. Zelula guztiek prozesu hau egitean, odola oxigeno kantitate oso txikiarekin geratzen da, eta zainen bitartez berriro bihotzera bueltatzen da, oxigenoz betetzeko eta prozesua berriz hasteko.

Eskuineko bentrikulua kaltetuta egotean, odola ez da biriketako odol-hodietan pilatzen, gorputzeko zainetan pilatzen da. Horregatik, kasu honetan likidoa metatuko da, batez ere beheko gorputz-adarretan (edema) [8].

Bihotz-gutxiegitasun kongestiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzeko bi bentrikuluak kaltetuta daude. Beraz, biriketako kongestioa eta gorputzeko zainen kongestioa gertatzen da.

Ejekzio-frakzioaren araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ejekzio-frakzioa bihotzak ponpatzen duen odol-ehunekoa da, eta ezkerreko bentrikuluaren funtzionamenduari buruzko informazioa ematen du. Ezkerreko bentrikulua hartzen da kontuan, hau oxigenoan aberatsa den odola aorta arteriara ponpatzen duelako, eta bide honen bitartez gorputz osotik garraiatzen delako [9].

  • Normala: %50 edo gehiago
  • Pixka bat murriztuta: %41-%49
  • Murriztuta: %40 edo gutxiago [8]

Bihotza uzkurtzean, ezkerreko bentrikuluak odola ponpatzen du (sistolea), eta erlaxatzean, hau odolez betetzen da (diastolea). Sistolean ponpatu den odol kantitatea ez da diastolean bihotzean pilatu den guztia; izan ere, sistolearen ondoren, bentrikuluaren barnean odola geratzen da. Ejekzio-frakzioak, beraz, diastolean sartu den odol kantitatetik, sistolean ponpatzen den ehunekoa neurtzen du, eta bentrikuluaren funtzioa nolakoa den zehazten du [9].

Ejekzio-frakzio murriztuko bihotz-gutxiegitasuna

Bihotz-gutxiegitasun sistoliko bezala ere ezagutzen da.

Ejekzio-frakzioa %40 baino txikiagoa da; izan ere, bihotzak odol nahikoa ponpatzeko ezintasuna du bentrikuluaren uzkurkortasunaren murrizketaren ondorioz [8].

Ejekzio-frakzio kontserbatuko bihotz-gutxiegitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotz-gutxiegitasun diastolikoa bezala ere ezagutzen da. Kasu honetan, arazoa bihotzaren erlaxazioan dago. Diastolean, bentrikulua ez da odolez behar bezala betetzen haren distentsibilitatea murriztuta dagoelako. Uzkurkortasuna, ordea, normala da. Horregatik, ejekzio-frakzioa ere normala da (%50 baino handiagoa), sistolean ponpatzen den odol kantitatea egokia delako, nahiz eta diastolean pilatu den odol kantitatea txikiagoa izan [8].

Ejekzio-frakzio ertaineko bihotz-gutxiegitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ejekzio-frakzioa pixka bat murriztuta dago, hau da, %41 eta %49 artean dago. Paziente hauek, askotan, ejekzio-frakzio murriztu batetik hobetzen edo ejekzio-frakzio murriztu batera abiatzen ari dira [10].

Garapenaren araberako sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bat-bateko agerpena dauka, sintomak larriak dira eta larrialdiko tratamendua behar du. Bihotz-gutxiegitasun akutua 65 urtetik gorako pertsonetan ospitalizazio kausa ohikoena da [11].

Garapen progresiboa dauka. Kasu honetan, sintomak motelago agertzen doaz denboran zehar.

Sintomen larritasunaren araberako sailkapena (NYHA)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sintomen larritasunari erreparatuz, New York Heart Association (NYHA) erakundeak lau maila ezberdintzen ditu [12]:

Mota Deskribapena
I Ez dago sintomarik ohiko jarduera fisikoa egiterakoan.
II Ohiko jarduera fisikoak nekea, arnasestua edo palpitazioak eragiten ditu.
III Ohikoa baino gutxiagoko jardueran sintomak agertzen dira.
IV Sintomak edozein jarduera fisikoan edo atsedenean agertzen dira.

