Arregi baserria

Koordenatuak: 43°06′43″N 2°31′32″W / 43.11186255°N 2.52555881°W / 43.11186255; -2.52555881
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arregi baserria
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaElorrio
Koordenatuak43°06′43″N 2°31′32″W / 43.11186255°N 2.52555881°W / 43.11186255; -2.52555881
Map
Ondarea
EJren ondarea142

Arregi edo Zubiaur Txiki Elorrion dagoen baserria da.

2008ko ekainaren 26an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arregi baserria baserri estiloko arkitektura heterogeneokoa da. Arku karpaneleko arkupea du erdialdean, XVIII. mendean egindako handitze-lanen ondorio; atzealdeko horma harlangaitzezkoa da, bao oso gutxi irekitzen dira eta XVI. mendeko zenbait elementu ditu. Barrualdean, halaber, erraz antzeman daitekeen atal bateko zutabeekin osatutako egitura bat dago, nahiko ondo zaindua: lehendik izandako dolare baten berniak. Bi isurkiko estalkia du baserriak, zeramikazko teila arabiarreko bi faldoikoa; ez du gorputz irtenik, bi tximinia izan ezik. Fatxada guztietako teilatu-hegala gutxi ateratzen da kanpoaldera. Behe solairua eta teilatupekoa ditu baserriak, nahiz eta aurrealdeko horma-artean, fatxada nagusiaren aldera, bien artean beste solairu bat dagoen. Egiturari dagokionez, orokorrean, simetrikoa da: oinplano ia karratukoa da; aurrealdea 19 metrokoa da eta alboa 20 metrokoa. Baserriaren egungo oinplanoa luzetarako lau horma-artekoa da, eta ez du zeharkako mehelin-hormarik. Baserria harlangaitzezkoa da, eta harlandua erabili da ertzetan eta ia bao guztien inguruetan.

Fatxada nagusiak hego-ekialdera ematen du, harlangaitzezko horma homogeneoa da eta estalkiarekin batera triangelu-forma osatzen da. Behe solairuaren erdian dago arku karpaneleko arkupea eta bertan dago sarrera; arkua hareharrizko harlanduzkoa da eta 1754 data ageri den giltzarria du. Arkua, bestalde, inpostaz inguratuta dago eta ertzak harlanduzkoak ditu. Arkupeak hartzen duen espazioa fatxadarekiko perpendikular jarrita dauden egurrezko habexken bidez estalita dago, eta haren azpian daude ukuilura eta etxebizitzara sartzeko bi ate dintelduak. Arkuaren bi aldeetan, behe solairuan, harlanduz inguratuta dauden leiho bana daude; ezkerraldekoa, egun, itxita dago, eta fatxadari erantsitako isuri bakarreko estalpe txiki baten barruan dago. Goiko solairuaren erdialdean, arku karpanelaren gainean, harlanduz inguratuta dauden bi leiho bertikal irekitzen dira, idulki ildaxkatua dutela; bi ertzetan, bao bana dago, harlanduz inguratuak, dekoraziorik gabe eta biak desberdinak dira, bai forman, bai altueran, bai kokatzeko moduan. Erdialdean eta gailurretik hurbil, aireztatzeko bi bao txiki daude; duela nahiko denbora gutxikoak dira eta harlangaitz-hormaren zati batek gerora itxi delako itxura du. Fatxada kolore zuriz emokatua dago, eta harlangaitz-horma nabarmendu egiten du.

Ipar-mendebaldera ematen duen atzealdeko fatxada harlangaitzezkoa da, ez dago entokatuta, eta harresi, itxi itxura du; zenbait elementu izan ezik, erabat itsua da horma. Behe solairuan, gezileiho tanketarako hiru bao daude, egun itxita; oso bertikalak dira eta harlanduz inguratuta ageri dira. Gezileiho tankerako bao horiek, ohi ez bezalako estuak eta luzexkak, baliteke, garai batean, muztioaren hartzidura garaian barrualdea aireztatzeko izatea. Goiko pisuaren erdialdeko zatian, bi bao txiki daude. Bata, fatxadaren erdialdeko ardatzaren ezkerraldean, harlanduzko harri bakarreko leihoburuduna, arku konopialaren forman birzizelkatua; bestea, eskuinaldean dago, gezileiho modura. Elementu horietan nabarmenak dira zizel diagonaleko lanak.

Hego-mendebaldera ematen duen fatxada altuera txikia izango balu bezala ageri da; bertan, baserriko behe solairuan, zenbait bao irekitzen dira, garai desberdineko harlanduz inguratutako baoak eta inguratu gabeko baoak txandatuz. Erdialdean, ate txiki bat eta eranskin txiki bat ditu; baliteke, garai bateko sukaldeko labea izatea. Teilatupekoaren eta behe solairuaren artean, lerroan elkarren ondoan jarrita, bost harburu ageri dira kanpora irtenda; teilatupean, aldiz, ez dago baorik, baina paramentuan zenbait aldaketa egin dira.

Ipar-ekialdera ematen duen alboko fatxada, egun, ez da gehiegi nabarmentzen; izan ere, baserriko lurzoruaren eta errepide-trazaduraren artean alde handia dago eta fatxadak altuera txikia du; horma horretan, aparteko berezitasunik ez duen bao bat irekitzen da, baina, beheko solairuan, egun lurrak estali dituen bao gehiago egon daitezkeelako susmoa dago.

Baserriaren barrualdeari dagokionez, honela laburbil daiteke: batetik, aurrealdeko horma-artea, arkupea dagoen tokia, eta bertan daude alboko bi gelak eta goiko aldean bizitokia; eta bestetik, gainerako baserri-zatia, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen dena eta luzetarako lau horma-artean antolatua. Behe solairuko portalearen pare-paretik barrena sartzen da ukuilura; azaleraren zati handiena hartzen du, erdiko eremua eta eskuinaldekoa, hain zuzen; ezkerreko aldean, Elorrio, garai bateko sukaldea eta berria daude, eta hego-mendebaldera ematen du. Goiko pisua, aurrealdeko horma-artearen zati hurbilena izan ezik, larrea gordetzeko erabiltzen da eta espazio zabal bakarra da. Egurrezko egitura nagusia nabarmentzeko modukoa da, sagardoa egiteko dolarea osatzen zuten zenbait elementu daude, gailurreko ardatzean dauden garai bateko dolarearen berniaren atal bakarreko zutabeak, ere bai. Nabarmentzeko modukoak dira, halaber, ohol bertikalekin egindako itxitura baten zatiak; litekeena da, garai bateko fatxada baten itxitura izatea; egun, baserriaren teilatupekoaren zati dira. Beste elementu batzuk aipatzea ere merezi du: besoak, oin zuzenak eta horien loturak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa