Arrainketariak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrainketariak
Irudia
Motalanbide
HerrialdeaEuskal Herria

Arrainketariak.  Euskal kostaldeko herrietan arrain freskoa saltzen ibiltzen ziren emakumeak dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoa zen kostaldea eta ingurunea lotzen zituzten bideetatik, askotan oinutsik hasieran,  eta buruan otarra zeraman emakume baten irudia ikustea, Arrain freskue!!! deiadarka. 

Arrain saltzaile ibiltaria edo arrainketarien lana, familiako emakumezkoen lana zen iragan mende arte, amengandik alabengana pasatuz, neskatxak oso gaztetatik hasten ziren amei laguntzen eta 12-13 urterekin jada beren kabuz salmentan.

Familiako gizonak gau osoan arrantzan aritu ondoren, egunsentian itzultzen ziren harrapatutako uztarekin. Goiz-goizetik, arrainketariak zain egoten ziren itsasertzean, txalupak merkantziaz beteak noiz iritsiko zain, gero inguruko herrietan saltzeko edo merkantzia trukatzeko.

Ontziak iritsi ondoren, arrainketariek arraina jasotzen zuten, saskietan sartu, iratzez estali hobeto kontserba zedin eta oihal batez estaltzen zuten.

Eguna argitzearekin batera, zenbat kantu, zenbat kontu eta hitz-jario arrainen truke! Kalez kale oihuka ariko ziren: antxuak, sardinak, txoriak, txitxarruak, berdelak, txipiroiak!! Edota sasoian sasoiko beste zeinahi arrain, herritarrak erostera jaisten ziren arte. Herri osoan barrena ibiltzen ziren, baita baserrialdean ere. Kale bakoitzean leku jakinetan geratzen ziren. 

Arrainketaria

Arrainak saltzeko unean aurkezpen hobea ukan zezan txirikordatua ere aurkezten zen. Buruan zama astuna zutela eta oinetako bakarrak hondatu ez zitezen oinutsik ibiltzen ziren bideetan barrena. Eta askotan, herrien sarreran, ezkutuan zeuzkaten olanak janzten zituzten, bezeroen aurrean itxura hobea emateko.

Arrain freskoa!!! oihua entzun orduko, bizilagunak beren etxeetatik ateratzen ziren, arrainketariek saldu edo trukatzeko zituzten salgaiak, hots, patata, barazki, arrautza, haragi edo bestelako derrigorrezko produktuekin aldatzeko. Arraina saskian garraiatzen zuten, bertan, bi plater eta nylonezko hariz egindako pisuak zeramatzaten, batez ere, salmenta unean kilo laurden eta kilo bat artean pisatzen zuten pisutxoak erabiltzen zituztenak. Beraien artean salmenta orduak errespetatzen zituzten.

Kalean desfilatzen ariko balira bezala ibiltzen ziren buruan oihalezko burutiaren gainean otarrea edota baldea jarrita, sekulako abileziaz, besoak libre eta zama iraultzeko batere arriskurik eta beldurrik gabe.

Arrantza handia izanez gero, arratsaldeetan ere agertzen ziren, baina gehienetan eguerdian bukatzen zuten salmenta, biharamunean berriz hasteko.[1]

Arrainketariak,  arrain salmentatik  haratago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguneroko joan-etorri horiei esker, arrainketariak kostaldeko herrien arteko komunikazio-iturri bihurtu ziren.

Etxera itzultzean, kaleko lanez gain etxeko premiei ere erantzun behar izaten zieten, hala nola, itsaski-bilketa, gatza biltzea, tresnak zaintzea edo arrantza-lanetan laguntzea izaten ziren eginbeharreko lanak. Itsasotik bizitzea oso zaila zen.