Hipertentsio arteriala eta kardiopatia iskemikoa dira bihotz-gutxiegitasunaren kausa nagusiak. Gainera, beste hainbat kausa daude [13][14]:

Arrisku faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotz-gutxiegitasuna garatzeko arrisku faktoreak bi multzotan bana daitezke: tradizionalak eta ez tradizionalak [6].

Tradizionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku faktore garrantzitsuenak hipertentsioa, gaixotasun koronarioa, 2 motako diabetes mellitusa, obesitatea eta giltzurruneko gaixotasun kronikoa dira. Patologia hauen bat edo gehiago edukitzeak bihotz-gutxiegitasuna garatzeko arriskua areagotzen du, eta gainera, behin garatuta, pronostikoa okerragotzen du [6].

Ez tradizionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku faktore ez tradizionalak ohiko edo klasiko gisa sailkatzen ez direnak dira, baina kontuan izan behar dira, sindrome hau garatzeko arriskua areagotzen baitute [6].

Arrisku faktore hauek mekanismo konplexuagoen bidez edo zeharkako moduan eragiten dute, eta hurrengoak dira: faktore genetikoak, sexua, toxikoekiko esposizioa (adibidez, zenbait farmako), minbizia, faktore sozialak eta osasun mentala eta emozionala [6].

Bihotz-gutxiegitasuna ez da gaixotasuna, sindrome klinikoa baizik, eta sintoma eta zeinu multzo gisa deskribatzen da [3].

Sintoma nagusia arnasestua da. Beste hainbat sintoma hurrengoak dira [1][15]:

  • Nekea
  • Ahultasuna
  • Kirola egiteko ezintasuna
  • Abdomen handitua
  • Orkatilen hantura
  • Estula
  • Goragaleak
  • Jangura eza

Zeinuei dagokionez, eskuineko gutxiegitasuna egonez gero, hankak, oinak eta orkatilak handituta (edemak) nabaritu ditzake gaixoak [15]. Likido metaketa honen ondorioz, pisua azkar handitu daiteke [1].

Biriketako auskultazioan hots krepitatzaileak entzuten dira askotan.

Beste hainbat zeinu hurrengoak dira [15]:

  • Jugular zainaren presio altua
  • Hirugarren bihotz-hotsa
  • Takikardia
  • Arnas azkartzea
  • Oliguria
  • Pultsu ahula
  • Gorputz-adar hotzak

Ebaluazio klinikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diagnostikoaren lehenengo urratsa ebaluazio klinikoa da. Honetan, anamnesia eta miaketa fisikoa egiten dira.

Anamnesia pazienteari buruzko informazioa lortzeko egiten den prozesua da. Galderak eginez, diagnostiko batera hurbildu daiteke medikua, familiako aurrekariak, bizitza ohiturak eta sintomak ezagutuko baititu. Ondoren, miaketaren eta auskultazioaren bidez bihotz-gutxiegitasunaren elementu adierazgarriak aurki ditzake medikuak, hala nola, takikardia, arnasestua, bihotz-hotsak, krepitatzaileak, jugular zainaren distentsioa, edema periferikoa, gorputz-adar hotzak, likidoen erretentzioaren ondoriozko pisuaren gorakada, etab [1][13].

Proba osagarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diagnostikoa konfirmatzeko bigarren urratsa zenbait proba egitea da. Garrantzitsuenak hurrengoak dira [1]:

Kausa zuzentzen ez bada, pronostikoa txarra da, baina desberdina da etiologiaren arabera eta bihotzaren hondatze graduaren arabera. Biziraupena bihotz-gutxiegitasuna garatzen denetik bost urteko biziraupena %35ekoa da [17].

