Atari:Euskara/Euskara

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskara
Euskal Herrian euskaraz mintzatzen diren eremuak eta euren batez besteko portzentaia erakusgarri duen mapa ikusgai.

Euskara (beharbada aitzineuskaraz: *enau(t)si [esan] + -(k)ara [era][4]) euskaldunek hitz egiten duten hizkuntza da; Euskal Herriko hizkuntza. Hitz elkarketako lehenengo osagaia denean, euskara hitzak euskal forma hartu ohi du: euskal idazle, euskal literatura, euskal abeslari, eta abar. Euskararen eta euskarazko kulturaren aldeko jarduerari, berriz, euskalgintza deritzo; eta euskal hizkuntzalariren sinonimo da euskalari (euskara aztertzen duen hizkuntzalaria).

Gaztelania eta frantsesarekin batera, Euskal Herrian mintzatzen diren hizkuntzetako bat da, jatorrizkoa, gaur egun egoera gutxituan dagoena. Euskara ez dago philum indoeuroparraren barruan sailkatuta, eta Europako mendebaldean izan zen hizkuntza-familia baten azken arrastotzat hartzen da.

Antzina, Errioxan, Kantabrian, Burgosen, Huescan eta Zaragozan ere hedatuta zegoen, eta Akitanian eta Erdialdeko Pirinioetan ere bai.

Iberiar Penintsulan bizirik dirauen erromatarren aurreko hizkuntza bakarra da euskara. Gutxitze prozesu gogorra jasan du, etenik gabe lurraldeak eta hiztunak galduz. Nafarroa Garaian bereziki, prozesu hori nabarmena da. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, hainbat intelektual eta politikariren eraginez (Arturo Kanpion, Sabino Arana...) nolabait biziberritu zen, abertzaletasunari estuki loturik. Frankismoan (1936-1977) jazarpen latza pairatu ondoren, XX. mendearen erdialdetik aurrera hasi da indartzen, idatzizko estandarizazioari dagokionean, batez ere.

1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu zuen, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskadiren berezko hizkuntza izendatu eta gaztelaniarekin batera ofiziala egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (Trebiñuko Konderrian eta Villaverde Turtziozen izan ezik). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (eremu euskalduna) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (eremu mistoa), onarpen maila txikiagoa eta traba handiagoak ditu. Nafarroa hegoaldean (eremu ez-euskalduna), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herriari dagokionez, euskarak ez du Administrazio erakundeen onarpenik: hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.

XX. mendean, euskara batua sortu zen, euskalkiek dakartzaten ulermen arazoak gainditzearren eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari erantzutearren. Gaur egun, hizkuntza koofiziala da Euskal Herriko lurralde batzuetan. Hedabideetan, ikaskuntzan, administrazio publikoetan eta aisian erabiltzen da, lurralde eta eremuen arabera gorabehera handiak dauden arren.


...gehiago irakurtzeko, sakatu hemen