Lanbide honek une gogorrak sortzen zituen. Arrainketariek eta haien familiek maiz jasan behar izaten zuten, aste osoak iraun zitzakeen eguraldi txarrak eta denbora horretan ezin zen arrantzara joan. Beraz, ez zegoen ez salmentarik, ez dirurik, ez eta elikagairik ere etxean.[1]

Laureana Etxabe Lezoko arrainketaria

Lezon aritutako arrainketariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lezon ibilitako arrainketari gehienak sanjuandarrak ziren: Frantxiska eta Martxela Quintana, Dorotea Trecet, Frantxiska Zelaiaran, Kleta Laboa, Olegaria eta Luisa Fernanda Sistiaga ahizpak eta Ramonita Iturralde, besteak beste. Azken xamarrekoak, berriz, Felixita Korta eta Raimunda Sistiaga, Laureana Etxabe, Mikela Oliva, Juanita Manzisidor eta Enriketa Quintana, sanjuandarrak eta Bibiana eta Inaxi Arrieta ahizpa lezoarrak. Azken horiek beren etxean saltzen zuten arraina, Donibane kaleko 1. zenbakia duen Etxe Ttikin, alegia. Honen guztiaren lekukotza Laureana Etxabe zenaren alabak utzi zuen, berarekin izandako solasaldian.[1]

Goizean goiz jaikita, artean argirik gabe, Trintxerpeko arrain salmenta egiten zen moilara joan ohi ziren oinez; etxean utzitako haurtxoen kezkatan batzuetan eta irabaziko zituzten txanponekin ametsetan bestetan. Kale Nagusian leku ezin hobea zuten Alai Etxe kantoian salmentak egiteko eta inguruko emakumeen bilgune bihurtzeko.

Arrainketarien gainbehera Lezon[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboraren poderioz, ohiturak aldatuz zihoazen. Arrainketariak ere urteetan aurrera eta lehen kalez kale ibiltzen zirenak, gero, Beko Plazako alondegian prestatuak zituzten salmentarako postuetan jartzen zituzten arrainak jela gainean, iratze berdez inguraturik, fresko-fresko iraun zezaten, eta bertan egoten ziren arrainketariak ekarritako guztia saldu arte. Bestalde, herria handituz zihoan heinean eskaria ere handitzen ari zenez, arrainak saltzeko leku finkoak  irekitzen hasi ziren herriko kaleetan, arrain mota ugari eta kopuru handiak saltzen zituzten arrandegiak eta haiei aurre egitea ezinezkoa zitzaienez, ordurako bakantzen hasiak ziren arraiketayak betirako desagertu  ziren Lezoko kaleetatik.[1]

Arrantzale dantza. Ereintza dantza taldea

Arrain saltzaileak euskal folklorean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipagarria da emakume hauen jardunak euskal folklorean izan duen isla, bai dantzan, kantuan eta bertsoetan ere. Aipatzekoa da, baita ere, egiten ziren lehiaketa saioak. XX mendeko hirugarren hamarkadan Donostiako Plaza Berrian eginiko Arrain saltzaileen pregoi-lehiaketa, adibidez horren lekuko. Arrainketarien trebeziaz baliatuz bakoitzaren enkantea egiteko modua baloratzen ziren festa horietan.[2]

Lanbide berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belaunaldien arteko erreleborik ezak eta negozio-teknika berrien etorrerarekin eta osasun-araudiaren eta arrain izoztuaren agerpenaren ondorioz, lanbide tradizional honi amaiera XX mendean eman zitzaion, geroztik zenbait lanbide berri ere sortuz, esate baterako, saregileak, neskatilak eta enpaketatzaileak.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d lezokoportua. (2016-06-07). «“Arraiketayak”, kale kantoiko salmenta» Lezoko Portua (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).
  2. «Itsasontzia - Concurso de vendedoras de pescado» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).
  3. (Gaztelaniaz) r01e00000ff26d4686ba470b88326490b79e05c49, r01e00000ff26d4688ba470b82c87538902238488. (2016-11-01). «Las mujeres del mar» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-17).

 

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]