Tratamendu farmakologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etiologiaren eta sintomen arabera hautatuko dira farmakoak [1]:

  • AEBI (Angiotentsinaren Entzima Bihurtzailearen Inhibitzaileak): enalapril, lisinopril, kaptopril
  • Angiotensina II errezeptorearen antagonistak: losartan, valsartan
  • Neprilisinaren eta angiotensina-hartzailearen inhibitzaileak: Entresto
  • Betablokeatzaileak: carvedilol, metoprolol, bisoprolol
  • Diuretikoak: furosemida
  • Sodio-glukosa 2 garraiatzailearen inhibitzaileak
  • Digoxina
  • Hidralazina eta nitratoak

Tratamendu kirurgikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait kasutan kirurgia beharrezkoa izan daiteke. Honako prozedurak egin daitezke [1]:

  • Birbaskularizazio miokardikoko kirurgia
  • Bihotz-balbula baten konponketa edo ordezkapena
  • Desfibriladore kardio-bihurgailu ezargarria jartzea
  • Bihotz-birsinkronizazioko terapia
  • Bentrikulu-laguntzako gailua ezartzea
  • Bihotz-transplantea

Bizimodu aldaketetan oinarritutako tratamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatutako tratamendu aukerez gain, bihotz-gutxiegitasunaren sintomak hobetzen edo kontrolatzen laguntzen duten bizimodu aldaketak egin daitezke [1]:

  • Egunero pisatzea eta gehiegizko pisua saihestea
  • Dieta osasuntsua izatea
  • Gatzaren kontsumoa murriztea
  • Edaten den likido kantitatea kontrolatzea
  • Jarduera fisikoa egitea
  • Estresa murriztea
  • Lo egokia bermatzea

Bihotz-gutxiegitasuna eta bihotzeko beste hainbat gaixotasun saihesteko, bizimoduan eta eguneroko jardueretan aldaketak egin daitezke [6]:

  • Jarduera fisikoa egitea
  • Dieta osasuntsua izatea
  • Lo egokia bermatzea
  • Ez erretzea
  • Pisua kontrolatzea
  • Presio arterialari, kolesterolari eta gluzemiari arreta jartzea

Aldaketa hauei esker, bihotz-gutxiegitasuna eta bihotzeko beste gaixotasunak garatzea saihesteaz gain, behin garatuta haien garapena moteltzea lortu daiteke, eta horrela pazientearen bizi-kalitatea hobetu daiteke [6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 (Gaztelaniaz) «Insuficiencia cardíaca - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (kontsulta data: 2026-03-27).
  2. 1 2 (Gaztelaniaz) «Insuficiencia cardíaca y salud cardiovascular» Federación Mundial del Corazón (kontsulta data: 2026-03-27).
  3. 1 2 3 4 (Ingelesez) McDonagh, Theresa A; Metra, Marco; Adamo, Marianna; Gardner, Roy S; Baumbach, Andreas; Böhm, Michael; Burri, Haran; Butler, Javed et al.. (2021-09-21). «2021 ESC Guidelines for the diagnosis and treatment of acute and chronic heart failure» European Heart Journal 42 (36): 3599–3726.  doi:10.1093/eurheartj/ehab368. ISSN 0195-668X. (kontsulta data: 2026-03-27).
  4. (Ingelesez) «Insuficiencia cardíaca - Causas y factores de riesgo | NHLBI, NIH» www.nhlbi.nih.gov 2024-08-14 (kontsulta data: 2026-03-27).
  5. 1 2 (Ingelesez) Heidenreich, Paul. (2024-02). «Heart failure management guidelines: New recommendations and implementation» Journal of Cardiology 83 (2): 67–73.  doi:10.1016/j.jjcc.2023.10.009. (kontsulta data: 2026-03-27).
  6. 1 2 3 4 5 6 7 (Ingelesez) Lala, Anuradha; Beavers, Craig; Blumer, Vanessa; Brewer, Laprincess; De Oliveira-Gomes, Diana; Dunbar, Sandra B.; Every, Hannah; Ferraro, Richard et al.. (2026-01). «The Continuum of Prevention and Heart Failure in Cardiovascular Medicine: A Joint Scientific Statement from the Heart Failure Society of America and The American Society for Preventive Cardiology» Journal of Cardiac Failure 32 (1): 75–105.  doi:10.1016/j.cardfail.2025.06.013. (kontsulta data: 2026-03-27).
  7. (Gaztelaniaz) López, Cristina. (2025-04-24). «Objetivo 2025: Insuficiencia Cardiaca» Fundación Española del Corazón (kontsulta data: 2026-03-27).
  8. 1 2 3 4 5 de Castro, Sisinio. Manual de Patología General. , 317-325 or. ISBN 978-84-1382-278-5..
  9. 1 2 (Gaztelaniaz) «Fracción de eyección: un estudio importante del corazón» Mayo Clinic (kontsulta data: 2026-03-27).
  10. (Ingelesez) Heidenreich, Paul A.; Bozkurt, Biykem; Aguilar, David; Allen, Larry A.; Byun, Joni J.; Colvin, Monica M.; Deswal, Anita; Drazner, Mark H. et al.. (2022-05-03). «2022 AHA/ACC/HFSA Guideline for the Management of Heart Failure: A Report of the American College of Cardiology/American Heart Association Joint Committee on Clinical Practice Guidelines» Circulation 145 (18)  doi:10.1161/CIR.0000000000001063. ISSN 0009-7322. (kontsulta data: 2026-03-27).
  11. (Ingelesez) Mauro, Ciro; Chianese, Salvatore; Cocchia, Rosangela; Arcopinto, Michele; Auciello, Stefania; Capone, Valentina; Carafa, Mariano; Carbone, Andreina et al.. (2023-01-20). «Acute Heart Failure: Diagnostic–Therapeutic Pathways and Preventive Strategies—A Real-World Clinician’s Guide» Journal of Clinical Medicine 12 (3): 846.  doi:10.3390/jcm12030846. ISSN 2077-0383. PMID 36769495. PMC 9917599. (kontsulta data: 2026-03-27).
  12. (Gaztelaniaz) «Table:Clasificación de insuficiencia cardíaca de la New York Heart Association (NYHA)» Manual MSD versión para profesionales (kontsulta data: 2026-03-27).
  13. 1 2 (Gaztelaniaz) «Insuficiencia cardíaca - Trastornos cardiovasculares» Manual MSD versión para profesionales (kontsulta data: 2026-03-27).
  14. (Ingelesez) Heidenreich, Paul A.; Bozkurt, Biykem; Aguilar, David; Allen, Larry A.; Byun, Joni J.; Colvin, Monica M.; Deswal, Anita; Drazner, Mark H. et al.. (2022-05). «2022 AHA/ACC/HFSA Guideline for the Management of Heart Failure» Journal of the American College of Cardiology 79 (17): e263–e421.  doi:10.1016/j.jacc.2021.12.012. (kontsulta data: 2026-03-27).
  15. 1 2 3 (Ingelesez) Bozkurt, Biykem; Coats, Andrew JS; Tsutsui, Hiroyuki; Abdelhamid, Magdy; Adamopoulos, Stamatis; Albert, Nancy; Anker, Stefan D.; Atherton, John et al.. (2021-04). «Universal Definition and Classification of Heart Failure» Journal of Cardiac Failure 27 (4): 387–413.  doi:10.1016/j.cardfail.2021.01.022. (kontsulta data: 2026-03-27).
  16. (Gaztelaniaz) «Pruebas de péptidos natriuréticos (BNP, NT-proBNP): Prueba de laboratorio de MedlinePlus» medlineplus.gov (kontsulta data: 2026-03-27).
  17. (Gaztelaniaz) Vivancos Delgado, R.; Rodríguez Rodríguez, J. C.. (2002-05-15). «Etiología y pronóstico de la insuficiencia cardíaca» Medicina Integral 39 (10): 444–453. ISSN 0210-9433. (kontsulta data: 2026-03-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]